Antton Izagirre

Bidegabea izan zen

Urriko bi gertakari, memorian ez galtzeko. Bata, urriaren 12koa. Madrilgo eskuin agintariek Estatu Batuetara eginiko bidaiaren berotasunean, harrokeriaz gogorarazi berri digute Espainiak Ameriketako jatorrizko herri indigenen aurka egindako menderatze eta sarraskiak bidezkoak eta txalogarriak izan zirela. Lurralde konkistatu eta kolonizatu haien egungo garapenaren autoretza aldarrikatzea nahikoa ez eta, bizirik irautea lortu duten herri haiek beren oinarrizko eskubideen alde daramaten borroka gutxietsi eta mespretxuz estali nahi izan dute.

Horrela idatzi izan dute mendez mende alde bakarreko kontaketa faltsutua, guztioi urriaren 12ko jaiaz urtez urte inposatzen digutena.

Euskal jatorriko konkistatzaileak tarteko, Espainiako erresumak eta armadak Ameriketan sustraitu zuen su kolonizatzaile hark bizirik dirau gaur egun ere. Barneko mugetan, katalan, euskal eta galiziar herrien aurkako, hizkuntza, kultura eta politika kolonizatzaileak horren lekuko.

Bidegabea izan zela eta izaten ari dela ezin ahaztu eta isildu.

Bestea, Aieteko Konferentziaren eta behin betiko su-etenaren 10. urteurrenekoa. Horretan ere aldebakarreko errelatoa inposatzeko dagoen tentaldia begi bistakoa da. Enegarrenez Urkulluk, alde bati bakarrik, eginiko minaren aitortza eskatu dio. Bidegabea izan zela esan dezan.

Enegarrenez, errelatoa abantaila politikoa lortzeko erabiliz, bere gobernuko alderdikideen eta bere alderdiaren erantzukizunpean eginiko eskubide urraketak, izan heriotzak, torturak, mehatxuak, bonba bidalketak, urrunketak... ahaztu eta isildu egin ditu.

«Zer dio ixiltzen denak/ ixiltzen denean», galdetzen digu Mikel Laboaren kantak, eta ondoan errepika: «Gure hitzak/esan berriz esan/ ez daitezela ahaztu/ ez daitezela gal». Esan Urkullu, esan, beste hori ere bidegabea izan zela, esan; memoria osoa ez dadin ahaztu, ez dadin gal. •