Maider Iantzi Goienetxe

Buzoia

Egunero begiratzen dut buzoia, ez posta elektronikoa, baizik eta fisikoa, ukitzen ahal dena. Ilusio puntu batekin irekitzen dut gainera, opari baten esperoan bezala. Nahiz eta ia beti hutsik aurkitu, emozio horrek ez dit alde egiten. Haur eta gaztetxotan izaten nuen irrika ekarriko dit gogora beharbada. Kaxa batean jasoak ditut postal eta eskutitzak, bertze mundu batekoak baina nire-nireak.

Azkenaldian bidali ere egin ditut gutun batzuk, herdoilak hartuta dagoen betiko buzoian utzita, haur baten pozarekin, paperaren gainean irudimena hustuz, postontziaren ahoa behin eta berriro zabalduz gutun-azala ongi sartu dudan egiaztatzeko. Erritu magiko batean. Baina zutabe hau idazten ari naizela ohartu naiz ez zaidala bat bera ere bueltan etorri, ez behintzat buzoira.

Ez dut nostalgiarik nahi, komunikatzeko moduez gogoetatu bakarrik. Elkarrizketa da kazetaritza generoetan maiteen dudana; exijenteena ere bai. Elkarrizketatuarekin konektatzea gustatzen zait, gainerako guztiaz ahantzi eta gai batean sakontzea. Hori egiteko aukera dudanetan biziberrituta ateratzen naiz; arnasaz beteta eta sortzeko gogoz.

Gero eta gehiago solastatu eta gero eta guttiago aditzen dugula komentatu zidan elkarrizketatu batek. Ez dakit. Egia da gai batetik bertzera saltoka ibiltzen garela. Ez diot gaizki dagoenik, baina sarri azalean gelditzen gara. Batzuetan, bakarrizketa-lehian aritzen garen sentipena ere badut, elkar zapalduz, ahotsa altxatuz, solasaldian espazio gehiegi okupatuz. Eztabaida, ezadostasun eta kritikak maneiatzeko ditugun zailtasunek ere zerbait adierazten dute.

Badakit aditzen? Nori aditzen diot? Nori ez? Eta nori solastatu?

Orain aunitz aritzen gara ‘enpatiaz’. Lehen ez genekien zer zen ere. Orokorrean aitzinera goazela uste dut; beren hauskortasunean komunikazio hariak hobeak dira. Halere, gustura hartuko luke nire buzoi bakartiak bisita bat. Plazer baduzu, helbidea utziko dizut. •