Entrevue
Iban GORRITI
Kazetaria eta idazlea

«Maroko lehen aldiz zapaldu nuenetik, gustatu egin zitzaidan han ikusitakoa»

Azken urteotan memoria historikoa landuz hainbat artikulu eta liburu sinatu ostean, oraingoan bere argazkilari alderdia erakutsi digu komunikatzaile durangarrak, Marokora egindako bidaien esentzia biltzeko.

(Sergio QUERO)

Zarauzko Photomuseumak Iban Gorriti (Durango, 1970) kazetari eta idazlearen -hemendik aurrera argazkilari bezala ere ezagutuko dugu- “Essaouira - Haize Uria” erakusketa aukeratu du aurtengo programazioari hasiera emateko. Komunikatzaile bizkaitarrak azken bi hamarkadetan Marokora egindako bidaietan ateratako argazkiz osatuta dago urtarrilaren 16an ireki zen eta otsailaren 18ra arte ikusgai egongo den erakusketa.

Gorritiri kosta egiten zaio bere burua argazkilaritzat aurkeztea, eta erakusketa hau gehiago ulertzen du Marokon ezagutu dituen pertsona eta leku bereziei egindako omenaldi bezala. Afrikako herrialdearekin duen harreman berezi hori noiz eta nola sortu zen azaltzeko eskatu diogunean, pasioz gogoratu du lehen bidaia hura.

«2000. urtean, kuadrillako lagun batek, Natalia Guerrak, esan zidan Durangoko Tabira Mendizale Elkartearekin zihoala Toubkal mendia igotzera. Afrika iparraldeko altuena zela, 4.165 metro, eta ea zergatik ez nintzen animatzen ni ere joatera. Niri, printzipioz, Marokok ez ninduen askorik erakartzen, baina baietz esan nion. Joan ginen, eta Maroko zapaldu genuenetik gustatu egin zitzaidan han ikusitakoa. Abegikortasun handia, pertsona oso goxoak, jende irekia hasieratik kanpotarrekiko... Bidaia hartan mendian ibili ginen, baina desertua ere bisitatu genuen eta kostaldera ere gerturatu ginen, Essaouirara» oroitu du.

Bidaia hartako anekdota bat ere kontatu digu: «Alex Txikon gurekin joan zen. 18 urte inguru edukiko zituen garai hartan, oso gaztea zen, baina ikusten zen ‘makina’ bat zela. Handik gutxira hasi zen zortzimilakoak igotzen eta garaiera horretako gailur bat lortu zuen euskal alpinista gazteena bilakatu zen».

«Dena lerrokatu zela esan daiteke: nire garai hartako zaletasunak, herrialdeak eskaintzen zidana, lehen bidaia hura egin genuen 22 pertsonen artean sortu zen giroa... Gogoratzen naiz menditik jaitsi ginenean neska-lagunari deitu eta esan niola: ‘Hona berriz etorri behar dugu’». Eta baita hitza bete ere.

«Ordutik 12-15 aldiz itzuli naiz Marokora. Abdourtarren etxean geratzen gara, Toubkal mendiaren magalean hain justu ere, eta Merzougan ere beste familia baten etxean hartu ohi gaituzte, desertuan. Eta bizipen horietatik etorri da erakusketa hau, 23 urteren buruan. Ez da Marokora joan, argazkiak atera eta itzuli egin naizela. Urte askoan ondu den erakusketa bat da, norabide berean doazen argazki batzuekin osatua, diskurtso eta tematika komunarekin. Eta atenporalak dira: duela 200 urte eginak izan zitezkeen, edo atzo ateratakoak», aurreratu digu.

Testurekin jolasten

Erakusketak bi atal dituela esan daiteke. Lehenengoan, sarrera moduan, Gorritiren testu labur bat irakur daiteke, bere bidaietan etxean hartzen duten amazig familiekin duen lotura deskribatuz. Eta familia horietako kideen zuri-beltzeko hamabi erretratu ikus daitezke, tartean Gorritiren bi semeak ere familiako kide bezala agertzen direla.

