NAIZ.INFO
BILBO

Ertzaintzak Gaizka Astorkizaga bilbotarra atxilotu du

Ertzaintzak Gaizka Astorkizaga bilbotarra atxilotu du Entzutegi Nazional espainolak haren aurkako atxilotze agindua eman ostean. Eleak mugimenduak deitu duen manifestazioan atzeman dute, Bilboko epaitegian kateatu eta gero.

Bilboko epaitegian kateatu ostean atxilotu du Ertzaintzak Gaizka Astorkizaga. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bilboko epaitegian kateatu ostean atxilotu du Ertzaintzak Gaizka Astorkizaga. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Entzutegi Nazional espainolak Maialen Zuazo, Gaizka Astorkizaga eta Alex Bustindui atxilotzeko agindua eman zuen ezarrita zeuzkaten kondenak betetzeko. Ekainaren 27an atxilotu zuten Zuazo eta Eleak mugimenduak gaurko deitu duen manifestazioan atzeman du Ertzaintzak Astorkizaga.

Arriagatik abiatu da martxa eta Bilboko epaitegira zuzendu dira ehundaka pertsona Ertzaintzaren presentzia handiarekin. Bertan kateatu da Astorkizaga, manifestazioan parte hartzen zuten pertsonen babespean.

Ertzaintza eta manifestarien artean hainbat istilu izan ostean, eurekin eraman dute Astorkizaga.

Ez da Alex Bustinduiren inguruko berririk.

Europa Press albiste agentziaren arabera, beste bi pertsona ere atxilotu ditu Ertzaintzak desordena publikoa egotzita.