Iker Barandiaran

Sinismenaren industria

Duela gutxi bizilagun baten hiletara joan nintzen eliza batera. Ez daukat, publiko izaera hartu nahi eta narru eta jazarpen handiz lortu duen, eremu pribatu horietara sartzeko ohiturarik, baina hildakoaren eta nire familiaren hurbiltasunagatik egin nuen aspaldiko partez “ohitura apurketa” hori. Bada, gorpua eliza barrura sartzean, abadeak izugarrizko begirakunea egin zidan. Zer pentsa eman zidan eta horregatik jarri naiz idazten. Ez naiz ni elizak erretzea eskatzen duen horietarikoa; izan ere, eraikin horiei bestelako erabilera ematearen aldekoa naiz. Horra hor, esaterako, Bilborock, Azpeitiko San Agustin zein Arrasaten dagoeneko salgai dagoen San Frantzisko eliza, besteak beste.

Era berean, baditut beren seme-alabak bataiatuak eta jaunartzea eginda dituzten hurbileko lagunak ere, nahiz eta guztiok bizitakoa eta ikusi dugun guztia ikusita eta are gehiago XXI. mendean, erabat ‘kitsch’ iruditzen zaidan praktika horiekin oraindik jarraitzea. Hala ere, errespetatzen ditut, jakina, kristauak, musulmanak, budistak edo bestelako sinesmenak dituztenak bezala, ez gehiago eta ez gutxiago.

Baina ezin dudana jasan da ohitura edo jazarpenagatik belaunaldiz belaunaldi eliza jakin honetan –katolikoan– umetan sartu gintuztelako, Espainiako estatuan haien kide garela aintzat hartu eta, horren ondorioz, Eliza katolikoa deritzon enpresa pribatu erraldoi horrek Estatuaren aldetik halako laguntza, salbuespen eta babes itzela jaso izana, Estatu akonfesionala dela alde batera utzita. Ez da bidezkoa, eta ez dut nahi ni horren erantzule (txikietako bat) izatea.

Argudio ugari ditut Eliza katolikoaren (eta beste elizen) kontra, eta horregatik erabaki nuen ez nuela inola ere horren parte izan nahi. Umetan apuntatu ninduten, bale, baina ez dut haiekiko inolako hurbiltasunik, kontrakoa: gehiago da haiengandik aldentzen eta desberdintzen nauena.

Sinbolikoa da, badakit, ni bakarrik Elizako erroldatik ezabatzea, baina niretzat egin beharrekoa zen; eta hala egin nuen. Eta nire moduan gehiagok egingo balute, asko izango ginateke, eta horrela hasten dira mugitzen/aldatzen gauzak.

Nire herriko parrokoari bataio agiria eskatu nion –nik ez nuen trabarik izan, baina emango ez dizutela uste baduzu, esan ezkondu egingo zarela–; horren fotokopia konpultsatu bat nirekin gorde nuen; Apostatar.org webgunetik sinatzeko inprimakia deskargatu eta bete nuen; eta NANaren fotokopia konpultsatu. Eta jarraian gutun azal batean Gipuzkoako Gotzaindegira honakoa bidali nuen: bataiatze agiri originala, Apostatar.org webguneko inprimakia beteta eta NAN fotokopia konpultsatuta.

Aste batzuk itxaron ostean, halako batean, Gotzaindegitik dei bat jaso nuen. Donostiara joan eta apostatatzeko nire arrazoiak emateko hitzordua hartzea eskatu zidaten. Aukeratu nuen eguna eta hara jo nuen. Jaieguna zen eta umeak –oraindik txikiak– eraman nituen nirekin. Gotzaindegiko ordezkariari –ez nuen Munilla ikusi!– ez nizkion Eliza katolikoaren gehiegikeriak zerrendatu –nahiz eta merezia duten–, baina azaldu nion ez neukala haien enpresarekin inongo zerikusirik. Onartu zuten eskaera, eta kalera irten nintzen. Martxoak 8 zen eta egina nuen apostasia: emakumeengatik, umeengatik eta niregatik!

Askorentzat –agian gehiengoarentzat– ez bururik eta ez hankarik ez duen errolda baten parte gara, eta horri esker mendeetan izan duen botereari eusten dio Eliza katolikoa deritzon enpresa pribatu batek. Nik oso argi daukat; eta zuk? •