Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Prozesioak

Aste Santuko prozesio bat Iruñeko kaleetan.
Aste Santuko prozesio bat Iruñeko kaleetan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Prozesio bat ikusi dut albistegian. Ez Andaluzian, ez Vatikanoan eta ez AEBetan, gure herrian baizik. Tunikak eta buru-estalkiak eta gurutzeak eta santuak eta zigorrak eta Judas ihesean eta oin biluziak ikusi ditut; danbor hotsak eta doinu sarkorrak. Jendea argazkiak ateratzen, jendea begira, jendea hunkituta, jendea. Begiak igurtzi behar izan ditut esna nengoela sinesteko; ez naizela ametsen batean galdu, ez nauela denboraren zurrunbiloren batek mende bat atzera hegan eraman. Ez. Hemen gertatu da, orain. Elizak husten ari omen diren garai hauetan. Aste Santua iritsitakoan errepideak autoz gainezka jartzen zaizkigun egun hauetan. Dena aldatu omen da, baina ez uste genuen adina, beharbada.

Igandero mezetara joaten ziren aitona-amonen ondorengoak gara asko. Ustez sotana eta intsentsu usainetatik urrundu ginenak. Eta, hala ere, ustekabean gure burua haiek ibilitako bideetan harrapatzen dugu, haien keinuak imitatuz, haiek esandako hitzak errepikatuz. Ez omen gara kristauak, baina sakrifikatu egiten gara oraindik ere. Sakrifikatu harremanen alde, lagunen alde, kausa baten alde. Maitatzea eta sufritzea esaldi berean jokatzen ditugu oraindik ere, ustekabean. “Barkatu” batek mundua alda dezakeenaren esperantzaz zabaltzen dugu ahoa batzuetan. Eta halaxe gabiltza, gurutzea erantzita baina bidegurutze baten aurrean lehendik ikasitakoari eusteko premian. Ahaztu egiten zaigu non bizi garen, prozesio bat etxe ataritik igarotzen zaigun arte.

Mundua ulertzeko gai garela iruditzen zaigu. Neutroak garela, ez dugula aurreiritzirik. Eta, halako batean, bakarren batek gure zuritasuna seinalatuko digu, gure europartasuna, gure adina, gure gizontasuna, gure burgeskeria. Eta haserretu egingo gara, ezetz esango diogu parean daukagunari; baietz baina ezetz, europarrak garela, baina ez europar guztiak bezalakoak; gizonak garela, baina ez gizon guztiak bezalakoak. Europarretik adina daukagula euskaldunetik, gizonetik adina enpatiatik. Eta gure gezurrak sinestera gindoazela, gizon kuadrilla baten beroan gozo sentituko dugu gure burua Aste Santuan, edo Gabonetan, edo gure herriko jaietan omenduko dugun santuaren egunean.

Errituek ematen diote zentzua gure bizialdiari; ospakizunetik ospakizunera antolatzen dugu gure agenda. Ospakizun horiek norenak diren eta, batez ere, kanpoan nor uzten duten galdetu gabe askotan. Habitatzen ditugun santu, egun eta jai horiek ere egin egiten gaituzte. Eta batzuetan pentsatzen dut sinesmenetatik erritua baino, ez ote den erritutik sinesmena eraikitzen. Poliki-poliki forma ematen digun armiarma-sare itsaskor batean bizi garela. Eta libre izan nahiko genukeela, jaso dugunari uko egin. Baina armiarma-sareak eranzten baditugu, ba al dago eutsiko digun ezer? •