Naiz.info

Gipuzkoaren eta Uruguairen arteko harremana «emaitzak» sortzen ari dela dio Garitanok

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako merkataritza misioari esker euskal enpresa batzuk Uruguain lanean ari direla eta José Mujica presidentea kooperatiben eta prestakuntzaren eredua bertatik bertara ikusten izan dela nabarmendu du Martin Garitanok.

Garitano Mujicarekin egon da Arrasaten. (NAIZ.INFO)
Garitano Mujicarekin egon da Arrasaten. (NAIZ.INFO)

Uruguaiko presidente José Mujica Arrasaten izan da Mondragón Taldearen egoitza nagusian eta Mondragón Unibertsitatean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean Euskal Herrian egiten ari den biraren barruan. Uruguaiko agintari nagusiarekin batera izan dira Martin Garitano eta Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatu Jon Peli Uriguen, biok izan baitziren orain dela urtebete herrialde hartara Aldundiak antolatutako merkataritza misioaren buru; baita ere, bertan izan dira Garbiñe Errekondo, Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko Departamentuko foru diputatua, Larraitz Ugarte, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatua, eta Iñaki Errazkin, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua.

Bisitaren ondoren, Uruguaiko ekonomia ministro Fernando Lorenzok lankidetza hitzarmen bat izenpetu du Mondragón Taldearekin.

Martin Garitanok azpimarratu duenez, «Mujica presidentearekin eta haren gobernuarekin harreman ezin hobea da. Politika gauzatzeko ikusmoldean bat egiten dugu, eta bi aldeok uste dugu euskaldunok eta uruguaitarrok elkarturik lan egin behar dugula Uruguairen hazkunde ekonomikoaren alde, herrialdeak azpiegitura hobeak izan ditzan, lehiakorragoa izan dadin eta garapen ekonomiko iraunkor bat izan dezan luzaroan». 

Aldi berean, Garitanok esan duenez euskal enpresentzat «negozio bide berriak zabaldu daitezen eta MERCOSURen gisan gora doazen merkatuetara zabaltzeko; Uruguaik eginkizun handi bat du horretan, gaur egun Hego Amerikako merkatu batu horren buru baita, guztira 275 milioi biztanle hartzen dituena».

Diputatu nagusiak azaldu du José Mujica euskal kooperatiben ereduaren miresle bat dela, eta eredu hori sustatzen ari dela bere herrialdean. Martin Garitanok adierazi duenez orain dela urtebete Uruguain egindako harremanei esker, Aldundiak mahai gainean jarri ahal izan zuela urtean 120.000 tonako eskaera bat, Corrugados Azpeitia enpresaren jarduerari eusteko adinakoa, nahiz azkenean enpresaren jabeak ixtea erabaki zuen.

«Uruguairen eta Gipuzkoaren arteko harremana emaitzak sortzen ari da, eta hango presidentea Euskal Herrira etorri baldin bada —batzuek ezkutatu nahi izan duten arren— orain dela urtebete jositako harreman haiei esker izan da, geroztik harreman horiek lantzen joan baikara. Horren ondorioa da Gipuzkoak gaur egun aliatu estrategiko bat duela, euskal enpresak alboan izan nahi dituena, herrialde aberatsago bat eraikitzeko bidean, eta gure enpresak lanean ari direla Uruguain», azpimarratu du Gipuzkoako diputatu nagusiak.