Jon ORMAZABAL
Entrevue
Fernando PALACIOS
ARABAKO PILOTA FEDERAZIOKO LEHENDAKARIA

«Finala jendeak uste baino askoz irekiagoa ikusten dut»

Jose Mari Palacios, Ogeta, aita zuena izan zen 1957. urtean garai zaharretako kaiolako azken txapelduna. Kantxan ezin izan duenez, bulegoetan hartu dio erreleboa Fernando semeak eta Arabako Pilota Federazioko lehendakaria da gaur egun gasteiztarra. Biharko finalaz, horren antolaketaz eta pilotak herrialde horretan gaur egun duen osasunaz mintzo zaigu GARAri emandako elkarrizketan.

Material aukeraketa bertatik bertara jarraitu eta pilotariekin hitz egin ostean hartu gintuen Fernando Palaciosek.

¿Nola ikusten duzu finala?

Jendeak uste duena baino askoz irekiagoa. Lehen pixka batean aldagelatan egon naiz eta guztiok dakigu Aimar beti denak emanda egoten dela, hori ez da berria, baina nik uste dut Irujo adorez gainezka dagoela oraingoan. Kostatu zaio, hasieratik atzamarra minduta izan du, `jokatuko dut edo ez', markagailuan beti atzetik, beti sufritzen... baina nik gaur oso alai ikusi dut. Bai aldagelan, baita pilotak aukeratzen. Gainera, pixka bat ezagutzen dugunok, bera normalean ez da oso zuhurra izaten eta nik oso zuhur ikusi dut eta nik uste dut hori seinale ona dela.

Gasteizko frontoiak gainera mesede egiten omen dio...

Berak niri esan didana ez dizut kontatuko, baina publikoki berak esan du pilotaleku hau gustatzen zaiola. Denok dakigu hemen pilota abiadura handiagoarekin etortzen dela, pisu handiagoarekin, erasoan jokatzeko hobea dela, erasotzen duzunean min handiagoa egiten duzula eta nik uste dut erasora eta duen guztia ematera etorriko dela, gero irteten zaion edo ez beste gauza bat da. Aurkari oso gogorra dauka.

Gasteizen jokatzea zuentzat gauza handia izango da, ezta?

Bai. Askotan esaten dut nire esku balego, urtero egongo litzatekeela final bat Bilbon, beste bat Donostian eta beste bat Gasteizen. Baina gauzak ez dira horrela, hiriburu bakoitzak borrokatu egin behar dugu final bat ekartzeko. Guk azken boladan askotan izan ditugu Lau eta Erdiko finalak, tradizio moduko bat izan da, eta beti saiatzen gara urtean zehar partidak ekartzen, eta gero, urtea zapore onarekin bukatzeko, Lau eta Erdiko finala ekartzen. Aurten ere lortu dugu eta disfrutatzera.

Gasteiz ohiko zirkuituan sartzea lortu duzue, behintzat...

Hori da. Finalaren aurretik kazetariren batek deitzen nau eta `Gasteizen zer' galdetzen didanean, nik esaten diot Gasteiz beti hor dagoela. Ahal izan dugun guztietan finalak ekarri ditugu, batzuetan etorriko dira eta besteetan ez; hori kiroltasunez hartu behar da. Ni saiatuko naiz urtero final bat egon dadin, baina ez naiz joango sekula hiru finalen bila, nahiago nuke-eta bakoitza hiri batean izatea.

Kanpotik ikusita, lanean ondo ari zaretela ematen du, sasoiko al dago pilota Araban?

Hala uste baduzu, eskerrik asko. Horretan gabiltza, horregatik gaude sartuta pilota munduan, laguntzeko eta ekarpenak egiteko. Beti pentsatu izan dut umeek pilotan jokatzeko euren idoloak zuzenean jokatzen ikusi behar dituztela eta gaur egun Irujo eta Olaizola dira idoloak. Gero garrantzitsua da hiriburu guztietan partidak izatea eta herrialde guztietan, profesionalak, afizionatuak eta umeak.

Profesionala falta zaizue, noizko eskuzko profesional bat?

Irtengo da. Tokatu behar da atleta bat, buru onekoa eta zorte pixka bat duen gazte bat.