ARRITXIKERRAK DINAMIKA

Arrigorriagan, umeen aisialdian euskarari hauspoa eman dion ekimena

Arrigorriagako guraso talde batek 0-6 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduerak antolatzen ditu, ahalik eta parte hartzaileen, herriko beste eragileekin batera, askotan. Atzean, aita-amen ahalegin handia dago; euskarari espazio berriak eman nahi dizkiote, hizkuntza ohituretan aztarna utziko dutelakoan.

Duela ez asko, Naiz Irratiko mikrofonoetan, Beñat Garaio soziolinguistak euskarazko espazioak egunerokotasun eta testuinguru ezberdinetan bermatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. Bada, ideia horrekin lotura daukan ekimena jarri dute abian Arrigorriagan. Ume txikiak dituzten gurasoen talde bat dago egitasmoaren buruan, Udalaren laguntzarekin.

Proiektuak Arritxikerrak du izena, eta aisialdian eta kaleko harremanetan jartzen du fokua, hizkuntza ohiturak aldatu guran, eskolatik eta etxetik kanpo euskaraz bizitzen jarraitzeko espazioak elikatuz.

Helburu horrekin jaio zen Arritxikerrak 2023. urtean, eta geroztik, hilean behin, gutxienez, jarduera bat antolatzen dute sei urte arteko haurrei zuzenduta. Jarduera horietako asko, gainera, herriko kirol eta kultur elkarteen ondoan antolatzen dituzte. Eskaintza haurrentzat da, baina umeen ondoan bertaratzen diren helduak ere euskaraz egitera deituta daude. Izan ere, bi ñabardura ditu euskarazko programazio xume horrek: parte hartzen duten familiei eskatzen zaie bertan sortzen diren harremanak, gurasoen artekoak zein guraso eta haurren artekoak, euskaraz izatea. Eskaera horretan ardazten da %100ean lortu ez baina jada urrats esanguratsu batzuk egin dituen ekimena.

Egitasmoak parte hartze aktiboagoa ahalbidetzen duten jardueren aldeko apustua egin du, edukiak jasotze hutsera bideratutako emanaldietatik urruntzen saiatuz. Diotenez, ekimen xumea da. Berez guraso talde baten ahalegina baino ez da, haurren arteko harremanek, eskolako gelak edota etxeko giroa gaindituta, plazan ere jarrai dezaten euskaraz izaten.

Helburu horretaz hitz egin du GAUR8k taldeko hiru kiderekin Arrigorriagan bertan, sarritan ekintzak burutzeko erabili duten udal areto zabalean. Euskararen erabilera sustatzeko dauden ekimen ugarien artean, arreta ematen du hain adin txikiko haurrei bideratutako ekimena izateak eta gerora izan dezakeen proiekzioak.

Eider Santisteban taldeko kidearen ustetan, espazio horietan hizkuntzaren erabileran eragiteak izango duen «aztarnarik handiena» geroko hiztunengan ikusiko da, hizkuntzaren inguruan eraikitzen diren ohituretan eta euskararekiko jarrera aktiboagoetan.

«Gainera, proposatzen ditugun jardueretan familiek parte hartzen dute, baina ez etxeko giroan; beste familia batekin harremanetan eta eskola orduetatik kanpo baizik, herriko plazan eta herriko beste espazio batzuetan, eta horrek eragin zuzena du haien bizipenetan», azaldu du.

«Hasieran gure hausnarketetako bat zen ikusten genuela jendea jardueretara etortzen zela, haurrak ipuin kontalaria ikusten zuen eta etxera zihoan, eta ez genuen aurreikusita geneukan helburu hori lortzen», gaineratu du Gorka Etxebarria taldean parte hartzen duen aitetako batek, egun Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi arduraduna ere badenak.

