EUSKAL KULTURARI JARRIAK

1
Hara Negu Gorrizko
egunek zenbat gau;
zenbat izango gara
hiru, bost, hamalau?
Urrutiko intxaurrak
gerturatu ta lau
noiz berrituko dugu
esaera zahar hau?
2
Nafarroa Arena,
BEC edota Kursaal
nahiz ez izan kultura
globalen sukurtsal
pluralean bakan ta
bakanean plural
hemen zer da kultura
eta zer da euskal?
3
Urdaibain Guggenheim bat
turisten gose da
kultura bat ez denez
mugatzen posera
ingelesez sortua
badu atmosfera
zein da elikatuko
duen biosfera?
4
Autogestioaren
kontra zakur zaunkak,
biralizatutako
gau bateko mahukak,
managerren enpresa
erraldoien pautak…
Zer erosi eta zer
saltzen du Sold Out-ak?
5
Makurtu ez den herri
honen lunbalgia,
gaur berrogei urteko
garaien magia
nekatu gabe nahiko
genuke plagia;
kultur proiektu on bat
al da nostalgia?
6
Ez banaute hornitzen
hiru-lau lan gorik
autonomoen kuotak
patrika jango dit
lokatzetan ez baita
bermatzen zangorik
abendutik harago
ba al da Durangorik?
7
Nahiz ardoa mindu zen
gure pitxarretan
gure eztabaidetan,
lubaki zaharretan
ume bat jolasean
dabil izarretan
harrizko herri honen
harri txintxarretan.
8
Kantatzen den herri bat
ez den arren hilko
beti ez ditugu hitz
berak ibiliko
eztarri hauskorrenak
ez daitezen ito
partitura berriak
sortu eta kito.
