Asier Aiestaran
infraganti

LUIX ALBERDI «BELTZA»

Aurtengo ikasturtean 40 urte beteko dira Luix Alberdi (Azkoitia, 1966) dantza erakusten hasi zenetik. Denbora horretan ehunka dantzari igaro dira bere eskuetatik eta euskal dantzen erreferentzia nagusi bilakatu da, batez ere dantza sueltoko txapelketei dagokienez. Errepaso ederra eman diogu bere ibilbideari eta txapelketen bilakaerari.

Luix Alberdi, Azpeitian egindako elkarrizketan.
Luix Alberdi, Azpeitian egindako elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Azpeiti inguruan dantza aipatuz gero, jendeari segituan etorriko zaio burura Luix Alberdiren izena, ezizenez Beltza. Eta alderantziz: Luix Alberdiren izena aitatuz gero, dantza kontuak irtengo dira berehala. Ez da harritzekoa, aurtengo ikasturtean 40 urte beteko baititu dantza irakasten hasi zenetik. Baina Azpeitian bakarrik ez, Euskal Herri mailan ere dantzak duen erreferente nagusietako bat da Luix, batez ere dantza txapelketei dagokienez. 30 urte baino gehiagoan dantzaria izana, ehunka haur eta gazte prestatu izan ditu lehiaketetara begira, eta gaur egun ere txapelketetan parte hartzen duten bikote gehienak bere eskolakoak izaten dira.

Ikasturtea martxan jarri berritan egin dugu hitzordua Luixekin Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Ederki ezagutzen dute bertan eta, lanpetuta egon arren, tarte bat hartu du gurekin egoteko. «Ikastaroei dagokienez, badirudi kurtsoa ongi hasi dela, baina oraindik ikusi egin beharko da. Hasi berriak gara, irail hasieran, eta ume asko apuntatu diren arren, badakizu zer gertatzen den: askotan haurrak lagunekin apuntatzen dira, batzuk benetan dantza gustatzen zaielako baina beste batzuk lagunak apuntatu direlako. Horregatik, iraila apur bat jendearen joera ikusteko hilabetea izaten da. Badago jendea hasi eta gutxira uzten duena, ikusten duelako gogorra dela edo ez dela beraiek pentsatzen zutena», aipatu digu.

Askotariko ikasleekin egiten du lan Alberdik, eta horrek klase desberdinak proposatzera eraman du azken urte hauetan. «Bost urtetik aurrerako haurrak hartzen ditut. Dudan ikasle gazteenak, adibidez, 5 urte ditu eta dudan zaharrenak 78, Ikasberri ikastolako guraso talde batekin ere ibiltzen naizelako. Umeak batez ere txapelketara begira prestatuz hasi nintzen hasieran, baina konturatu nintzen beti fandangoa eta arin-arina dantzatzen ikasleei luze egiten zitzaiela. Horregatik hasi nintzen beste dantza mota batzuk irakasten. Horrek eskaintza asko zabaltzen du eta jendea gusturago etortzen da. Koreografia berriak egiten ditugu. Gaur egun jada ez dira garai bateko dantzak berdin egiten. Arku dantzak, ezpata dantzak.. gaur egun fusioak egiten ditugu gehiago».

Edonola ere, uda garaia –eta iraila bereziki– oso potentea izaten da dantza txapelketen munduan eta horregatik atsedena neguan izaten dute hor dabiltzanek. «Maiatzaren 1ean hasten dira txapelketak Lazkaoko festetan eta San Tomas egunean bukatu. Amaitutakoan oporraldi txiki bat hartzen dugu sansebastianak pasatu arte, eta gero hasten gara berriz, bai taldekako dantzekin eta bai txapelketakoekin».

Maltzeta aita-alabak

Txiki-txikitatik hasi zen dantzan Luix Alberdi, familiak Sanjuandegin duen Ongi-Etorri jatetxean. Familiatik zetorkion zaletasuna –«nire izebak dantzariak izandakoak dira, aita eta ama erromerietan dantzan aritzen ziren, baina izebak txapelketetan ere bai», gogoratu du– eta bera ez zen atzean gelditu. «Jatetxera kuadrillak etortzen ziren afaltzera, eta Martitteko soinujole denak etortzen ziren. Trikiti zaletasun handia zegoen inguru horretan. Ezkontzetatik zetorren jendea ere bai… Eta jendeak dantza egiten zuen. Nik 5 edo 6 urte izango nituen, ez nekien dantzan, baina kuadrillan sartzen nintzen eta hantxe ikasi nuen dantzan, jendeari begiratuz».

