Iñaki Sanz-Azkue

«Soldanella villosa», altxor bat ur negarrean

Ur tantak hosto biribilen gainean. Jausten dira, mantso, baina modu jarraian. Harri ilunak nabarmentzen du landarearen kolore berdea. Asko dira horma hezean zintzilik daudenak; bai hostoak, bai ur tantak. «Soldanella villosa»-k ikusi ditugu ur saltoan. Ur negarrean bustita. Aurrean dugu mundu osoan Euskal Herrian eta Kantabrian baino aurkituko ez dugun altxor txikia.

«Soldanella villosa» loretan, Urumeako Kartola errekan. Atzealdean hosto borobilduak, txorten iletsuarekin.
«Soldanella villosa» loretan, Urumeako Kartola errekan. Atzealdean hosto borobilduak, txorten iletsuarekin. (Iñaki Sanz-Azkue)

Ur saltoaren magalean, horma bustiaren erdian, goroldio artean… hasiera batean ez du arretarik deitzen Soldanella villosak. Esan dezagun itxura nahiko arrunta duela landareak. Hosto borobilak eta berdeak, txorten iletsu eta luze baten gainean jarriak, aterki baten gisara. Hortik izena: Soldanella, txanpon txikia, eta villosa, iletsua. Borobil formako hosto horiek multzoka ateratzen dira, sustrai sistema beretik, errosetan.

Arrunt itxurakoa izanagatik, ordea, Soldanella villosa landarea ikusteko ez da aukera askorik mundu osoan. Izan ere, Euskal Herriko eta inguruetako landare endemikoa da. Alegia, paraje hauetan baino ez dugu aurkituko. Baina erne! Euskal Herrian bertan ere, bere banaketa ez da oso zabala. Izan ere, harkaitz silizeoak ditu gustuko: eremu azidoak. Hala, Nafarroa iparraldean eta Gipuzkoa ekialdean ditu bere populazio oparoenak: Leitzaran, Urumea, Artikutza, Bertiz, Belate eta Aritzakun-Urritzate-Gorramendi inguruan. Lapurdin eta Nafarroa Beherean ere topa daiteke, bai eta Bizkaia mendebaldean, Zuhaiztieta inguruan, eta Kantabriako eremu txiki batzuetan ere. Azken horietan, ordea, landareak banaketa oso murritza du. Hargatik, babestua ere badago mundu mailako IUCN eta Europa mailako Habitat Zuzentarauaren barruan, bai eta Euskal Herri mailan ere.

Harria eta ura

Soldanella villosa ikusteko gune aproposenak 70 eta 970 metro arteko altuerako erreka inguruak izan ohi dira. Urak eta harkaitzak bat egiten duten tokiak. Ikus daitezke, esaterako, ur saltoetan, ur tantek landareen hostoak zipriztintzen dituzten gunean, edo bailara sakon eta ilunetan ohikoak diren erreka ertzetako harrizko horma naturaletan. Hor, ur negarrean, ura harritik behera irristatzen den gune horietan, du Soldanella villosak bere bizilekuetako bat. Horietatik kanpo, ordea, badira iturburuetan populazio handiak dituzten errekak. Horietan zein hezegune, zohikaztegi eta lintzuretan lurrean bertan egon ohi da landarea. Iturburuen kasuan, batzuetan, dentsitate handietan.

Errekekiko eta horien inguruan dauden habitat ezberdinekiko duen mendekotasunak zaurgarri egiten du bertan gerta daitezkeen aldaketekiko. Urumea bailaran, esaterako, gero eta ugariagoak dira eukalipto landaketak landare berezi hau aurki daitekeen erreka eta errekasto inguruetan. Erreka ertzeko basoaren kudeaketa txar batek, esaterako, eragin zuzena izan dezake Soldanella villosaren populazioengan.
Bada beste faktore bat ere oraindik ikertu ez dena, baina erreka inguruetako basoekin lotura izan dezakeena. Izan ere, errekan egon daitekeen hildako egurraren presentziak edo absentziak landareen etorkizunean eragin dezake. Arraroa badirudi ere, errekako egur hilen eta Soldanellaren ugalketaren artean badelako lotura bat…

Ugalketa bereziko landarea

Eskolan zein etxean, ugalketa sexualaren eta asexualaren arteko ezberdintasunak azaltzeko, sarri jo izaten dugu kanpoko espezieen ereduak jartzera. Euskal Herrian, ordea, badira ereduak, interesa eta gertutasuna sortzen dituztenak. Horietako bat da erreportaje honetako protagonista den landarea.
Soldanella villosaren hosto biribilak iturburutik edo erreka ertzeko horma batetik errekara erortzen direnean, bidaia interesgarri bat hasten dute uraren indarrak lagunduta. Izan ere, Soldanellaren hostoa ur behera joango da, baina gerta daiteke, punturen batean geratu, erreka ertzeko lekuren batean gune on batean bere burua aurkitu eta hor berriz ere sustraia botatzea. Hala, errekan behera joandako landarearen hosto horretatik beste landare bat sortuko da, iturburuan zegoen horren kopia izango dena genetikoki. Ugalketa asexuala da kasu honetan landareak baliatu duena, begetatiboki ugaltzen delako.

