Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Apokalipsia

1973ko abenduan, britainiar Gobernuak Erregaiak eta Elektrizitatea Kontrolatzeko Legea onartu zuen. Bertan xedatzen zuen, beste neurri batzuen artean, hiru eguneko lanastea. Energia iturrien murriztapenak eta inflazioa ziren garaiaren ezaugarri nagusiak eta ekoizpenaren martxa gutxituta, krisiari aurre egitea zen orduko gobernu kontserbadorearen asmoa.

Erresuma Batuan, gainera, energia iturri garrantzitsua zen oraindik ikatza eta meatzariek, inflazioari aurre egiteko, grebara jo zuten urtarrilean. 1974ko lehen asteak kalapitatsuak izan ziren baina iritzi publikoa gobernutik aldentzen joan zen eta otsaileko hauteskundeetan laboristek lortu zuten ordezkari gehien. Kontserbadoreek herrialdea grebalarien eta erradikalen eskuetan uzteko arriskua azpimarratzen zuten bitartean, laboristek langile familien interesen babesa nabarmendu zuten eta, urrian hauteskundeak errepikatu zirenean, garaipen zabala lortu zuten.

Erregairik gabeko gasolindegiak, inflazio azeleratua, elektrizitatearen erabileraren murrizketak... Badira zenbait ezaugarri orduko egoera eta oraingoa erkatzea ahalbidetzen dutenak. Baina badira beste bi ezaugarri, erabat ezberdinak egiten dituztenak. Lehena, Erresuma Batuan negua zela ordukoan eta orain, dirudienez, inoiz ez bezalakoa den baina hemendik aurrera errepikatuko den uda bereziki bero eta lehorrean gaudela. Bigarrena, ez dela ikusten inondik inora greba handi baterako zerumugarik.

Herritarren zati handia galduta gaude. Egoera klimatiko eta energetiko ezin okerragoa marrazten duten komunikabideek eta ikerketek larrituta eta mobilizatzeko gaitasuna oso txikia dela eta kezkatuta. Zein puntutaraino da uda honen irudi apokaliptikoa enegarrenez langileok shock egoeran uzteko eta gure aurkako neurriak hartzeko estrategia? Izan ere, ekologian urteetan zailduta dauden militanteek denbora daramate horrelako egoera etor zitekeela azpimarratzen. Baina botereak mezu hori bere egin duen unean, iparra galdu dudala iruditzen zait, zerbait eskapatzen zaidala.

Badirudi, oraingoan, gure erosahalmena gutxitzea erabaki dutela boteretsuek. Inflazioa ez duela kapitalismoaren ohiko garapenak ekarri, baizik eta erabaki hertsiki politikoa dela. Boteretsuek ez omen gaituzte behar, berdin-berdin zaie herrietan bizitzea gero eta garestiagoa izatea eta etxebizitza bat (alokairuan zein jabetzan) edukitzeak gure soldataren gero eta zati handiagoa hartzea. Berdin zaie gure herriak lehortu edo urpean geratzen diren.

Gainera, 2030 Agenda delakoaren helburuak hezkuntza sistemako legedian esplizituki txertatu izanak erakusten du ekologismoaren eta berdintasunaren erretorika ikasleek barneratzea sistema politiko-ekonomikoa zalantzan inoiz ez jartzearekin uztartu nahi dutela. Urteetan sistemari aurre egiteko erabili diren terminoak erakundeek monopolizatu dituztenetik erantzukizuna herritarron esku utzi dute, boteretsuek arazoekin inolako zerikusirik ez balute bezala. Gure apokalipsia ontzat ematen dutenen aurrean, ordua da mahaigaineratu dezagun boteretsuen apokalipsia martxan jartzea beste aukerarik ez dugula, biziko bagara. •