Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Gatazkari buruzko filmek jasotzen duten babesa

Ezin zitekeen beste modu batez izan. Aurtengo Zinemaldiak ere halaxe erakutsi du: ETAren ziklo armatua amaitu ostean hamarkada oso bat pasatu delarik, garai hartako eta, oro har, euskal gatazkari buruzko lanak –kasu honetan, zinemarako pelikulak eta dokumentalak– ugaritzen ari dira. Hala behar du izan, 60 urteko ziklo horrek argipena, azterketa eta hausnarketa merezi baititu, oraindik itxi gabe egon arren: presoak daude kartzelan, sufrikario askok eta askok behar beste aitortu gabe segitzen du eta gatazkaren muinean dagoen arazo politikoari ez zaio gaur-gaurkoz behar bezala heldu.

Lagun bati entzun nion behin kontua ez zela gatazkaren –edo gatazkaren arlo bakoitzeko– liburu edo film borobil bat egitea, dena argituko duen liburu edo filma. Dozenaka liburu eta film beharko direla dio lagun hark.

Jakina, jite eta norabide ezberdinak dituzte azken urteotan plazaratu diren lanek, ikuspuntu ezberdinak; batzuetan bizipen pertsonalei lotuta, beste batzuetan gaiari hurbiltzeko jakin-minez eta zenbaitetan intentzionalitate politiko garbiekin. Horrek ere hala behar du izan, ezinbestean.

Hainbatek hau dena «errelatoaren bataila» deritzanaren barruan kokatzen du, kokatu nahi du, eta horregatik lan batzuk beste batzuen gainetik indartzeko apustua nabariegia izan ohi da. Haatik, kontakizunaren batailarena ez da aurrera begirako ikuspegi zuzena, eta bataila horretan itsuki murgiltzen direnen asmoa, nagusiki, errealitatearen zati bat estaltzea baino ez da, kontakizun faltsu bat gailentzeko, ikuspuntu kritikoaren kaltetan, propagandaren mesedetan.

Lan batzuek beste batzuen ondoan jasotzen duten babesa eta laguntza alderatzea besterik ez da behar horretaz ohartzeko.

Adibide esanguratsua dugu “Karpeta urdinak” film-dokumentalarena. Berez, torturari eta indar polizialen tratu txarrei buruz Eusko Jaurlaritzak bultzatutako txosten bat pelikula bilakatzeko lana baino ez da, eta espero zitekeen horrek erakunde publikoen aldetik zerbait ekartzea. Ez da horrela izan.

indarkeria masiboena

Aipatu txostenak 2017ko abenduko data du eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren eskutik egin zen; besteak beste, Pako Etxeberria antropologo-forentsearen gidaritzapean. Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak enkargatutako lana izan zen. Ekimen ausarta izan zen, serioski egina eta bideratua.

Bost urte pasatu dira eta badirudi txostena enkargatu zutenek ez dutela orain interes handirik lan hartan, edo lan hartatik ateratako ondorioetan. Izatekotan, txosten hark abiapuntua izan behar zuen gaiari behar bezala heltzeko, baina, antza, hura dena bere horretan uzteko erabakia nagusitu da, oraingoz bederen.

Izan ere, txosten horrek torturaren errealitate lazgarria azaleratzearekin Euskal Herrian pairatutako indarkeriaren arazoa bere osotasunean azaltzen du; modu ezin argiagoan, gainera. Ez dago zalantza askorik txostena irakurrita, edo filma ikusita: tortura izan da indarkeria mota masiboena, eta polizia indar guztiek erabili dute muturreko basakeria hori, hainbati onartzea nekeza egiten bazaio ere. •