Jon Ormazabal

Irribarria-Merino II.ak ihes egin diote azken postuari (18-22)

Partida handia jokatu dute azken bi sailkatuek Arrasaten baina Aspekoek goruntz egin dutela berretsi dute iazko azpitxapeldunen aurka.

Goruntz doa Irribarria txapelketak aurrera egin ahala. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Goruntz doa Irribarria txapelketak aurrera egin ahala. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Sailkapeneko azken bi bikoteek jokatu dute gaur Arrasateko Uarkapen, baina taulak zioenaren aurkako partida izan da Santamas egunekoa, laurek lehia polita eskaini dute eta. Hala ere, Irribarriak beste freskotasun bat erakutsi du aurrealdean, lehiaren amaieran gehiago asmatu du Bengoetxeak baino eta garaipen oso garrantzitsua lortu dute Aspekoek, iazko azpitxapeldunak azken postura kondenatuz.

Txapelketako partida betea izan da Arrasatekoa, orekatua, lehiatua eta nahiko piloteatua lehen erdian behintzat –10-12rako 377 pilotakada zituzten joak. Bi atzelariek luze ibili dute pilota eta aurrelariak, bakoitza bere armak erabiliz saiatu da tantoa amaitzen. Botez eta sotamanoz epelak joz Irribarria eta jokoa, batez ere sakez, nahasten Bengoetxea VI.a.

Denbora gehienean urdinak aurretik joan diren arren, pare parean heldu dira azken txanpara (17-17) eta hor askoz gehiago gorantz egiten ari den Irribarriak, partida bere aldera eramanaz.