Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Feminismo politikoki zuzenaren txertoa

Feminismoa mundua eraldatzen ari da, hori ukaezina da, politika hegemonikoaren markoetan marjinala, irrigarria eta garrantzi gabekoa izatetik agenda guztien erdigunean egotera igaro da, eta, dena geratzen zaigun arren borrokatzeko, hau garaipen bat da. Jule Goikoetxeari irakurri nion bezala, emakumeek egiten duten horri garrantzia kendu nahi diotenek kritiko eta burumakur nahi gaituzte, baina guk badakigu iraultza feminista baten erdian gaudela eta lortzen ari garenarekiko optimistak izan beharra dugu.

Iraultza feministaren indarraren aurrean erreakzio patriarkala agertu da, gizonak haserre daude haiek pribilegiatzen dituen ordena arriskuan dagoelako, horregatik ikusi dugu matxismo klasikotik antifeminismo garaikiderako saltoa eman dutela askok sare sozialetan, gizon kuadrilletan eta eskuineko zein ezkerreko talde politikoetan.

Baina badago feminismoarentzat beste arrisku bat, erreakzio patriarkalak baino tresna sofistikatuagoekin jarduten duena: feminismo politikoki zuzena, feminismoak legitimitatea irabazi ahala gero eta eremu gehiagotan zabaldu dena. Berriro ere, hau ondo egindako lan politikoaren ondorio da, instituzioek eta pink-washinga egin nahi duten enpresek ez baitute feminismoa hartu ardura politikoagatik, presio sozialagatik egin dute, eta hori kaleetan lortu dugu. Mugimendua indartzeak zabalpena dakar, eta zabaltzearen prezioetako bat izan ohi da aldarrikapenen desitxuraketa.

Arazo hau oso argi ikusten da hezkuntzan, non feminismo politikoki zuzenak feminismo iraultzailearen aurkako bakuna gisa funtzionatzen duen. Txertaketan birusak eta bakterioak imitatzen dituzten substantziak sartzen dira gorputzean eta immunitate-sistema prestatzen da benetako gaixotasunaren aurka defendatzeko. Modu berean, hezkuntza zentroetan feminismo deskafeinatu bat helarazten diegu gazteei. Horrela, feminismoaren aldarri naïf-enak barneratzen dituzte, soilik diskurtsiboa den berdintasuna ezagutu eta ezer ez aldatzeko (kasu onenetan) edo horren aurrean antigorputzak sortu eta diskurtso erreakzionarioaren lehen argudioak lantzen hasteko (kasu okerrenetan).

Institutu batean egon naiz praktikak egiten bi astez. Bertan lanean nengoela, haur batek negazionismo arraro batetik zalantzan jarri zuen 1911n Chicagon erre zituzten emakumeen kontua egia ote zen, klase osoko gazteen aitek amek baino askoz ere lan gehiago egiten dute etxean, eta entzun egin behar diezu gizonek gehiago kobratzen dutela hobeak direlako (adibidez, futbolean); eta zentroaren erantzuna horren guztiaren aurrean M8rako kartel more batzuetan “gora berdintasuna” jartzea da. Gazteen artean normaltzen dabiltzan joera hauek ez dira espontaneoak, feminismo politikoki zuzenak sortutako ondorioak baizik, feminismo iraultzailearekiko sortu dituzten antigorputzak dira.

Ez dut hezkuntzan egiten den guztia honetara murriztu nahi, esaterako, nire ibilbide feminista Ondarroako institutura hezitzaile bikain batzuk etorri zirenean hasi zen; baina albo kalte hau ere badagoela esan beharra dago. Argi daukat feminismoak hezkuntzan egon behar duela eta, ez dakidan arren nola egon behar duen, ziur nago hau ez dela bidea: feminismoa ez da politikoki zuzena, ez da “ez deitu marikon” bronka, eta are gutxiago, patriarkatua transfeminismo erradikaletik immunizatzeko balio duen bakuna. •