Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Benetan

Ni dinosauro bat nintzen lehen», esan zidan. Lantokian emakumeez eta, orekaz eta lana egiteko moduez ari ginen. Nire bigarren eguna zen lantoki berrian. Hogei minutu baino ez ziren elkar ezagutu genuela. Zuzendaritzako kargu garrantzitsuenetako bat zuen, ia berrogei urteko eskarmentua eta esperientzia handikoa zen, arrakastatsua, paperean behintzat. Autoerrekonozimendua, autokritika eta irekitasuna estimatzekoak dira beti eta eroso sentiarazi ninduen elkarrizketan. «Eta zer egiten duzu ezberdin orain?», galdetu nion. Nahiz eta benetan galdetu nahi niona honakoa zen: «Nola sinetsi dezaket orain ezberdina zarela eta erretolika bakarrik ez dela, itxurakeria hutsa, politikoki zuzena, hori delako etikoki esatea tokatzen zaizuna? Nola konbentzitu nazakezu ni eta hemen gauden beste guztiok?». Baina hogei minutuek frenatu ninduten.

Erantzun konbentzigarria eman zidan, inteligentzia emozionala bazuela nabaritu nuen eta “benetan” aldatu nahi zituela gauzak esan zidan, “benetan” hitza nola esan zuen, aurpegiko keinuak, gorputzaren mugimenduak, denak sintonian zetozen. Sinetsi egin nion.

Akaso, orain arte bidean sinesgarritasun gutxiko jende asko ezagutu dudalako garatuko zitzaidan sinbiotikoki erantsita daramadan mesfidantza hori. Esatea erraza da, baina esaten duzun hori benetan sentitzea beste urrats bat. Sentimendua komunikatzea beste bat. Eta hortik, benetako ebidentziarekin gauzak egitea beste urrats handiena. Horregatik kontziente naiz agresio pasibo hori ateratzen zaidala antzeko egoera guztietan. Berak nabaritu zidan. Banekien. Baina ez zitzaion axola izan. Bazekien zergatik egiten nuen hori. Hogei minutu bakarrik baziren ere elkar ezagutzen genuela, zilegitasunaren lizentzia emana zidan edo hartua nuen, edo biak.

Egun berean TED talk batean intrapeneur bat ezagutu nuen, Gib Bulloch. Beharrezkoa entrepeneur eta intrapeneur-en arteko desberdintasuna argitzea. Lehenengoak arrakasta indibiduala lehenesten du; bigarrenak enpresa bateko baliabideak berrikuntza edo ekimen eraldatzaileak sortzeko erabiltzen ditu. Pasioz sinesten du Bullochek negozioek eta lan egiteko moduek gizartea aldatu dezaketela; erantzukizun indibidualaz ari da, enpresetan behar ditugun gaitasunez, lana egiteko moduak aldatzeaz. Norberaren helburu edo xedearen testuinguruan, zentzurik idealena lortzeko. Garatu gabeko lurraldeetako jendeari jende esperientziadunaren denbora eta ikuspegia bideratu zien. Kobratu gabe. Eta emaitza miresgarriak lortu ditu. Ongizatea, oreka, ahalduntzea eta kontzientziaren eragina behin eta berriz azpimarratu zituen. Gizartea, enpresa eta norberaren triangelu horretan, balio duena ez da bakarrik zer egiten dugun, baita nola egiten dugun ere.

Gauza asko azpimarratuko nituzke baina gauza batekin atera nintzen. «Benetako aldaketa egin nahi badugu, hogei urte zuzendaritzan daramatzatenek ezin dute hau egin», esan zuen kategorikoki. «Gauza batzuk ezin dira egun batetik bestera aldatu eta tamalez hau horietako bat da». Benetako aldaketa. Benetakoa.

Zer garrantzia duten ñabardurek. Inspiratuta eta aldi berean gogaituta atera nintzen saiotik. Aldaketarekin bakarrik konformatzea tokatzen al zaigu? •