GARA
GENEVA-SANA

Zalantzaz betetako su-etena hasi da Yemenen eta negoziazioak Suitzan

Bi aldeek bortxatu zuten atzo eguerdian hasitako su-etena, Suitzako puntu sekretu batean bake negoziazioak hasten ziren bitartean. Edonola ere, badirudi su-etenari eusteko borondatea dutela huthiek nahiz Hadi presidentearen aldeko indarrek, hori esan dute bederen.

NBE Nazio Batuen Erakundeak bultzatu dituen bake negoziazioak ezkutuan egingo dituzte, telebista kamerarik gabe, aurreko ahaleginek hedabideei egindako adierazpenen eraginez porrot egin zutela-eta. «Su-etena Yemenen bake iraunkorra lortu ahal izateko ezinbesteko abiapuntu da», esan zuen Ismail Uld Sheij Ahmed bitartekariak.

Su-etena zazpi egunekoa izango da eta ondoren bi aldeek luzatzea erabaki dezakete. Atzo eguerdian eman zitzaion hasiera, Ahmed Asiri Saudi Arabiako jeneralak baieztatu zuenez.

Baina berehala entzun ziren tiroak herrialdeko makina bat puntutan. Huthiek bi miliziano hil zituzten Mareb iparraldeko probintzian egindako bonbardaketa batean eta Ta’izz hirian katiusha suziriak erabili zituzten Hadiren aldeko indarrak ahuldu nahian. Etsaiek ere egin zuten erasorik: Saudi Arabiak zuzendutako koalizioak Saliz eta Ras Isako portuak bonbardatu zituen Hudaida probintzian, Itsaso Gorrian. Saadan eta Hachan ere aurkarien bonbardaketak jasan behar izan zituzten matxino huthiek eta zibilek. Eraso horietan gutxienez bi lagun hil zituzten.

«Bakea ala tragedia»

Bi aldeen akusazioek su-etena kinkan ipini bazuten ere, huthiek jakinarazi zuten su-etena betetzeko asmoa dutela, baina erabatekoa izan dadin gutxienez 24 ordu beharko dituztela. Riadek zuzentzen duen koalizioak astelehen gauean jakinarazi zuen su-etena atzo eguerdian hasiko zela, ez astelehen gauerdian, hasieran iragarri moduan.

«Yemengo egoera kritikoa da. Gure lana oso zaila da eta erantzukizuna, historikoa. Gaur zuek erabakiko duzue bakeak aurrera egingo duen ala Yemen berriz iluntasunera, tragediara eta sufrimendura eramango duzuen», esan zien bitartekariak bi aldeetako ordezkariei.