Juantxo EGAÑA

1960ko hamarkadan Araban egindako petrolio prospekzioak

(ALBERTO SCHOMMER KOCH. ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ARTXIBOA.)

Euskal Herrian petrolioa eta gasa bilatzeko lehen prospekzioak XX. mende hasierakoak dira, hainbat historialarik egindako ikerketen arabera. 1901ean, Cecilio Egaña gasteiztarrak Aguraingo «petrolio, nafta eta betun meategi» batean prospekzio bat egiteko baimena eskatu zuen. 1911n, Agurainen bertan beste prospekzio bat egiteko baimena eskatu zen: Ignacio Murua y Alzola bergararra izan zen sustatzailea. 20ko hamarkadan, hainbat enpresaburuk «petrolio-meategiak» erregistratu zituzten Lerin inguruan, Nafarroan. Urte batzuk geroago, 1953an, Ameriketako Texas Drilling Company konpainiak, Crammer enpresariaren eskutik, petrolio-prospekzioak hasi zituen Martzilla inguruan. 40 teknikari inguru eta beharrezko tresneria iritsi ziren Houstondik Bilboraino. Prospekzio horiek ere ez zuten arrakastarik izan. 60ko hamarkadan, hainbat prospekzio egin ziren Arabako herri desberdinetan hidrokarburoak eta gasa bilatzeko. «Castillo» izeneko aztarnategian, Gasteiz inguruan, agertutako gas-poltsak ustiatu zituzten. 1980an, Bermeon aurkitu eta ustiatu zuten «La Gaviota» izeneko gas-hobi bat. Artikulua ilustratzen duen argazkia Gasteizen bizi zen Alberto Schommer Koch argazkilari alemaniarrak egin zuen 60ko hamarkadan. Kepa Baquedanoren «¡Aqui hay petroleo» izeneko erakusketa birtual baten parte da, 60ko hamarkadan Araban egindako prospekzio ezberdinen 12 irudi biltzen dituena. Erakusketaren izenburua 1963ko maiatzaren 2ko «El Pensamiento Alaves» egunkariko titular batetik hartua da.