NAIZ
GASTEIZ

Urkullu lehendakariak bertan behera utzi du Garitanorekin bihar egitekoa zuen bilera

Iñigo Urkullu lehendakaria ez da Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bilduko bihar, aurreikusita zegoen bezala, agenda arazoak tarteko.

Iñigo Urkullu eta Martin Garitano bihar elkartzekoak ziren Gasteizen, baina lehendakariak bertan behera utzi du bilera agenda arazoak tarteko, Efe agentziak Lehendakaritzako iturriak aipatuz zabaldu duenez. Oraingoz ez dute beste datarik ipini, iturri horren arabera.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak atzo zehaztu zuenez, Kutxabanken egoera aztertu behar zuten bilera horretan eta Garitanok finantza erakundearen izaera publiko eta soziala berreskuratzeko, ekonomia suspertzeko eta lanpostu duinak sortzeko 800 milioi euroko funtsa sortzea proposatu behar zion Urkulluri.

Garitanok oharra kaleratu du eta gogoratu du bilera eskaera abenduan egin zela eta duela bizpahiru aste lotu zela. «Ezinegona» azaldu du «hainbeste aste pasatu eta gero, behin bilera lotuta dagoenean bapatean hori bertan behera uzteagatik» eta agenda arazoak aipatzeak «aitzakia itxura» duela adierazi du.

«Mario Fernandezen eta Mikel Cabiecesen agendak aipatzea zuzenagoa irudituko litzaidake, Kutxabanken jokaera okerrekin nahastuta ageri diren bi pertsona horiek bihar bertan deklaratu behar baitute fiskalaren aurrean», esan du ohar batean.

Ahaldun nagusiaren ustez, «kutxen inguran EAJk urteotan izan duen kontrolak eta horrek ahalbidetu dituen ustezko jokabide okerrek kezka eta beldurrak eragin dituzte alderdi jeltzalean eta baita Jaurlaritzaren baitan ere, baina horrek ezin du izan aitzakia bi erakundeon artean lotutako bilera bertan behera uzteko».