Gilen TXINTXURRETA BEITIA - @GilenTxintxu
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Berregin

GILEN TXINTXURRETA BEITIA
GILEN TXINTXURRETA BEITIA

Kuadrillako batek kontatua: etxe berria erosi du auzo berri batean. Lehenengo auzokide bilera: 6 solairu, 8 portal, 2 pisu solairuko. 96 familiako komunitatea. Ez da gutxi, badira udalerri txikiagoak. Bi orduren ostean alde egin du burua berotuta, nekatuta, nazkatuta. Hurrengo bilerarako proposamen bakarra: portal bakoitzaren independentzia.

Lagunaren erabakia garaikidetasun indibidualistaren paradigma gisa ikus daiteke, baina bizitzeko eskubideak lasai eta ondo bizitzeko eskubidea beharko luke, hezkuntzarako eskubidea hezkuntza on bat jasotzeko eskubidea izan beharko litzatekeen modura. Auzokidetasuna landu beharra dago, baina behartzea zaila da, eta, erabaki batzuk hartzeko, errazagoa da 8 izatea 80 beharrean.

Hirigintza modernoaren garaipen handietako bat eraikuntzaren eskalaren aldaketa izan da. Hiria promozio kolpez egiten da: 170 VPO Erandion, 240 libre Boluetan... Baliabideen ekonomizatzearen izenean, merkeago egiteko, gehiago egin beharra dago. Atzean geratu da hiria partzelaz partzela, promotore txiki edo ertainek eraikitzen zuteneko garaia. 12 auzokide inguru, denak ezagunak, onerako zein txarrerako. Berandu jaio zen nire laguna.

Honetaz pentsatuz, burura etorri zait El Prat de Llobregat-en 90eko hamarkadan Sant Cosme auzoan eginiko esperimentu sozio-urbanistiko bat. Bartzelonako txabolismoarekin amaitzeko frankismoak eraikitako poligono baten berreraikuntza prozesua izan zen. Eraikin zaharrak (30 urte zituzten) guztiz eraitsi ziren eta leku berean auzo berri bat eraiki zen. Birgaitzearen helburuetako bat auzoaren pobrezia eta gatazka arazoei buelta ematea zen. Horretarako, familiak ez ziren lekualdatu urte luzez sortutako harreman sareak mantentze aldera, eta, berezitasun gisa, portal-kideak nor izango ziren erabakitzeko aukera eman zitzaien. 8 familia portal bakoitzeko. Elkartzerako orduan, afinitate, jatorri eta etniaren arabera antolatu ziren gehienak. Segregazio soziala ez zen inposatu, adostu egin zen. Erabaki honen ondorioa bizikidetzaren hobekuntza eta bizi kalitatearen hobetze izugarri bat izan zela uste bazenuten, oker zaudete. Sant Cosmek arazo sozial larriak ditu, eta bertan dago Espainiako etxadi pobreenetako bat oraindik ere. Auzoa berregiterako garaian dibertsitatea sartu ez izanak badu erantzukizuna seguruenik.

Hirigintzaren helburua ezberdinek elkar topatzeko eta harremanak izateko espazioak sortzea beharko litzateke izan. Kapitalismoaren funtzionamendu logikoak errentaren araberako dekantazio sozial gero eta bortitzagoa dakarren garai honetan, politika publikoen helburua nahaste soziala “behartzea” da: auzo aberatsetan etxebizitza babestua eta auzo txiroetan etxe berriak sartu beharra dago. Honetarako, ezinbestekoa da interbentzio urbanistiko potenteak aurrera eramatea, sarritan, zaharra eraitsi eta berregitea suposatuko duelarik. Honek ez digu beldurrik eman behar, onartu behar baitugu gure hirien zati asko azkar eta hala moduz eraiki zirela, eta hobetze aldera, makillaje lanetatik haratago, egiturazko aldaketak behar dituztela. Prozesu hauen arrakasta, baina, ehun sozialaren mantentzearekin eta auzokideen partaidetzarekin egin beharra dago, esan bezala, bizikidetza ezin baita inposatu. Parte hartze prozesu ugari marketin tresna bihurtu dira, fruituak emateko ezinbestekoak diren denbora eta errekurtsoak ukatzen zaizkielarik, auzotarren atsekabea eta konfiantza galtzea ekarriz.

Etxebizitza ez da arazo sektorial independente bat, gizartearen funtzionamendu osoa baldintzatzen duen azpiegitura fisiko higiezina da, eta etxebizitza politikak denen ahotan egon diren hauteskunde hauen atarian, hau gogoratzea ezinbestekoa da. Posta kodeak etorkizuna baldintzatzen du beste ezerk baino gehiago.

Horregatik, ZENBAT bezain garrantzitsua da etxeak NON eta NOLA egingo diren erabakitzea, eta honek estrategia, proiektua eta diseinua behar ditu, iraganeko akatsak ez errepikatzeko. Zenbakien nahasmen abstraktuaren aurrean, marrazkien argitasuna defendatzea besterik ez dut nahi. Arkatzak badu zeresana. •