Haur txiki hark azkar erakarri zuen ingurukoen arreta: «Egun batean soinujole batzuk etorri zitzaizkidan, Maltzeta aita-alabak, Juanito eta Mari Carmen Garate. Zerbait ikusiko zidaten eta galdetu zidaten ea dantzan ikasi nahi nuen. Nik baietz, eta orduan Maltzeta etortzen zen astean bi aldiz eta bere alabarekin joaten nintzen Osintxura Juantxo Urbietarekin ikastera».

Txapelketak ere berehala agertu ziren Luixen bizitzan, garai hartan logikotzat jotzen zen urratsa eginez. «Osintxun ordu bat egiten genuen eta gero Soraluzera joaten ginen. Horrela, bi urte egin nituen txapelketa prestatzeko. Ni berez dantzan ikastera joan nintzen, baina jendea txapelketak prestatzera joaten zen. Gustatu egin zitzaidan eta horrelaxe hasi nintzen. Eta lehen aldiz txapelketa batean 8 urterekin hartu nuen parte. Hamalau urtera arte Mari Carmenekin osatu nuen bikotea, baina gero Hondarribira joan zen bizitzera», oroitu du.

Dantzari ibilbide luze baten hasiera, bere bizitzaren zati handi bat hartu duena. «Zortzi urterekin hasi nintzen txapelketetan parte hartzen eta erabat utzi 40 urterekin. Urte asko izan ziren. Noski, orain ere txapelketetan sartuta nabil, baina ikasleekin. Erakustaldiren bat egiten dut Ikasberriko gurasoekin, mutxikoekin ere igandero egiten dugu dantza, Argentinako Necochea hirian ere izan ginen orain dela zazpi urte bertako Euskal Jaian…».

Sukaldean hasi zen dena

Baina seguruenik Luix Alberdi ezagun egin duena bere irakasle lana izan da, eta horretan ere oso goiz hasi zen azkoitiarra. «Hamalau bat urterekin hasi nintzen irakasle, bi neskarekin tabernako sukaldean. Misericordian ikasten zuten eta eskolak Gabonetan antolatu zuen jaialdian fandangoa eta arin-arina dantzatu zuten. Jendea galdezka hasi zitzaien, ea non ikasi zuten, eta Luix Beltzarekin jardun zirela kontatu zioten jendeari. Orduan, beste guraso batzuk etorri zitzaizkidan beren seme-alabei erakutsiko ote nien galdezka, baina nik ez neukan lekurik horretarako. Eta tabernako biltegian hasi nintzen zortzi-hamar bat ikaslerekin. Misericordiako jaialdirako koreografia bat egin genuen, eta hori ikusita oraindik eta jende gehiago etorri zen. Eta azkenean lokal bat hartu behar izan nuen».

Bere jarduna txapelketetara bideratzeak ere lehen urte haietan du jatorria. «Orduan Azpeitian bazeuden bi dantza talde, Itsasi eta Sahatsa, euskal dantzak erakusten zituztenak, eta ni ere Sahatsan ibiltzen nintzen dantzan, horregatik erabaki nuen fandangoa eta arin-arina bakarrik erakusten hastea, ez besterik. Gero eta jende gehiago apuntatzen joan zen, eta une bat iritsi zen, non niretzat bakarrik lan gehiegi zen. Orduan, arreba eta biok hasi ginen irakasle moduan. Nire arreba ere dantzaria zen, baina lesio bat eduki zuen 18 urterekin eta utzi beharra izan zuen».

Gaur egun ere, txapelketei begira egiten du lan Luix Beltzak, eta metodologia oso konkretu bat erabiltzen du, taldeko dantzak eta txapelketara bideratutakoak desberdinduz. «Haurrekin lanean hasten naizenean hasieran garrantzi handia ematen diot fandangoa eta arin-arina ikasteari. Azkenean, nire lehen helburua txapelketetarako bikoteak prestatzea da. Astean bi aldiz etortzen dira eta fandango eta arin-arinarekin batera aurreskua ikasten dugu, baita arrantzale eta makil txiki ere, apur bat jolas moduan. Eta prozesu horretan ikusten joaten naiz nork daukan markaje ona, punta onak, erraztasuna… Baina horrekin batera oso garrantzitsua da belarri ona izatea doinuari jarraitzeko, erritmoa jarraitzeko. Eta ikusten badut ikasleren batek gaitasun berezia duela, orduan aparte hartzen dut astean beste egun pare batean. Taldean 30 bat haur badabiltza, nik aparte hiru neska eta hiru mutil hartzen ditut gutxi gorabehera, edo lau eta lau. Gehiago ez. Horrek jada dedikazio gehiago eskatzen du eta ez dauka zerikusirik taldean egiten dugunarekin. Nik hori denei argi esaten diet: ‘Gogorra da eta proba egingo dugu, gero zuek ikusiko duzue jarraitu ala ez’».

