NAIZ.INFO
BILBO

Koordinakunde berria hautatu eta Europako bozei buruz erabakiko du Alternatibak Nazio Batzarrean

Alternatibak Batzar Nazionala egingo du larunbatean, Koordinakunde berria izendatzeko eta datozen Europako hauteskundeei begirako jarrera erabakitzeko.

Diana Urrea, Oskar Matute eta Josu Estarrona Alternatibako kideak, Bilbon eginiko agerraldian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Diana Urrea, Oskar Matute eta Josu Estarrona Alternatibako kideak, Bilbon eginiko agerraldian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko agerraldi batean aurkeztu du Alternatibak datorren larunbatean egingo duten Batzar Nazionala.

Biltzarrak hartuko duen lehen erabaki nagusia alderdiaren Koordinakunde Nazionala berritzea izango da. Unean uneko erabakiak hartzen dituen organo delegatua 9 kidek osatzen dute eta, estatuek diotenez, hiru urtean behin berritu beharra dago. Hala, gutxienez hautagaitza bat izango da, bost emakumek eta lau gizonek osatutakoa.

Parte hartzen dutenen artean hautagaitza gehiago aurkez ditzakete.

Beste alde batetik, datorren urtean izango diren Europako hauteskundeei begirako jarreraz ere erabakiko dute, EH Bilduren baitan parte hartzeko apustua defendatuko dutelarik.

Era berean, kurtso berriari begira, Alternatibak dei egingo die herritarrei «erasoen aurrean» geldirik ez geratzeko. «Lan erreformaren, pentsioen murrizketen eta berzentralizazio frankista jarraitzen duten asmoen aurrean», aktibatzeko deia egin dute.

«Eraso guztien kontrako harresia altxatu behar dugu, etxean gelditzen diren gehiengo isilak aldarrikatzen dituztenen kontra; Herrialde Katalanetan egin bezala, erabakitzeko eskubidearen alde kalera atera diren ehunka mila herritarren ereduari jarraiki», adierazi dute.