Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Hirien zaurgarritasuna

Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA

Arkitektura pentsatu eta eraikitzean, etorkizun «hobe» bat lortzearen erantzukizun eta interesarekin egiten da. Etorkizunaren eszenatokia oraina gainditzeko edo, gutxienez, okerrera ez joateko pentsatua dago, betiere, eraikuntza eboluzioaren parte dela konbentzituta (!). Etorkizunaren ideia utopiatik gertuago egoten da hondamenditik baino. Zaharberritze bat egin eta gentrifikazioaren fenomenoan parte hartuko duela edo auzo berri bat inauguratu eta uholde egoera bat jasango duela, hori ez da arkitektoon irudikapenean egoten. Pertsonen lekualdaketa eta higiezinen prezio igoerak gizartearen funtzionamendu fenomenoen ondorioak dira; kontrolaezinak diren eta gizakiak sortutako patuak eta, beraz, kalteak baretzeko baldintzak jartzeko aukerarekin. Baina etorkizunak oparoak dira, istripuekin batera, natura-hondamendi mailakoak izan daitezkeelako.

Gizarte bezala esfortzu handia dedikatzen diogu natura-hondamendiak saihesteari: uholde-mapak, sumendi-mapak, lurrikara-mapak. Istripuen aurrean, teknologia eta jakintza askorekin eraikitzen dugu: tximisten aurkako gailuak, suaren aurkako detektagailuak eta hustuketarako ibilbide seguruen eraikuntza, larrialdi-irteerak... Esango nuke eraikuntza mailan zorroztasun handiarekin txertatzen direla jarraibideak, eta hirigintzan, berriz, ez dugula hain modu arduratsuan jokatzen, natura-hondamendiaren arrisku maila txikiagoa edo epe luzeagorakoa delako agian. Uholde larritasunean eta sumendi arriskuan kokaturik auzo asko eraiki dira, eta une honetan obra-lizentzia jasoko dute beste hainbestek. Bestalde, XXI. mendean beste bi katastrofe egoera gaineratu dira natura-hondamendien zerrendara: infekzio-gaixotasunak, migrazio klimatikoak eta tenperatu oso altuak.

Hirigintza, etorkizun iraunkor batean pentsatzeko egina badago ere, bizitzan eta heriotzan elkarrekin pentsatzeak interesa duen moduan, nago larrialdi egoeretako eta behin-behineko erantzunak emateko hirigintzan pentsatzeak zentzurik baduela. Hondamendi egoeren inguruan pentsatzen laguntza humanitarioan diharduten teknikariak bakarrik daude, pertsona zaurgarrien egoerak estaltzen dituzten berdinak. Hiriaren zaurgarritasuna planifikatzeko hiriaren egituraketa nagusietan dihardutenek parte hartu behar dute, eta arriskuak serio hartu. Moskuk metroaren tunel-sarea aurreikusita du, biztanleria bertan jasotzeko, lurrazpiko segurtasun eremu gisa. Agian hiri guztiek beharko lukete segurtasun eremu baten kokaleku estrategiko bat aurreikusita. Agian hiri guztiek beharko lukete errefuxiatu klimatikoak jasotzeko eremu libre bat edo plan bat, etxebizitza bat, denbora murritzean libre lortu ahal izateko. Agian hiri guztiek emergentziazko ospitale bat kokatzeko leku estrategiko bat aurreikusita beharko lukete, eta ospitalea eraikitzeko gida bat, zirkulazio desberdinak bideratzeko.

Badaezpada. •