
Ez Dok Amairuri bere sorreratik begiratzea ezinbestekoa da zenbait ertz ikusteko. Batetik, ez zela taldea izan euskal kantagintzaren sortzailea eta, bestetik, garaiko egoera politiko eta sozialak pizkunde bat eragin zuela ez soilik musikaren alorrean, baizik eta kulturaren diziplina desberdinetan. Gizartea bor-bor bizi zen garai hartan, euskal kulturak ezagutu duen garairik erromantikoenean, ziur asko. Jorge Oteiza buru-belarri lanean zebilen “Quousque Tandem” lana 1963an argitaratzeko, ikastolen sorrerak herri guztietaraino zabaldu zuen euskaltzaletasunaren aldeko mugimendua, Deban Arte Eskola eraikitzekotan zen artista talde bat, antzerki taldeak, Argiako dantzariak... Kultura eta euskalgintza errautsetatik berragertzekotan ziren frankismoak gogorren kolpatu zuen denboran. 60ko hamarkada betea zen eta kalean egoteko eta «borrokan» aritzeko indar suharra bazterrik bazter usain eta senti zitekeen. Beste garai batzuk ziren.
1961ean hasi zen Loiolako Herri Irratia bere lehenengo emisioekin, Joxemari Iriondo (Azpeitia, 1938) artean Afrikan soldaduskan zela. Euskal kantuak airean jartzeagatik egin zen ezagun orduan irrati kate hura –«lehenengo isuna ‘Gernikako arbola’ jartzeagatik jaso genuen», dio– eta euskaltzaletasunaren egarria asetzeko lan egin zuten Loiolatik. Iriondoren beraren lekukotzarekin osatuz joango gara kontakizuna.
Denbora hartan sortu zen Soroak laukoa –«robles-arangiztarrak»–, Txabi Villaverde bateria jotzailearekin batera osatua –«lehengo azaroan hil zen, oso ona»–. Zortzi anai-arrebako sendia zen robles-arangiztarrena –«artistak denak»–; Alatz, Iker, Ugutz eta Irkus anaiek laukoa osatu zuten, eta ahizpek beste bat. Denak bateratuta otxotea zuten etxean. Arangiztarrek disko txiki bat kaleratu zuten –«oso polita»–, gitarraz jotako euskal abestiekin –«Mikel Laboak Soroak laukoa izan zuen erreferentzia ‘Azken’ diskorako»–. Esan dai teke haiek izan zirela euskal kantagintzaren aitzindariak. Ondoren etorri zen Mixel Labeguerie, 1964an, beste bi disko re kin –«Piarres Larzabalek Irunera ekarri zizkidan, baina soilik bi abesti jarri ahal izan genituen»–. Eta hortik hasi ziren uhinen bidezko lehenengo «probokazio» kantatuak.
Lourdes Iriondo lehengusina zuen Joxemari Iriondok, baina artean, senide izanik ere, ez zekien urnietarra kantuan aritzen zenik. Garai hartarako gainerako irratiek egiten ez zutena egiten asmatu zuen Iriondok. Estudiora kantariak eraman eta grabazioak egiten zizkien, gero abestiak emititzeko. Lourdes Iriondorekin ez zen gutxiagorako izan. 1965eko maiatzaren 5ean Aizarnan emanaldi bat eskaini zuen –«bertan apaiz zegoen Mikel Atxaga urnietarraren bidez eraman zuten»– eta biharamunean egin zuten grabaketa estudioan –«arrakasta itzela izan zen, eromena»–.