Askotan entzun behar izaten du oso irakasle zorrotza dela, eta ez du ukatzen, baina hori ere bere neurrian jartzen du. «Agian jendea gaur egun ez dago ohituta horretara, ni hasi nintzenean orduko haurrek beste modu bateko jokaera zeukaten. Gaur egun jendea zorroztasun horrekin apur bat beldurtu ere egiten da agian. Askotan gertatzen dena da musikarekin dantzan ari garenean eta nik pausoak esplikatzeko zerbait esan behar dudanean ozen hitz egiten dudala, musikaren gainetik nire ahotsa entzuteko. Eta horrekin 5-6-7 urterekin hasten diren haurrak apur bat harrituta geratzen dira. Nik beti esaten diet, ez nagoela haserre, baizik eta musikaren gainetik azalpenak eman behar ditudala».

Agian horregatik, Luixek dio guraso asko harrituta geratzen direla beren seme-alabak emanaldietan ikusten dituztenean. «Harrituta geratzen dira 5-6 urterekin hasten direnean haurrak nola joaten diren ilaran zuzen-zuzen. Niretzako dantza hori da. Ez da astean behin etorri eta eskolaz kanpoko jarduera bat bezala, kakotx artean, gurasoak libre egoteko umea ordu bat Luixekin uztea. Hau ez da haurtzaindegi bat, dantza eskola bat da. Haurtzaindegiak badaude, parkeak ere bai jolaserako. Nik gurasoei beti esaten diet: hona dantza egitera etorriko dira. Eta asko harrituta geratzen dira lehen urtean zenbat dantza ikasten dituzten. Zorrotza naiz, baina umeekin jolas ere egiten dut».

Exijentzia... eta gainbehera

Izan ere, txapelketek badute taldekako dantzek ez duten exijentzia maila bat, zentzu guztietan. «Horretarako ez du edonork balio. Hor urduritasunak hasten dira, egonezinak… Txapelketan oholtza gainean bi pertsona daude, eta jende mordoa zuri begira. Eta epaitu egingo zaituzte, epaimahai bat dago. Taldekakoan, aldiz, dantzan zortzi, hamasei edo hogei pertsona ari dira batera. Horrek babesa eskaintzen du eta jendea askotan ez da konturatzen akats bat eginda ere. Baina txapelketan begi denak zure gainean jarrita daude. Bederatzi bat urterekin hasten dira normalean haurrak txapelketetan parte hartzen, eta nik beti diot horretarako balio egin behar dela. Askok utzi egiten dute suposatzen duen presio horregatik. Txapelketak uzten dituzte, baina taldean jarraitu egiten dute dantzan».

Ordu asko sartu, lan asko egin. Ez dago beste errezetarik Luixek behin eta berriz errepikatzen duenez, eta horretan ez du barkatzen, besteak beste, bikoteari zor zaion begiruneagatik. «Bost edo sei urteko haurrekin ez zara hasiko gogorrean, baina behin txapelketetara bideratzeko erabakia hartzen duzunean bai egin behar da lan gogor. Ikusten baduzu norbait gogo gutxirekin dabilela hobe da argi hitz egin, gurasoekin bilera bat egin, eta beste bide bat hartu behar dela onartu. Azkenean bikoteko kide bat gogor ari bada lanean eta bestea denbora-pasa badabil, lanean dabilenari beste bikote bat aurkitzen saiatzen zara. Eta hori esandakoan batzuek begiak zabaltzen dituzte. Eta egon da kasuren bat orduan lanean hasi eta sekulako aurrerapena egin duena».