Adibide horren antzekoak ikusi izan ditugu Urumea bailarako errekastoetan. Interesgarria da ikustea, ordea, Soldanella horiek aurkitzen ziren leku batzuetan, inguruan hildako egur asko zegoela. Ez da harritzekoa, izan ere, errekan egur hilak presa txikiak sortzen ditu, landareak bizileku dituen erreka malkartsuetako uraren abiadura leuntzen dutenak, eta hala, espezie endemikoari bertan bizi berri bat aurkitzeko aukera ematen diotenak. Egurrik ez balego, hostoak behera egingo luke, eta harentzat aproposa den gune bat aurkitzeko zailtasun gehiago izango lituzke ur behera, ibai handietatik gertuago. Frogatua ez badago ere, beraz, egur hilak ere jokatzen du bere papera ugalketan. Hala, zuhaitz landaketa asko dagoen erreka ertzetan, egur hilik apenas ez den lekuan, negatiboki eragingo al du horrek landarearengan?

Lore moreak ur saltoan

Ugalketa begetatiboa, alabaina, ez da duen aukera bakarra. Sexualki ugaltzeko gaitasuna ere bai baitauka. Landare batzuetatik txorten finak eta luzexkak (gara izenekoak) atera ohi dira zerurantz, eta haien puntan more edo arrosa koloreko loreak loratzen dira. Udaberriaren etorrerarekin ikus daitezke Soldanellak loretan. Hosto berde eta harkaitz ilunen artean, lore moreak izango dira intsektuak erakartzeko erabiliko dituztenak, hala, euren polena hartu eta beste landare batera eramateko. Hortik sortuko dira gero haziak, aurretiko landarearekiko genetikoki ezberdinak diren landare berriak emango dituztenak. Ugalketa mota honek dibertsitate genetikoa areagotuko du populazioan. Lorea botako duten landareak, baina, oso urriak izaten dira. %85-90ak ez du egingo. Ugalketa asexuala da, beraz, ugariena.

Hargatik, agian, landare berezi hau ezagutzen duenak badaki loraturiko Soldanella estimatzen. Banaketa txikiko landarea ez ezik, lore urriko espeziea ere badelako.

Ezagutzan sakontzeko beharra

Soldanellaren banaketa txikiak bultzatuta, eta bertako espezie endemikoa izanik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak hainbat lan egin ditu egundaino espezie honekin. Egin zituen bere banaketa eta dentsitatea ezagutzeko lanak Euskal Herriko hainbat eremutan, eta egun, Europar Batasunaren aginduei jarraituz eta Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskariz, Soldanella villosaren hainbat populazioren jarraipena egiten ari da Hego Euskal Herrian. Lan horietan, sei urtetik behin, aukeraturiko populazio jakinen kontserbazio egoera begiratu nahi du administrazioak: banaketa eta dentsitatea, besteak beste. 2021-22an egin zuten azken laginketa EAEn. Nafarroan, 2019an.

Europar Batasunaren Habitat Zuzentarauan azaltzen den espeziea izanik, herrialdeak derrigortuak daude bertan izendatzen direnen jarraipena egitera. Hala, sei urtetik behin horien egoera orokorraren berri izango da aukeraturiko hainbat populazioren jarraipenari esker.

Txikia, baina beharrezkoa

Erreka ertzeko horma bustia koadro eder baten modukoa da. Iltzatuak ditu begiak ikertzaileak. Paretari bere osotasunean begiratuta, berdetasunaren erreinuan, landare guztiek berdinak dirudite. Begirada horman murgilduta, ordea, hasten dira azaltzen desberdintasunak. Formek, koloreek, usainek… euren lekua eskatzen dute gizakiaren zentzumenen munduan eta erakusten digute zentimetro karratu bakoitza aniztasun ikaragarria duen mundu txiki bat dela.

Soldanella hormak osatzen duen margolan ederraren parte da. Bizitzaren dibertsitatearen, biodibertsitatearen, irudikapen txiki bat baino ez da errekaren aldameneko harkaitz bustia. Eta hor, beste landare, goroldio, ornogabe eta abarren artean, Soldanella villosa ezinbesteko osagaia da koadroaren pintzelada txikienak ere garrantzia duelako bizitzaren konposizioan.