NAIZ
BILBO

Bakion emakume bati eginiko sexu erasoa gaitzetsi dute ehunka herritarrek

Ostegun gauean sexu erasoa jasan zuen emakume batek Bakioko Basigo auzoan. Ertzaintzak ustezko egilea inputatu egin duela jakinarazi du eta, iluntzean, ehunka herritarrek jazotakoa gogor salatu dute herriko kaleetan barrena.

Erasoaren aurkako martxa egin dute Bakioko kaleetan, Udalak deituta.
Erasoaren aurkako martxa egin dute Bakioko kaleetan, Udalak deituta.

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bakion gertatutako sexu erasoaren ustezko egilea identifikatu eta inputatu egin duela.

Emakumearen salaketaren arabera, erasoa iragan ostegunean gertatu zen, gaueko hamaikak laurden gutxitan. Kaletik zihoala, gizon bat hurbildu zitzaion eta, ukituak egiteaz gain, musu ematen saiatu zen.

Gertatutakoaren berri eman zien Ertzaintzari eta Udaltzaingoari eta gaur bertan jakinarazi du Polizia autonomikoak gizonezkoa identifikatu egin duela eta sexu eraso delitu bat egotzita inputatu egin duela.

Eraso hau salatzeko, Udalak deituta, martxa bat egin da herriko kaleetan barrena. Ehunka lagun bildu dira.