Tacuenseren aurka, Ligako azken sailkatuaren aurka, lehiatu da Reala igande eguerdi honetan Zubietan. Lehia baino gehiago, baina, jipoia izan da, neurketak ez baitu kolorerik izan (8-1).
Titay Calvok ireki du markagailua, neurketa hasi berritan zela, lehenengo minutuan, atzetik zetorrenaren adibide gisa. Seigarren minuturako egin du bigarrena Naiara Beristainek, eta 27.ean Manuela Lareok hirugarrena igo du markagailura.
Atsedenera iritsi aurretik beste bi gol gehiago egiteko beta izan dute txuri-urdinek: 37. minutuan bere bigarrena egin du Titay Calvok eta Leyre Fernandezena izan da bosgarrena, 41. minutuan.
Atsedenaldia eta neurketa bereak emanda dagoeneko, oraino beste 45 minutu luze jokatzekoak baziren ere. 60. minutuan egin du taldearen seigarrena Nahikari Garciak, eta minutu bat beranduago sartu du lotsarenekoa Andrea Marrerok Tacuenserentzat.
72.ean Naiara Beristainek bere bigarrena eta taldearen zazpigarrena erdietsi du, eta neurketa luzapenean zela amaierako 8-1 ezarri du Ibindakok.
Hiru puntuak poltsikoan, sailkapen nagusiko zonalde epelean kokatu dira donostiarrak.
Emakumeen Ligako sailkapen eta emaitzak, hemen.