Distantziak
Eguberri berri nik atorra berri, eguberri zahar nik… eta zein lepotatik burua, lehengoa ez den bertzerik ezean? Urtero dira akitzen urteak eta urtero hasten. Gabonek urtero uzten didate halako aje existentzial bat. Familiaren exaltazioan hutsune bat, jendez ingururatuta baina munduan bakarrik egotearen zera hori, arbola genealogikoan goitik dituzunak gero eta gutxiago dira. Ez da bakardade txar bat, bakardadea da. Distantzia ez da langostinotan neurtzen, ezta besoen luzerarekin ere. Iazko aulki berean eseri zaitezke, epizentroa mudatu egiten da, aldiz. Ez dakit zein formula matematikorekin ebazten den norberaren eta epizentroaren arteko tartea, richter eskala-n zer edo zer neur daitekeen. Espresuki egiten ez bada, inertziak kokatuko gaitu leku batean edo bertzean, patuak agian; “Eta zer”, erranen dit norbaitek. Ba ezer ez igual, baina denek erabiltzen dugu GPSa.
Ez dut faszikuluka osatzen den bildumarik hasi, eta helburu distirantik ere ez diot jarri nire buruari. Kokapenak eta distantziak etortzen zaizkit kaskarrera modu errepikakor batean, tripa barrenak horrekin dabiltzalako.
Kokalekua norberarena. Ez iraganean, ez etorkizunean. Teorikoki hagitz identifikatuta dugun orain horretan. Teorikoki diot, zenbait meteoritok kolpatzen dutelako unean uneko hori, behin eta berriz batzuetan; egindakoekin, errandakoekin, geroaren proiekzioekin. Lurra zapaldu gabe ibiltzea bezalakoa da. Desleku tenporal bat, haizego etengabeko bat, tematia, eta ez dut hego-haizea maite, buruko mina ekartzen dit.
Kokaleku bat ideologiaren eta ekintzen artean, pentsatzen duzunaren eta egiten ez duzunaren artean. Eskolarako eta unibertsitaterako debekua ezarri zaidala imajinatu dut, etxetik kanpo lan egitekoa. Janzkera inposatu zaidala, osoki estaltzen nauena, burugainetik oinetaraino. Ezin dudala etxetik irten, ez bada aitaren, senarraren edo nebaren tutoretzapean. Kirola egitea ukatu zaidala. Ezin dudala aukeratu ezkondu nahi dudan edo ez, norekin egin, haurrik nahi dudan, zenbat. Larrua noiz eta norekin jo, edo ez dudan nahi. Ezin dudala balkoira irten, leiho opakuen atzean egon naitekeela soilik, ladrilloekin estaliko dituztelako bertzela. Kexua adierazten badut, bortizki zigortuko nautela. Afganistan Afganistanen dago. Amnesty international-en orrian sinatu dut ez ditzagun Afganistango emakumeak ahantzi, eta aurrez ere eskabidea sinatuta nuela erantzun dit. Eskabideak Palestinaren alde, Kurduen alde, nik sinisten dizut errateko. Min handiak dira horiek, baina bakoitzak bereak ditu, eta horiek dira lehen pertsonan bizi ditugunak.
Kokaleku bat lankideenganako, ikasleenganako. Irakaslearen kokalekua. Hausnarketaren, begirada, usaimen, entzumen zorrotza izatearen, eta jaso dituzun ostien eta desengainuen ekuazioa da. Denboraren poderioz ikasten dela erran ohi da, baina badakigu eufemismo bat dela. Ikasle berriak dituzun aldiro hautatu behar da kokalekua: zenbat biluztuko zaren, energiaren kontsumoa, merezi dutenaren eta behar duzunaren arteko oreka puntua. Badatoz eta badoaz. Harremanak eraikitzea neketsua da. Bertze inor ez duela ezagutu nahi entzun diot baten bati, dagoeneko ezagutzen duela nahikoa jende. Kokalekuak lagunekiko eta etsaiekiko, distantzia jartzeko edo laburtzeko.
Urte berriak, espazio berriak, ezagun zaharrak eta berriak, ilusio berriak… eta atorra zaharrak ez dit ongi ematen, neurrira egindakoa nahi dut. •