«Lehen zatia omenaldi bat da, beraiekin bizitzeko aukera ematen diguten pertsonei. Zubi bat Euskal Herria eta amazig herriaren artean. Berez, emakume horien argazkiak ezingo nituzkeen horrela erakutsi, han oraindik emakumeen argazkiei emotikono bat jartzen dietelako. Orain ari da hori apur bat aldatzen» onartu digu durangarrak.

Sidi Kaouki hondartzan ateratako argazkia (Ibn GORRITI)

Bigarren atalean, zati nagusian, paper berezian positibaturiko 20 argazki daude. Argazkien neurria -metroko zabalerakoak- eta argazkiei digitalki erantsitako testura bereziak -ikusten ditugunak argazkiak edo margolanak diren zalantza egiteraino- dira bisitariari lehen kolpean atentzioa ematen dioten bi ezaugarriak.

«Argi neukana zen nik erakusketa tematiko bat egin nahi nuela, zentzu guztietan. Kontzeptu aldetik, diskurtso aldetik, estetika aldetik... Eta estetika horretan testura bat erantsi nahi nion argazkiari, J.M.W. Turnerren paisaiak gogora ekarriz nolabait. Hark bere margolanetan atmosfera bereziak sortzen zituen, eta hori oso interesgarria iruditzen zitzaidan nire argazkietan. Alde batetik, argazkiei bidaia edo abentura kutsua emateko, eta bestetik, izaera atenporal hori nabarmentzeko», ekin dio Gorritik bere lana azaltzerakoan.

«Horrek argazkiei izaera piktorikoa ematen die. Aurrekoan "El Pais" egunkariko argazki edizioko arduradunak deitu zidan galdetzeko ea filtrorik erabili dudan. Esan nion filtrorik ezetz, argazkigintzan ez zaidalako kontzeptu hori gustatzen, gainera; testura bat erabili nuela esan nion, nik aukeratua. Eta galdetu zidan ea adimen artifiziala erabili dudan. Eta horri ere ezetz erantzun nion, justu kontrakoa. Argazkiak zuri-beltzean, bat izan ezik, eta gainetik testura bat jarrita», gaineratu du.

Azkenean, bere zaletasunei erantzuten dien aukeraketa bat. «Niri argazkigintza klasikoa gustatzen zait, dena bere lekuan dagoen argazkigintza hori. Lehen bidaia interkontinental haietan egiten zena, nireak nolabait horretatik ere badaukalako zerbait. Begira dagoenari zuzenean hitz egiten dioten argazkiak bilatzen ditut. Horrek ez du esan nahi onak edo txarrak direnik, hori oso subjektiboa delako, baina nire argazkiek ez dute aldamenean azalpen testurik. Erakusketan bi testu bakarrik daude: bat Euskal Herriaren eta amazig herriaren arteko zubiak aipatzeko eta bestea Estela Rey filologoak egindako interpretazio bat», dio.

Inplikazio oso pertsonala

Musika edo argiztapena bezalako beste xehetasun batzuk ere zaindu nahi izan ditu, bisitariaren esperientzia hobetze aldera. «Bideo bat proiektatu nahi nuen tamaina handian. Toubkal izeneko talde batean jotzen nuen, mendiaren izena hartuz, eta talde horren bideoklip bat jarri dugu buklean. Zertarako? Ba erakusketa ikustera joaten den bisitaria konpainian sentitzeko. Niri ez zait batere gustatzen museo handi horietan izaten duzun sentsazio hori: Telepizzako argi zuria, pertsona bat bertan lanean eta zu han, molestatzen ari bazina bezala. Nik kontrakoa nahi nuen, erakusketa bat non sartu eta gustura sentituko zaren».