Arritxikerrak taldeko kideak GAUR8rekin izandako solasaldian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Celia Rubiok, taldeko hirugarren bozeramaileak, onartu du hasieran «estres» puntu batekin bizi zutela helburuak erabat betetzeko zailtasun hori, «baina nik uste dut azkeneko ekitzetan eta pixka bat dinamika ulertu denean beste egoera bat sortu dela». Gogoratu duenez, «‘euskaraz’, handiz, gorriz, azpimarratuz...» iragartzen zituzten jarduerak, eta hasieran zailtasunak izan zitzaketen guraso batzuek. «Orain badakite euskaraz ez dakitenak eta beste hizkuntza batzuk dauzkatenak ere gonbidatuta daudela, eta uste dut jada filosofia edo egiteko modu hori ulertu dela, jada guztiok onartzen dugula ekintza egiten den espazio horretan euskaraz egin behar dela», azaldu du arrigorriagarrak.

Saretzearen garrantzia

Guraso ez euskaldunak eta gaztelaniaz hitz egiten ez dutenak ere badaude taldearen inguruan. Ahalik eta gehienen parte hartzea bultzatzeko, hiztegi bereziak atera dituzte; adibidez, gau beltzaren kasuan eta euskararen egunaren harira antolatutako jardueran. «Ez badiegu euskararik ematen, nola hurbilduko dira haiek ere? Horrelako ahalegina egin nahiko nuke ahal den guztian», dio Santistebanek.

Urte eta erdiko ibilbidea du taldeak, eta ekimenak izan dituen ondorio batzuk ikusten hasiak dira taldean. Etxebarriak dio agian gurasoen artean ezetz, baina umeen artean ikusi dutela «hizkuntza fluxu hori» dagoela, eta «ez bakarrik eskolan, duten harreman akademiko horretan, baizik eta aisaldian». «Gainera, lortzen duguna saretzea da» gaineratu du Santistebanek, «zeren agian eskolan ez dute elkar ezagutzen edo ez dira elkarren lagun, baina gero herrian Arritxikerrak taldeko kide sentitzen dira» aipatzen du haurren artean dinamikak sortu duen giroaz.

«Arritxikerrak daukagu edo Arritxikerrakera goaz esaten dute», eta diotenez, gogoz hartzen duten zerbait da: «Arritxikerrakera joan nahi dute».

Gurasoen esanetan, polita da ikustea eskolatik kanpoko harremanetan «begiz joko dituztela nortzuk diren euskaldunak, geletatik kanpo harreman berri edo ezberdin batzuk egiteko».

Haurren hizkuntza ohituretan jada zerbait igarri duten galdetuta, aipatu dute umeen adin tarte horretan zaila dela zerbait ikustea, urte horiekin euskarak oraindik presentzia ia erabatekoa duelako haien harreman espazioetan, eta gainera, oso jarduera gutxi dago adin tarte horri zuzenduta.

Eskolatzeko prozesuan hasi berriak dira asko, oraindik ez dute adin gehiagokoen erdararako joera hori... Santistebanek bota du bere esperientzia, ikusi zuen alaba, gurasoak ondoan egon gabe, taldeko beste partaide baten alabarekin euskaraz egiten, «eta pentsatu nuen, ez da gutxi elkarrizketa hori, guk esku hartu gabe, eskolatik kanpo», aipatu du.

(Aritz LOIOLA / FOKU)

Rubioren iritziz, Arritxikerraken esperientziak euskararekiko ardura puntu bat ere transmititzen du. «Nire gurasoek hiztun erdaldunak izanik transmititu didate euskararekiko hori. Uste dut euskararekiko militantzia hori galdu dela, eta euskarak beste olatu bat behar duela, ba gutxienez goazen gure umeei hori transmititzera, eta etorriko da nerabezaroa, eta beste interes batzuk, eta globalizazioa... baina uste dut etxetik egiten dugun lanketa hori etorkizunean nonbait loratuko dela».

Diotenez, guraso talde batek boluntario gisa antolatutako ekintzak dira proposatzen dituztenak, Udalak babestuta eta finantzatuta. Etxebarriaren iritziz, edozein kasutan, balioa eman behar zaio egiten den lan horri, programazioa, planifikazioa, ekintzak... talde eragile horrek diseinatzen baititu, euskararen eremu berriei hauspoa emanez.