GAUR8
AHOA ITXI BEGIAK IREKITZEKO

Brasilen ere sexu jazarpenaren kontra, futbolean giro seguru eta librearen alde

Munduari buelta eman dion elkartasun eta protesta keinu batean, Brasilgo emakumezkoen futbol liga nagusiko jokalariek ahoak eta belarriak tapatu dituzte herrialdeko ereserkia jotzen ari zen bitartean. Jokalarien aurkako ia bi dozena sexu jazarpen eta erasoengatik salatutako Kleiton Lima entrenatzailea Santos FC taldeak berriz kontratatzearen aurkako erantzuna izan da keinua.

Ezkerrean, Corinthians taldeko jokalarien protesta. Goian, Kleiton Lima entrenatzailea, Brasil eta Noruega taldeen arteko 2011. urteko partidan batean.
Ezkerrean, Corinthians taldeko jokalarien protesta. Goian, Kleiton Lima entrenatzailea, Brasil eta Noruega taldeen arteko 2011. urteko partidan batean. (GAUR8-Johannes EISELE | AFP)

Emakumezkoen Santos FC klubeko kontratazio batek protesta olatu handia altxatu du Brasilen, oihartzun zabala izan duena Latinoamerikan, munduari bira egin dioten irudiak utziz. Kontratazioa bainoago, bigarrenez kontratatzea izan da sutea piztu duen txinparta, Brasilgo emakumezko futbol ligako talde guztiak protestara batzeraino.

Sexu jazarpen eta erasoengatik hemeretzi salaketa pilatzen zituen Kleiton Lima du grazia Santos FC-ko entrenatzaile kontratatu berriak. 49 urteko entrenatzaileak, Brasilgo hautatzailea izandakoak, Santos aurretik ere entrenatua zuen, hainbat txapelketa irabaziz. Jokalarien salaketa horien guztien jakitun izanda ere, haien iritziaren gainetik berriz kontratatzeak sekulako arbuioa sortu du Brasilgo kirol komunitate osoan.

Salaketa eta (ber)kontratazioa

Talde ezberdinak batu dira elkartasuna erakusteko, sinbolismoz kargaturiko keinuen bitartez kontrako jarrera erakusteko, ahoak tapatuz, edo belarriak, edo 19 zenbakia -entrenatzaileak dituen salaketa kopuruari erreferentzia eginez- eramaten duten txartelak erakutsiz, edo gola ospatzeko goiko kamiseta altxatu eta azpikoan erakutsiz. Baina Santos klubarentzat, Lima berriz kontratatzeko erabakiak «ustezko delituak dituen argudiaketa ahul eta salaketa faltsuak ditu oinarri»; eta erabaki horrek sutu du protesta.

Atletico Mineiro eta America Mineiroko jokalariek telebistako kameren aurrean batera protestatu zuten; berdin egin zuen Palmeiras taldeak Avaí Kindermannen aurkako partidan, eta baita Santos (Lima futbol-zelaiko aulkian eserita zegoen) eta Corinthians artekoan ere, emakume jokalarien jarrera sendo eta mobilizatuaren erakusgarri.

Izan ere, Limaren itzulerak, Santos taldeak bere historiako entrenatzaile onena ez bada onenetakotzat kontsideratzen duenarena, zalantza handiak planteatzen ditu klubaren benetako lehentasunen inguruan, jokalarien osotasuna eta ongizatearen inguruan izan duen jarreraren inguruan. Kleiton Limak lortu dituen garaipen guztiak gorabehera, bere kontrako salaketek erantzukizun etiko eta moralen gaineko eztabaida garrantzitsua ireki baitute.

Brasilgo kirolarien komunitateak, eta baita eskualde hartako beste herrialdeenak ere, ekintza zehatzak eskatu dituzte egoera honi oratu eta jokalarientzat jazarpenez salbu egongo den giro seguru eta libre bat bermatzeko.

2023an, Kleiton Lima bere kargutik aldendu zuten, zuzentzen zituen jokalarien partetik salaketa andana jaso ondoren. Jokalarien salaketetan jazarpen eta biolentzia kasu ezberdinak aipatzen ziren, eskua sartzea, genitalak erakustea eta bestelako exhibizionismoa, eta jokalariak lotsarazteko mehatxuak barne. Baina Santos klubeko emakumezko futbol sailaren arabera, «ez zen ezer frogatu, guztiz kontrakoa, argudioak benetan ahulak ziren, hauskorrak, eta gure klubaren historia zikindu zuten».