Aurrekari gehiago. Julian [Julen] Lekuona –Loiolako Herri Irratiko zuzendaria– Aizpurutxon apaiz zegoen eta Benito Lertxundik Donostian Artistas Noveles sariketan bigarren saria irabazi zuen Elvis Presleyren kanta bat (“Crying in the chapel”) euskaraz abestuta, “Aldare aurrean negarrez” –«zuentzat hori da antedilubianoa, baina guretzat izugarria zen»–. Euskal kantagintza bide berriak urratzen hasia zen beraz, Nemesio Etxaniz (Azkoitia, 1899-Donostia, 1982) berak ere hitz egin zuen gai horretaz 50eko hamarkadan. Parentesi bat Etxanizi buruz bi hitz esateko: «Berak esaten zuen: ‘Euskal gaztedixek euskaraz dantzan in behar dik’. Apaiz ikaragarri progresista zen. Txa-txa-txa, txotis, tango eta pasodobleen kantuen letrak euskaraz egiten zituen. Aurpegian malkoak zituela kantatzen zizkidan abesti haiek».
Lilurak deituta
1965eko udazkenean, Lourdes Iriondoren deia Joxemari Lehengusuari: «Joxemari, Joxan Artze ezagutzen al duzu?». «Ez dakit zein den». «Usurbilgo mutil bat da eta nik ere ez dut ezagutzen, baina hirurok bilera egitea nahi du erdibidean». «Zertarako?». «Irratiko kantu horiei buruz hitz egiteko».
Zarauzko Euromar hotelean izan zen hitzordua –«kafetegia berdin-berdin dago orain»–, urriaren hastapenetan. Grabagailuarekin bertaratu zen Iriondo –«Joxe Lizaso zenaren emazteak esaten zidan: ‘Bazatorrek gezur poltzie hartuta’. Eta gezur poltsarekin joan nintzen–», badaezpada zer harrapa zezakeen-edo. Ordu eta erdiz bildu ziren Joxan Artzek irratiko kantu haiekin zuen liluraz hitz egiteko. Motz geratu zitzaien zita –«zer egin genezake hori zabaltzeko?»– eta hamabost egunera Azpeitiko Gurian geratu ziren berriro. Bilera hartan erabaki zuten hirurek norbera arduratuko zela euskaraz abesten zuten abeslariei hurrengo hitzordurako deitzen –«ahalik eta jende gehien biltzen saiatu behar genuen»–.
Ez zen Kursaalen izan
Bi aste geroago Donostian egin zuten orduko euskal kantari eta letragileekin topaketa. San Martin kaleko Iturrioz tabernako sotoan izan zen –«norbaitek liburu batean idatzi zuen lehenengo bilera Kursaaleko sotoan egin zela eta ez da egia»–. Bi iriondotarrak eta Artze etxeko lanak eginda joan ziren bilera hartara. Izen ugari batu ziren han. Julen Lekuona, Benito Lertxundi –«ordurako ezagutzen nuen grabatu bai bainizkion abesti batzuk»–, Mikel Laboa, Miguel Bikondoa –«orduan atera zuen Europako txapelketa soinua jotzen»–, Imanol Urbieta, Jose Luis Frantzesena Xuber, Jose Antonio Villar –«Orquesta Mondragonekin euskaraz abesten zuen Bergarako Ariznoa aretoan»–, Irigaray anaiak –«Joxepe [Jose Anjel] eta Juan Miguel»–, Txiki Aiestaran –«Agora orkestran bateria jotzen zuen»–, Xabier Lete eta Biurriak, Yoloak eta Oskarbi taldeetako kideak.
Oteiza, ez
Artean, gehienek ez zuten elkar ezagutzen –«ezta ere Lourdesek eta Letek elkar»– eta harreman sarea egiteko balio izan zuten gerora izan ziren hitzorduek. Taldeak ez zuen osaera formalik –«estatuturik ere ez zegoen»– baina izaera bazuen, baita aurrera jarraitzeko bokazioa ere. Izen bat behar zen.