«Abesti aukeraketa bat egin nuen, chill out tonu horretan Afrikako kantu etnikoekin, baina baita euskarazko batzuk sartuta ere, gure bidaietan furgonetan entzuten genituenak. Argia ere jaisteko eskatu nuen, argi horiagoa jarriz. Modu horretan, erakusketa bakarrik ikusten ari bazara, argazkien bidez Marokon egotearen sentsazioa areagotu nahi nuen. Gauza bakarra falta izan zait: kartel bat ipini nahi nuen esanez argazkiak ukitu egin daitezkeela. Gustatu egiten zait jendea gerturatu eta argazkia ukitzea, pentsatuz ‘zer egin du tipo honek hemen, honek fotokopia bat dirudi’», aldarrikatu du kazetari bizkaitarrak.

Gorriti, Photomuseum parean ateratako argazkian.

Izan ere, erakusketa honetan, inplikazio pertsonal handia ipini du Gorritik, arrazoi desberdinak medio. Inaugurazio egunak, adibidez, bere aitaren heriotzaren bosgarren urteurrenarekin bat egin zuen, «serendipia hutsez», bizkaitarrak nabarmentzen duenez.

Eta aitari omenaldia eginez “Ibn Gorriti” bezala sinatu du erakusketa. «Marokora egindako lehen bidaietako batean mugako guardiari pasaportea erakutsi eta izena galdetzen zidan. Nik Iban esaten nion, baina berak ‘eta izena?’ errepikatu. Antza denez, arabieraz ‘ibn’-k semea esan nahi du eta ‘Ibn Gorriti’, alegia ‘Gorritiren semea’ bezala sinatuz omenaldi bat egin nahi izan diot aita zenari», azaldu du.

Zirkulua ixteko, eta erakusketan egindako aipamenarekin batera, otsailaren 21ean Photomuseumean egin zuen bisita gidatuan familia eta lagunez inguratuta egon zen. «Bisitara etorri ziren 80 pertsona horiekin konexio berezia sortu zen. Gainera, esan zidatenez, errekor bat da horrelako ekitaldi batean 80 pertsona batzea. Gehiago ere etortzekoak ziren, tartean Marokoko lagun batzuk ere bai, baina azkenean ezin izan zuten. Oreretatik etorritako bikote bat ezagutzeko aukera izan nuen, Muskizetik etorritako beste batzuk ere bai... luxu bat izan zen, oparia. Nire semeak bertan parte hartzea ere bai. "Lagun galduak" abestu genuen, amaieran "Saltzen, saltzen" ere bai, letran Zarautz aipatuz... Oso eskertuta nago», atera zaio barren-barrenetik.

Maroko, etengabeko aldaketan

Erakusketarako argazkien aukeraketa egitea asko kostatu zaion galdetuta, Gorritik berriz dio bere kasua ez dela agian argazkilari profesional baten berdina. «Ez naiz ni argazki asko ateratzekoa. Ni ez naiz argazki kamera lepotik zintzilik duela ibiltzen. Kamera normalean motxilan eramaten dut, mendiko ohiko motxilan. Badaukat, adibidez, kamera bat hobea etxean, baina normalean ez dut hori eramaten bidaietara. Eta ez da lapurtzeko beldurragatik, baizik eta kamera motxilan lasai eraman eta apurtuko ote den beldurrez ez ibiltzeagatik. Nahiago dut kamera normalxeago bat eraman gainean eta lasai ibili, apurtzen bada zer egingo diogu ba. Nahiago dut unea lasai bizi eta argazkiren bat ateratzeko aukera ikusten badut orduan egin», kontatu digu bere ohiturei buruz.

«Batzuetan egiten dudana da goizeko 06.00etan argazkiak ateratzera irten, ‘turisteoa’ oraindik hasi gabe dagoenean eta bertako biztanleak beren zereginetan dabiltzanean. Baina gutxitan joaten naiz norabait zehazki argazkiak egitera. Beraz, Marokoko argazki asko dauzkat, baina ez dira milaka», dio.

