NAIZ

Bi preso palestinar, «hilzorian», 68 eguneko gose grebaren ostean

68 egun daramatzate gose greban Anas Shadid eta Ahmad Abu Farah preso palestinarrek. Kargurik gabe preso dituzte eta hitz egin, arnas hartu, edan edo entzuteko gaitasuna galtzen hasiak dira.

19 eta 29 urteko Anas Shadid eta Ahmad Abu Farah preso palestinarrak «hilzorian» daude, 68 eguneko gose grebaren ostean. Abuztuaren hasieran atxilotu zituzten, eta kargurik gabe dituzte preso. Arrazoiak sekretuak dira, baita atxilotuentzako ere.

Abokatuak jakinarazi duenez, Shadid zaintza berezietan dago eta ondorio konponezinak ditu dagoeneko. Asaf Harotfeh ospitaleak Auzitegi Gorenera igorri duen txostenean haien bizitzak «benetako arriskuan» daudela ohartarazi du.

Preso palestinarren aferak lantzen dituen taldeak, era berean, hitz egin, arnas hartu, edan edo entzuteko gaitasuna galtzen hasiak direla azpimarratu du.

Israelek atxiloketa administratiboak egiteko lege bat onartu zuen, kargurik gabe sei hilabetez atxilotzeko aukera emanez. Sei hilabete hauek era mugagabean luza daitezke. Israelek 7.000 palestinar inguru ditu preso, hauetako 720 inguru atxiloketa administratiboen bitartez. 400 preso 18 urtez azpikoak dira.