Taldeari deitura nork jarri zion esaterakoan bertsioak ere desberdinak dira –«oso dotorea da esatea Oteizak jarri ziola izena taldeari»–. Azpeitira sarri joaten zen denbora hartan Joxan Artze iriondotarrengana; Joxemariren liburuak haztatzen aritzen zen maiz. –«Hi, hauxe utzi behar didak»–. “Euskalerriaren yakintza”, Resurreccion Maria Azkuerena, –«eraman ezak eta irakurri»–. Ale hartan irakurri zuen Joxan Artzek Martintxo errementariaren ipuina, eta handik atera zuen Ez Dok Amairu izena –«bilera batean azaldu zuen nola ikusi zuen Oteiza Orion eta komentatu zion izena. ‘¡Fenomeno! Es un nombre precioso... El maleficio del trece...’»–. Eta taldeak aho batez onartu zuen izendapen hura –«nik ere eraman nituen bi edo hiru, betikoak, ‘Euskaldunak’, ‘Gu euskotarrak’ eta ez dakit zer. Ez Dok Amairu entzun nuenean isildu egin nintzen, nire izenekin lotsatuta. Artzek eraman zuen izena. Gainera, nekez irakur zezakeen Oteizak ‘Euskalerriaren yakintza’ Azkueren bizkaieraz»–.
Martxoaren 6a, Irunen
Denbora ez zuten aise pasatzen utzi. Taldekideek jendaurrean aurkezteko gogoa zuten eta oholtza zapaltzea zen haien nahirik handiena. Taldearen izena erabili gabe bi jaialdi egin ziren 1966ko urtarrilean –«proba bezala»–. Bata hilaren 9an izan zen, Hernaniko Aitor zineman. Kantuan aritu ziren Julen Lekuona –«Zumarragatik Hernanira trenez zihoala treneko txartelean idatzi zuen ‘Eliza pobrea’-ren letra»–, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Bat eta Bi bikotea, Mikel Laboa, Jose Antonio Villar –«Julen Lekuonaren anaia Juan Marik Erromatik euskarara itzulita bidaltzen zituen kantak abesten zituen, Domenico Modugnoren ‘Dio, come ti amo’ eta halakoak»–... Jaialdien amaieran beti eskaintzen zen filmen bat, “Pelotari” edo “Ama Lur”, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearenak. Formatua gerora ere berdina izango zen Baga Biga Higa sentikaria abiatu arte.
Urtarrilaren 22an egin zen probazko bigarren jaialdia. Donostiako Victoria Eugenian izan zen eta jendetza batu zen, Hernanin bezala. Biurriak taldeak –«Arantxa Gurmendirekin»– parte hartu zuen hartan, Iñaki Beobidek (Zumaia, 1934) eskatuta –«Arantxari esan zion, ‘prepara ezazue zerbait alaiagoa, hauek plasta batzuk ditun eta bakarrik kantu serioak abesten ditizten’»–. Eta eskaria bete zuten: ye-ye kantak eraman zituzten, baita Beatlesenak ere. Han abestu zuen lehenengo aldiz Julen Lekuonak aste batzuk lehenago treneko txartel hartan idatzitako “Eliza pobrea”: «Eliza pobrea/eliza pobrea/denontzat hobea...». Elizako zerbitzari izaki, inguruan ikusten zituen injustiziak salatu zituen kantu hartan Lekuonak eta Gipuzkoako elizbarrutiko gotzain Lorentzo Bereziartuaren eskutitza jaso zuen zortzi egunetara kontu eske –«abestiak arrakasta handia izan zuen, baina gotzainak kargu hartu zion eta eskatu zion erabakitzeko zer izan nahi zuen, kantari edo apaiz. Eta Julianek erantzun, gehiegi pentsatu gabe: ‘Nik apaiz eta kantari izan nahi dut’»–.
Martxoaren 6an, bihar 50 urte, egin zen ofizialki Ez Dok Amairuren lehenengo emanaldia. Irungo Bellas Artes aretoan izan zen, goizez –«11.30ean ginen hastekoak baina berandu hasi ginen»–. Imanol Urbietak –«bueno, Imanol, Manolo, Manuel... Behin Egañak esan omen zuen hiru izenak batzeko, Imanolo»– abestu behar zuen eta berak eragin zuen atzerapena. Donostian ari zen kantuan otxote txapelketa batean Oleskariak zortzikoarekin. Hura bukatutakoan joan zen Irunera. Joxemari Iriondok egiten zituen kontzertuen aurkezpen lanak –«jendea ikaragarri urduri zegoen»–. Bellas Artes aretoa leporaino beteta, eta lehenengo lerroetan aurpegi ezagun ugari, Nestor Basterretxea, Fernando Larruquert, Jose Luis Zumeta edo Jorge Oteiza bera zer ikusiko zain –«teloiaren atzetik ikusten nituen denak. Eta atzean jendea oso urduri. Benito [Lertxundi], esaterako, oso etsita joan zen»–. Eta arrakasta etorri zen.