Agian eskaini behar zaion esfortzu eta denbora horregatik, gero eta bikote gutxiagok hartzen dute parte dantza txapelketetan. «Gure garaian oroitzen naiz 25 edo 30 bikote ibiltzen ginela dantzan. Herri askotatik irteten ziren dantzariak. Osintxutik bertatik, Bergaratik, Zarauzko bikotea ere bazegoen, Hernani, Lezo, Donostia… eta Azkoitia eta Azpeitia ere bai noski. Gaur egun Bergara, Lezo, Andoain, Oiartzun eta Azpeitia bakarrik ibiltzen gara. Eta Bizkaikoren bat, baina oso gutxi. Galtzen joan da. Gaur egun Lezok eta Azpeitiak segitzen dute fuerte, eta Bergaratik bikote bat, Bizkaitik pare bat…», dio kezkatuta.

«Hamasei urtetik behera txikiena egiten da, eta 16 urtetik gora helduena. Eta noski, behin adin batetik aurrera ikasketak direla, unibertsitatea dela… Gaur egun jendeak gehiago irteten du kanpora ikastera, eta horrek ere izan du zerikusia. Lehen jendea agian Donostian geratuko zen, edo Gasteizen, Bilbon, Arrasaten… gertu. Baina gaur egunean jendea urrunera joaten da; Bartzelonara edo Ingalaterrara edo Erasmusera. Hor bikoteak banandu egiten dira, nahiz eta gero itzuli. Eta ez baduzu entseatzen zaila da txapelketetan irtetea. Hiru-lau egingo dituzu agian, baina ez denak».

Txapelketak desagertzeko arriskua ere ikusten du Luix Alberdik, eta hausnarketa sakon bat egin beharko litzatekeela uste du egoera bideratzen saiatzeko. «Asko aldatu da dantza mundua. Epaimahaia Euskal Dantzari Biltzarrekoa izaten da eta uste dut hor aldaketa txiki bat egin beharra dagoela dantzak aurrera jarraitzea nahi baldin badugu. Ez bada hori aldatzen, hemendik urte gutxira dantza txapelketak desagertzeko arriskua ikusten dut. Uste dut bilera batzuk egin behar direla, txapelketen mundua birpentsatzeko. Gaur egun, azpeitiarrak ez badira txapelketa batera joaten txapelketa hori ez da egingo. Zortzi bikote aurkezten badira bost edo sei azpeitiarrak dira», gaineratu du.

Dantza balioan jarri

Edonola ere, lanean jarraitzeko prest dira Azpeitian eta dantza balioan jartzen lagunduko duten bide berriak irekitzeko prest. Adibidez, dantza ikastetxeetara gerturatzea, haurrentzat dituen onurak baliatzeko. «Aurten hasiko gara dantza eskoletan sartzen soinketa bezala. Noizean behin soinketa orduan dantza pauso batzuk. Kirola da, ehun metro, esprinta. Sendagileek esaten dute dantza dela oinak zuzentzeko dagoen terapiarik onena. Haur asko etortzen dira oin zapal, oin kurbatu eta antzekoekin. Horretarako sekulako terapia da. Baita koordinazioa lantzeko ere. Haur txikiekin ezkerra eta eskuina identifikatzen laguntzeko, edo adin bateko jendearekin hanka-esku-buru koordinazioa lantzeko. Mediku askok bidaltzen dituzte haurrak dantzara hankak zuzentzeko», aldarrikatu du Alberdik.

Eta, gainera, dantza ikastetxeetan lantzeak historikoki izan den mutil falta gutxitzen lagundu lezake Alberdiren ustez: «Mutil gutxi apuntatzen dira dantzara. Neskentzako soilik den zerbait bezala ikusten da oraindik ere. Eskoletan oraindik ikusten dira burlak, mutil bat dantzan hasten denean besteek hori nesken kontua dela esanez. Noski, batzuek jarraitu egiten dute, baina beste zenbaitek utzi egiten dute besteek zer esango ote duten kezka horregatik. Ea ikastetxeetan neska-mutilekin egingo den lanak aukera ematen duen dantza hobeto ezagutzeko».

Hori dena bere dantza eskolaren 40. urteurreneko ekitaldiak prestatzen dituen bitartean. Maiatz aldera dantzari txiki egun bat antolatzeko asmotan dabil, esaterako, horrek eskatzen duen lan guztiarekin. Argi dagoena da Luix Beltza ez dagoela geldi egoteko eta dantzarekiko bere pasioak bizi-bizirik jarraitzen duela. •