NAIZ.INFO
BARAÑAIN

Xabier Sagardoy eta Luis Goñiri elkartasuna adierazteko giza katea egingo dute Barañainen

Ezkutuan dauden Xabier Sagardoy eta Luis Goñi gazteei elkartasuna adierazteko giza katea egingo dute gaur arratsaldean Barañainen, Herri Harresia dinamikaren baitan. 1.500 metroko luzera izango du eta 1.500 lagun biltzea espero dute.

Xabier Sagardoy eta Luis Goñi gazte independentista nafarrei elkartasuna adierazteko giza katea antolatu dute arratsalde honetarako Barañainen. Auzitegi Goren espainolak seina urteko espetxe zigorra ezarri zien eta egun horretan bertan ezkutatzeko hautua iragarri zuten.

Giza katea Barañaingo mugan hasiko da eta Udaletxeko plazan bukatu; guztira 1.500 metroko luzera izango du eta 1.500 lagunek osatuko dute. Bukaeran ekitaldia egingo dute plazan.

AteakIreki webguneak atzo bertan Goñiri egindako elkarrizketa kaleratu zuen eta jasotzen ari diren babesa eskertu zuen.