Kritikak
Desertuan oasi bat izan zen Ez Dok Amairu 60ko hamarkadan, nahiz eta kritiken jomuga ere bihurtu zen, batez ere komu nikabideen aldetik. Euskal musika erabat puskatzeko jaialdi gisa ikusi zuten Irungoa hedabide askok –«esaten zuten zela ‘una prostitución de la música vasca’. ‘La voz de España’-n eta Radio San Sebastianen ere oso kritika gogorrak egin ziren»–. Bazen, ordea, aldekorik ere. Iñaki Beobidek “Zeruko Argia”-n idatzitakoa horien artean, non euskararen baliagarritasuna eta modernitatea aldarrikatzen baitzituen –«galdetzen zuen ea euskarak ez al zeukan eskubiderik Beatles edo Presley edo horietako edozeinen musika kantatzeko»–.
Nazioarteko eragina
Ez Dok Amairuk nazioarteko kantari hainbaten eraginpean egin zuen bere ibilbidea. Mikel Laboa Zaragozatik Bartzelonara joana zen orduan, medikuntza ikasketak egiten ari eta espezialitatea amaitzera. Nova Canço Catalanarekin harremanak izan zituen eta Ez Dok Amairuk kantari asko gonbidatu zituen Euskal Herrir a: Raimon, Guillermina Mota , Pi de la Serra... Baina korronte katalanarekin izandako harremana eta haien eragina ez zen hainbesterainokoa izan. Ez behintzat Atahualpa Yupankirekin izan zuten adinakoa.
Victoria Eugenian izan zen 60ko hamarkadan –«zeren ama euskalduna zuen, badu kantu bat, ‘Madre vasca’»–, eta hitzordu hartatik atera zen Euskal Herrian hain ezagun egin den argazkia; kantariak taldeko hainbat kiderekin ateratakoa.
Ez Dok Amairuk ekarri zituen nazioarteko musikari gehiago ere. Pete Seager izan daiteke haietako bat, Joxemari Iriondok berak Loiolako Herri Irratian elkarrizketatu zuena, Joxan Artzek itzulita –«zeren Artzek oso ongi egiten zuen ingelesez, Ingalaterran bizi izan baitzen, bueno, Eskozian gehiago»–.
Orekaren bila
Bere kantaldiak emateaz gain jende interesgarri asko ekarri zuen Donostiara. Eta mugimendu horretan, abangoardia betean, taldearen meritu handienetakoa izan zen aurrera jarraitu ahal izatea –«garai hartako egoera politikoari eusten erori gabe»–, kideetako askoren kontzertuak debekatuta baitzeuden Gipuzkoan eta Bizkaian, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo kasurako. Eta tartean jasotzen ziren kontrako iritzien artean oreka mantentzea –«Jorge Oteizak Bartzelonako hitzaldi batean esan zuen bezala: ‘Los niñatos estos del grupo llamado Ez Dok Amairu que cantan a los pájaros y a las flores’»– eginahal handienetakoa izan zen taldearentzat. Iraun beharra eta eutsi nahia. Izan ere, Bizkaian sortu zen 1968an Ez Dok Amairuren paraleloan Herrikoi taldea –«hor ziren Maite Idirin, Bittor Egurrola, Zintzoak...– protesta kantuak egiten. Baina urtebete bakarrik iraun zuen –«Maite Idirinek ihes egin behar izan zuen, Bittor Egurrola ezkutatuta egon zen eta besteak isilik»–. Ez Dok Amairuk jakin zuen horri eusten.
