NAIZ
gasteiz

EiTBren egungo zuzendaritzarekiko babesa berretsi du Iñigo Urkulluk

Gasteizko Legebiltzarrak EiTBren egungo zuzendariaren, Maite Iturberen, kargugabetzea eskatu bazuen ere Iñigo Urkulluk bere babesa berretsi du Kontrol Saioan. EAJren eta Lakuaren zerbitzura dagoen komunikabidea dela esan dio Gorka Maneirok (UPyD) eta Urkulluk erantzun dio nahiko lukeela dioten bezain EAJren aldekoa izatea.

EiTB oposizioak salatzen duen bezain EAJren aldekoa izatea nahiko luke Iñigo Urkulluk, modu horretan erantzun dio Gorka Maneirok (UPyD) egungo zuzendaritza aldatzeko Legebiltzarraren eskaria betetzea eskatu dionean.

Pasa den astean onartu zuen eskaria Gasteizko Legebiltzarrak, alderdi guztiek bat egin zuten zuzendaritzaren kudeaketa txarra salatzen eta langileen kaleratzearen aurka. Urkulluk ados ziren puntua ez du kontuan hartu bere hitz hartzean eta gainontzekoetan argudio kontrajarriak zirela esanda Legebiltzarraren erabakia gutxietsi du. Berez, Parlamentuaren aginduak bete egiten dituela esan du baina kasu honetan ez duela egingo.

Urkulluren arabera kudeaketa gaitasuna erakutsi du egungo zuzendariak eta EiTBren kalitatea eta irismena mantentzea lortu du.

Legebiltzarraren pasa den asteko erabakia ez da loteslea, Administrazio Kontseiluari edo Gobernuari baidagokie kargugabetzea agintzea eta Legebiltzarrari, gero, erabakia berrestea.