Joxean AGIRRE

Bakarrizketak eta zutabeak

Bakarrizketa eta zutabea senideak dira, bizkiak ez esateagatik, bata mintzatuan eta bestea idatzian gauza bat eta bera ia-ia. Modu dotoreagoan esateko, bakarrizketa antzerkian dena da zutabea kazetaritzan. Urteak kostatu zait ondorio horretara iristea. Beti gustatu izan zait bakarrizketa, telebistan bakarrik ikusi izan badut ere, baina badakit mikrofonoa eskuetan hartuta jendaurrera atera beharko banu, ez nukeela ezer esaten asmatuko eta horregatik idazten dudala noizbehinka (esaten didatenean) zutabe bat.

Bakarrizketagile eta zutabegile onek antzeko ezaugarriak dituzte: norberetik hitz egin behar dute, ausardia puntu batekin eta lotsagabekeria tanta batzuk baditu, hobe. Tarteka dramatiko jarri daiteke, baina umorea izan behar du bere baliabide naturala. Egitura aldetik, txiste batekin has daitezke edo pasadizo xelebre batekin, aipu jasoren batekin jarraitu, gogoeta sakonei bide ematen saiatu, baina ezingo dute bide horretatik jarraitu, arintasuna baita bi genero horien ezaugarri behin-behinekoa. Eta jendearen barrea edo irribarrea piztuko duen ateraldi edo kontu xelebre batekin bukatu behar du. Bestela, bakarrizketa sermoi eta zutabea iritzi artikulu bilakatuko dira. Bakarrizketak jendearen txaloak eragin behar ditu.

Garbi dago zutabe honek ez lidakeela txalorik ekarriko, baina nik ere badut gordeta nire sorpresatxoa: duela hilabete pasa Amagoia Mujikak GAUR8 honetan bertan egin zuen erreportaje eder batetik hartuko dut aipua. Ane Lindane bakarrizketagilearena da: «Emakume umoregile askok jotzen dute gozotasunera. Gozo hitz egiten dute, nahiz eta gauza oso lodiak esan. Baina badirudi emakumeak beti gozo aritu behar duela, atseginak izan behar dugula. Nik ez dut atsegina izan nahi; gainera, ez zait ateratzen horrelakoa izatea. Nik lotsagabea izan nahi dut, oihukatu…», esaldiak luze jarraitzen du.

Ni erabat kezkatuta nenbilen zutabegintzan emakume askok (uste dut bertsotan ere gertatzen ari dela fenomeno bera) erakusten duten eztikeria gehiegizkoarekin eta Lindanek argitu dit arazoa eta erakutsi dit bakarrizketa eta zutabea gauza bat eta bera direla. Zutabe honi bukatzeko ateraldi edo txiste bat falta zaiola badakit, baina ez zait bada ezer bururatzen. •