Kleiton Lima aspalditik zen Santoseko emakumeen taldearen entrenatzailea. Hiru alditan aritu zen karguan (1999-2010, 2022-2023, eta 2024ko denboraldian), eta titulu asko irabazitakoa da: Libertadores Kopa (2009, 2010), bi liga (2007, 2009) eta Mercosur kopa bat( 2006), besteak beste. Baina bistan da sexu jazarpenagatik salatutako entrenatzailea berriz kontratatzeak arbuio oso handia sortu duela, futbolean eraso horiek prebenitu eta desagerrarazteko neurrien urgentzia nabarmenduz.

Kleiton Lima entrenatzailea. Johannes EISELE | AFP

Errepresalien beldur

Joan den urtean, sexu jazarpenen inguruko lehen informazioak ezagutu zirenean, "Globo Esporte" komunikabideak jokalariak elkarrizketatu zituen. Adierazi zutenaren arabera, klubeko psikologoak Santosek duen barne arartekoarengana joateko gomendatu zien. Handik gutxira, lehen salaketak egin ziren. «Gauzok indibidualki konpartitzen genituen, eta, beste jokalariak ere psikologoarekin aritu zirela jakitean, gertatzen ari zenaren eskalaz ohartu ginen, hariak lotzen hasten zara eta benetan gertatzen ari zenaren ideia egiten duzu».

"Fut das Minas" aldizkariaren arabera, "Globo Esporte"-ko informazioaren ondoren, klubak jokalariak, batzorde teknikoa eta zuzendaritza bilera zabal batean bildu zituen. Asmoa, baina, salatariak ezagutu eta seinalatzea zen, identifika zitezela behartzea. «Neska askok hitz egin zuten, batek baino gehiagok negar egin zuen bilera hartan jasandako jazarpenaren ondorioz, eta Limak txotxolokeriak baino ez zituen esaten, kontzientzia oso lasai zuela errepikatuz».

Aurten, Santoseko hamar emakumek utzia zuten jada taldea. Horietako batek salatu duenez, mehatxatu egin zituzten klubaren posizioarekin bat ez zetozelako. Urtarrilean, Limak jokalari baten aurkako salaketa jarri zuen epaitegietan. Haren hitzetan, gutuna jukutria bat zen, prestatua zegoen zepoa, entrenatzaile moduan kargugabetu zezaten.

Entrenatzailearen arabera, «matxinada baten biktima» izan da. Baina jokalariek emandako prentsaurreko batean adierazi zenez, «entrenatzaile bat botatzeko modu asko daude delitu bat asmatu gabe. Zer irabazten dugu horrelako istorio bat asmatuz? Gure kasuan, dena galdu dugu». Orain arte, salaketa gutuna idatzi zuten jokalarien artean inork ez du salaketa aurkeztu poliziaren aurrean. Horren arrazoia, "Fut das Minas"-en arabera, errepresaliak sufritzearen beldurra da. Jokalariek oso argi dute: «Lehen momentutik susmoa izan dugu klubak Kleiton defendatzea eta bere irudia garbitzea besterik ez zuela gogoan. Santos ez zen inongo momentuan gu babesteaz kezkatu. Klubean konfiantza genuen, baina traizio egin digute».

Azkenean erori da

Protestek fruitua eman dute: asteon bertan Limak dimisioa aurkeztu du, «nire familia, haren osotasuna eta Santosena babesteko» egokiena zelakoan. Klubak erabakia onartu du, zera aipatuz: «Berriz kontratatu genuenetik kritikak eta, azken egunotan, heriotza mehatxuak ere jaso ditu. Erabaki pertsonala da eta kasua epaitegietan behin betiko argituko delako konfiantza dugu».

Laburra izan da bere itzulera. Apirilaren 9an bere aurkezpen egunean prentsaurrekoa eman zuen jokalariak «gezurretan» ari zirela esateko. Joan den astean publiko egin da jokalari berri baten lekukotza, aldageletan igurzten zuela salatuz. Elkartasun olatua eta protestak medio, azkenean, erori da erori behar zena.