Itzea Urkizu Arsuaga

Tribuaz

Berez, gaur hasi nahi nuen esaten azken hilabeteotan lagunen falta sumatu dudala. Aspaldiko giro eta talde sentsazio hori; ama izan aurreko garaia, edo pandemia aurreko garaia, edo biak batera. Baina, bai, aitor dezadan malenkoniatsu ibili naizela uda amaieran, pentsatuz, nahiko nukeela nire egungo zirkulu sozialaren nukleoa niri lotuago egotea. Eta ez, hainbeste, nire bikotekide gizonezkoari.

Gurea kuadrilla kaotikoa zela, desastrea ginela, horixe uste nuen lehen. Oso bestelakoa zela harremantzeko modua, gainerako emakumeen kuadrilla gehienetan. Ahizpatasuna eta lagunarteko zaintza luza zitezkeela 30 urtetik gora. Baina, gero, pasatzen dira urteak, ezagutzen duzu jende berria, hizketan hasten zara eta, hara! Konturatzen zara, adinean gora joan ahala, atomizatu egiten dela neska talde asko, eta haien bikote heterosexualen zirkulu sozialetan aglutinatu. Ezer orokortu gabe, gure tribua dela lausotzen dena, alegia, haienak ia-ia bere horretan –are, indartsuago– jarraitzen duen bitartean. Ze kasualitatea.

Hala tokatuko balitzaigu bezala, guri, emakume heterosexualoi. Ligatzeak, desioak, maiteminak eta bizi proiektu bat abiarazteak berez ekarriko balute bezala, gure pertenentzia sentsazioaz pixkana ahazten joatea. Horretara ohitu beharko bagenu bezala, haurrak eskolara nola: egokitu, halabeharrez.

Ederra oximorona, egunotan etxean bizi dugun atmosfera hizpidera ekartzeko. Enegarren ikasturte hasiera niretzat, lehen ikasturte hasiera guretzat. Kontatu ziguten, bihurgunez josia eta malkartsua izan zitekeela bidea, baina, tira, egokitzapen aldiak mamu asko dituela ere gehitzen zuen zenbaitek. Etxean baino hobeto pasatzen dutela haur eskolan; gurasoak atetik irten orduko ahazten direla disgustuaz, jolasean hasteko.

Kuadrilletan bezala, hemen ere askotarikoak izango dira kasuak; ez da hori gehien arduratzen nauena. Benetan inporta zaidana da, erabat normalizatu dugula –banalizatu ez esatearren–, urtebeteko haurrak egunero eskolan negarrez gelditzearena; horretara ohitu beharko balute bezala. Sufritzen ikasi beharko balute bezala, beren tribua akaso noizbait disolba litekeen momenturako. Badakizue, «ez dago besterik», «jarriko dira»; eta hala da, ez dago besterik.

Baina, egia zera da: nik barrua zulatzen didan min hau zutabe batean inoiz ondo deskribatu ezingo dudan bezala, haur batek ez duela sekula ulertuko –ezta hezitzaileak esne-mamitan edukita ere–, gehien maite dituen besoek zergatik uzten duten ezezagunez inguratutako gela polit batean. Zergatik galtzen duen, sartu-irten batean, orain arte zuen pertenentzia sentsazio guztia.

Egiazki, gaur hasi nahi nuen esaten, lagunen falta sumatu dudala azkenaldian. Akaso, kontatu nahi diedalako gertatzen ari zaidan hau guztia, ataka honetan eta beste hainbatetan jartzen gaituen bizi antolamendu hau elkarrekin zalantzan jarriz. Akaso, nire tribua berriz elkartu nahi dudalako. Akaso, badakidalako, noizbait atomizatu baldin baginen ere, behar dudanean zainduko nautela beren modura. •