Garaikidetasuna
Euskal kulturaren garaikidetasuna aldarrikatu zuen lehenengo taldea izan zen Ez Dok Amairu –«musika erraz sartzen zen jendearen artean. Jaialdietan eromena izugarria zen»–. Eta berotasunak eraman zituen oholtzara –«Antton Valverdek esaten zuen garai hartan kantatzeko behar zirela mikro xahar bat, aulki bat eta gitarra bat. Eta aulkia behar zela han hanka jarri eta gitarra belaunean eusteko»–. Musika berritzeaz gain eta Euskal Herritik kanpoko korronte eta mugimenduetatik edateaz aparte, estetikoki ahaleginak egin zituen. Eta parte-hartzaileen profesionalizazioa ere aldarrikatu zuen.
Hasierako kontzertuen edukia berdina izaten zen gehienetan. Joxemari Iriondo aritzen zen aurkezle eta formatua beti zen antzekoa –«aurkezpena-kanta, aurkezpena-kanta, aurkezpena-kanta... eta bukaeran film bat, ‘Pelotari’ edo ‘Ama Lur’»–.
1966an –ofizialki sortu zen lehenengo urtean– eta 1967an jaialdi asko eskaini zituen taldeak, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Bartzelonan ere izan ziren, baita Madrilen ere –«ikastetxe nagusi batean, eta gogoratzen dut oraindik ordaindu zizkigutela joan-etorria eta bazkaria»–. Eta horrela jarraitu zuten Baga Biga Higa sentikarira arte –«hortik sortu zen, zerbait berria egiteko gogotik»–.
Sentikaria
1970ean sortu zen Baga Biga Higa sentikaria, Ez Dok Amairuren azken proiektua, eta Santurtzin eskaini zen lehenengoz –«ehundik 90ek euskaraz ez zekien publikoaren aurrean, baina hala ere arrakasta sekulakoa izan zen–. Eta handik Urnietara, Azpeitira, Beasainera... Aurkezpenik ez zuen behar orduan ikuskizun berriak; formatua guztiz desberdina zen. Argiak itzalita hasten zen, eta piztu ahala, Baztango mutil dantza egiten zuen talde osoak –«baita Lourdesek ere. Ondoen berak egiten zuen, dantza talde bateko zuzendari izan baitzen lehenago»–. Txirula isiltzen hasten zenean –«Luis Mari Bandresek jotzen zuen, baita alboka ere»– abesten hasten zen bat, eta kantua bukatu aurretik –«txalo egiteko denborarik gabe»–, bestea hasten zen abesten, argiekin jokatuz.
Iraultzaren amaiera
Sentikari haren ondotik etorri zen Ez Dok Amairuren amaiera. Zatiketa izan zen arrazoi desberdinen eraginez. Denborak sortutako nekea –«Ez Dok Amairu agortzen ari zen»–, kanpo presioa –«talde armatutik»– eta sindikatuen arteko borroka –«ELA-STV eta ELA-Askatuta, eta taldean bietatik zegoen»–.
Besterik ere izan zen. Ez zen sekula Baga Biga Higa sentikariaren grabazio ofizialik argitaratu. Taldeak grabaketa bat egin zuen Urnietako salestarretan Fernando Larruquertekin, baina zinta handi haiek Getaria kalean «norbaiten» esku utzi zituen –«nik badakit nork zituen»– eta ez ziren gehiago agertu. Joxan Artzeren poema erdi erotiko batekin –«‘zatozte, zatozte gazteok, zatozte feria honetara. Hemen badaude sarrailak zuen giltzarentzat eta giltzak zuen sarrailarentzat’»– ere sortu zen ika-mika... eta proiektuak behera egin zuen. Zazpiribai eta Ikimilikiliklik sortu ziren gero, baina Ez Dok Amairuk eman beharrekoak emanak zituen ordurako. Amets bihurtu zen berriro.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