Azken 20 urteotan herrialdearen bilakaera nola bizi izan duen galdetuta, lehenik eta behin ohartarazpen bat egin du. «Argi utzi nahi dut nik amazig herriaren Maroko maite dudala, jende askok modu okerrean ‘bereber’ deitzen duen hori. Ez zait batere gustatzen Marokoko Gobernuaren jarrera, egiten dituen ekintzak, erregea... Sahararren alde nago, adibidez».

Behin hori esanda, baieztatu digu aldaketa handiak nabaritu dituela urte hauetan. «Nik ez nuen ezagutu herrialdea 90eko hamarkadan edo lehenago, baina esango nuke 2000. urte hartatik gaur arte aldaketa handiak egon direla. Essaouira leku chic bat bilakatu da, nolabait esateko, oso ‘afrantsesatua’, eta turismoari begira eraldaketa handiak izan ditu. Ez dakit bertako biztanleek nola biziko zuten hori. Argazkietan ikusten diren leku batzuk adibidez jada desagertuta daude. Essaouirako hondartzak bandera urdina dauka, emakume bat alkate izan zuen Marokoko lehen hiria izan zen... Maroko ‘librea’ dela esan liteke, irekiena, gizon-emakume bikoteak kaletik eskua emanda doaz... Maroko oraindik oso itxia da erlijioak duen garrantziagatik, batez ere barnealdean, baina Essaouira desberdina da», aipatu du kostaldeari buruz.

Jendea erakusketa bisitatzen.

Mendi inguruetan ere aldaketak izan dira: «Goi Atlasera joan ginen lehen aldietako batean trekking bat egin genuen Tacheddirt-era, eta han argazkiak ateratzen hasi ginenean haurrek harriak botatzen zizkiguten. Gero esan zigutenez, argazkiak ateratzean pertsonen arima lapurtzen zela uste omen zuten. Gaur egun, 23 urte beranduago, herri horretan bakoitzak bere mugikorra dauka eta argazkiak ateratzen ditu lasai-lasai».

Marrakex eta inguruetan ere turismoari lotutako garapena nabarmena omen da -«ez dakit zehazki nondik datorren azken urteotan Marokon sartu den dirutza hori, baina nabaritzen da aberastasun hori»-, baina egunerokoan arazoak ez omen dira falta bertako langileentzat.

«Nik oztopo handi bat ikusten dut, eta halaxe esaten diet beraiei ere: turismoarekin lan egiten duten enpresa eta pertsonek azken urteetan gutxienez lau aldiz gelditu behar izan dute beraien jarduna arrazoi desberdinengatik. Lehenik, islamistek emakume bati burua moztu zioten, inoiz ez zen gertatu, baina une horretan espedizio denak geldiarazi zituen gertakariak; gero pandemia iritsi zen eta lanik gabe geratu ziren; gero Marrakex-en atentatu bat egon zen lehergailu batekin, hori ere ez da batere ohikoa, baina kolpe bat izan zen beraientzat; eta azkenik, aurreko udan izandako lurrikara. Mundua dagoen bezala, ez litzateke arraroa beste gatazkaren bat sortzea, eta hori handicap handia da beraien lanerako», aipatu du.

Eta kontraste horien adibidetzat jarri digu lurrikararen ondorioei aurre egiteko antolatu zuen diru bilketa. «Diru bilketa bat egin nuen ni joaten naizen herriari - M'zik izena du - eta bertako aterpetxeei laguntzeko. ETBk ere lagundu zuen eta egun gutxi batzuetan 5.000 euro inguru bildu nituen. Baina herrialdea nola dagoen ulertzeko, esango dizut diru kopuru hori bertara bidali nuela eta oraindik ezin izan dutela erabili gobernuak ez dielako baimenik ematen aterpetxe horiek berreraikitzen hasteko. Aldaketa asko bizi dituen herrialdea da, alde batetik, baina egunerokoan ziurtasun gutxi eskaintzen duena, bestetik».

Emakume bat belarretan eserita, Essaouira atzean duela (Ibn GORRITI)