Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta Bizipozako kidea
3 BEGIRADA:

Elkarrekin bagara nor

Borobilak ez du ertzik, eta denon artean ematen diogu forma borobilari, eskolari, munduari.
Borobilak ez du ertzik, eta denon artean ematen diogu forma borobilari, eskolari, munduari. (GETTY)

Martxoa hilabete oparoa izan da, martxoak 8ko manifestazio jendetsuak, Korrika, Palestinaren aldeko kontzentrazioak… Ezinbestekoak dira, eta eskubide batzuk bete gabe ditugu emakumeok eta euskarak, zer esanik ez palestinarrek. Hezkuntzan gabiltzanok (gehienok, sinetsi nahi dut) balio handitzat ditugu feminismoa, euskara eta elkartasuna, eta egunero saiatzen gara gure ikasleei horiek helarazten. Metodologiarik egokiena, horretarako, eredu izatea da. Klasikoa eta zaharkitua nagoela pentsatuko duzue akaso, eta izan liteke, baina elkarren osagarriak eta ezinbestekoak direlakoan nago.

Balio ez duten balioak

Balio horiekin batera, jarrera baztertzaileak identifikatu eta ezabatzea dator, noski. Zer da jarrera baztertzailea? Pertsona bat alde batera uzteko, bakartzeko egiten den ekintza edo ekintzen multzoa. Oso argi dugu haurrak balio batzuetan hezi nahi ditugula, baina horretarako, helduok ere argi izan beharko ditugu baliook. Adibide batekin argiagoa izango naiz: taberna bateko terrazan eserita zaude lagunekin, kale-garbitzaile bat dabil inguruan lanean, mukizapi batekin zintz egin eta lurrera bota duzu garbitzailearen oinen ondora. Etxera bueltan, semeari azaldu diozu lanbide guztiak duinak eta beharrezkoak direla. Ekintza eta hitza ez datoz bat. Pertsona hori eta bere lanbidea zure azpitik kokatu dituzu ekintza horrekin, eta nire galdera da, zerk sentiarazi dizu bere gainetik zaudela?

Pedigree

Jaten duguna garela esaten den bezala, egiten dugunak ere definitzen gaitu nolabait. Arestian jarritako adibidea oso adierazgarria da, baina bazterkeria ez da beti hain agerikoa. Zenbait lanbide oso gutxietsita daude eta beste hainbatek prestigio handia dute. Prestigio hori txakurrengan pedigree deritzona bezalakoa da; hau da, ez du ezertarako balio, baina zuk txakurraren uhala puztuta zoazela eusten duzu. Nire lagun handi eta miresgarri batek dioen bezala: orain egurra, baina muxuka. Hausnar dezagun irakasle garenok.

Puztu ala poztu?

Ohartu al zara egunean zehar zenbat langilek hartzen dituzten zure gelako haurrak? Goizean goiz, gelara sartu aurretik, gela goiztiarreko hezitzaileekin egoten dira, atea atezainak zabaltzen die irribarre zabal batekin, jantokian ere badute hezitzaile bat, pasabideetan barrena agurtzen dute garbitzailea. Haurrei gelan, korroan edo aulkian jesarrita egoten laguntzen diena ere hezkuntza bereziko hezitzailea da, haurraren erreferente nagusia eta konfiantzazko mugarria. Irakasleen bileretan egoten al dira? Zure plangintza haiekin partekatzen al duzu? Hortxe daude bazterrean, isil-isilik balioetan hezten, eredu izateko metodologiaren enbaxadore. Haiek gabe, akabo zure pedigreea, ezta? Balio berezi bat ikasi dugu gaur: bagara nor, elkarrekin garen neurrian.

Piramidetik borobilera

Egiturak piramide forman antolatzeko joera dugu, nik agintzen dut eta goian nago, tontorrean. Zuk obeditu egiten duzu eta behean zaude, ertzetik niretzat lanean. Borobilak, ordea, ez du ertzik, eta denon artean ematen diogu forma borobilari, eskolari, munduari. Hezi gaitezen enpatian, enpatiaz hezi nahi badugu. •