Iker Barandiaran
{ KOADERNOA }

Baloia norantz?

Lagun batek ohitura du, aspalditik, Espainia barnealdeko herri batera joan eta han yoga eta meditazio kontuak lantzeko egonaldiak egiteko. Sarri joaten da eta hara joatea beharrezko duela dio. Hala ere, egonaldi horietatik bueltan beti bezain urduri eta egoskor aurkitzen dut. Ez ote dion hangoak irakaspen iraunkorrik eskaintzen. Beste tamaina batean, ziur orri hauek irakurtzen ari den beste lagun batek lehen ohitura zuen, asteko estresa kentzeko, alabarekin batera igerilekura joateko, baina aitortu zidan gehienetan handik are eta estresatuago irteten zela.

Ni orain beste fase batean nagoela esango dut. Besteak beste, kontzertuetara joateak laguntzen dit eguneko presa, estres eta nahigabeetatik arnasa hartzen. Eta duela gutxi, uste baino gehiago luzatu zen kontzertu batean, topo egin nuen aspaldiko lagun batekin. Gogoan dut, aita bilakatu zenean, horren ardurak gain egin ziola eta etsita bizi zuela, horrek gauza asko ez egitea eragiten ziolako. Orain, urteak pasatu ondoren, seme-alabak nagusitu baitira eta askeago biziko zirelakoan, gai horretaz itaundu nuen, erantzuna baikorragoa izango zelakoan. Baina, hara! Aitortu zidan orain are eta estuago bizi zela asteburuetan ere seme-alabak kirol hitzordu ugaritara eraman behar izaten zituelako. Horretan egoera antzekoa daukagu bai berak bai nik, izan ere, biok tril egin genuen unetik ordu batzuetara, partidak zituztelako bion umeek. Aldatzen dena -eta finean gehien eragiten diguna- horrekiko jarrera da.

Arrazoia du lagunak esaten duenean gorrotagarria dela asteburuetan ere goiz jaiki beharra, nik ere zinez gorroto dut, baina zer egingo dugu bada, haiek gustura badabiltza! Gizalegea den moduan, haiek ahal den guztian babestu eta lagundu behar ditugu. Eta, ondorioz, ez naiz ni orain arte inoiz baloi bati hainbeste denboraz begira egon. Jakina, atzera egiten dit ‘kirol erregea’ deritzon horren inguruko debozio gehiegizkoak zein edozein pulpitok eta gainean daudenek, baina onartu beharra dut kirolak, oro har, umeengan duen eragina eta onura oso positiboak direla. Eta, zer arraio, gainera, asteburu goizetako ordu txiki eta tenperatura hotz horietan aspaldi ikusi gabeko ezagun eta lagun dezente berreskuratzen ari naiz, behintzat bizi garela egiaztatzeko eta elkarri barre egiteko. Kar kar.

Txikiak dira semeak oraindik eta futbola -kasu honetan- izugarrizko pasioz bizi badute ere, ez ditut oraindik zapaltzen ditudan zelaietako harmailetan nagusiagoen kasuan ematen diren jokaera nazkagarri horiek ikusi, nahiz eta inguruan -uste baino hurbilago- badiren. Zer zentzu du umeen partidetan nagusiki elkarren aurka irainka, gaizki esaka eta indarkeria azaleratzen aritzeak? Eta, jakina, zer eredu ematen ari gatzaizkie haiei? Nolakoak izatea espero dugu gero?

Gauza bera esango nieke gure auzuneko garajeetako komunitatean irainka, mehatxuka eta mesfidantza eta giro txarra sortzeko asmoz ahalegin sutsuan ibiltzen direnei. Zer nezesidade? Borondate onenarekin egin beharreko ardurak hartu behar dituztenei bizitza zailtzea? Zeren truke? Zeren alde?

Argi dago. Jendeak, gizateriak, barne ezinegona, estresa eta frustrazio ugari askatzeko beharra du, premiazko beharra. Baina argi eta garbi erakutsi behar diegu horretarako badirela indarkeria hutsal gabeko moduak. •