NAIZ+

Azpeititik ‘Forbes’ aldizkariaren zerrendara

Sormen handiko negozioen zerrenda egin du ‘Forbes’ aldizkari ekonomikoak eta lehen ehun postuen artean dago Enrique Arrillaga, Azpeitiko Lufe altzari enpresako zuzendaria.

Lufe enpresako irudia. (Marisol RAMIREZ. FOKU)
Lufe enpresako irudia. (Marisol RAMIREZ. FOKU)

Munduan etorkizun eta sormen handiena duten enpresari eta ekintzaileen zerrenda egin berri du ‘Forbes’ aldizkari ekonomiko entzutetsuak eta lehen 100 postuetan Azpeitiko Lufe altzari enpresako jabea den Enrique Arrillaga aurkitu dugu.

«Euskal Ikea» gisa ezaguna da Azpeitiko Lufe altzari fabrika. Zurezko diseinu sinplea eta funtzionala eskaintzen dute eta dena hobetu ezinezko prezioan. Bertako nagusi da Enrique Arrillaga eta albistea sinistu ezinik dabil. ‘Lufe altzariak, hondamenditik Forbes zerrendara bost urtetan’ goiburua duen artikuluan euren ezustekoa agertzen dute.

Azpeitiko Anardi industrialdean du lantegia Lufek eta zortzi langilerekin hasi zuen bidea orain bost urte.Lau ezaugarri dituzte Lufen ekoizten dituzten altzariek eta enpresaren arrakasta ezaugarri horiengan daudela sinistuta daude arduradunak. Batetik, bertako pinua erabilita, bertan ekoizten dute eta bestetik, edonork erosteko moduko produktu unibertsalak egiten dituzte. Horrez gain, diseinu guztiek funtzio jakin bat dute eta azkenik, ekologikoak dira altzari guztiak.

Beste hiru euskal ekintzaile

Arrillagarekin batera beste hiru euskal ekintzaile daude. Pukas surf enpresako sortzaile den Iñigo Letamendia, Andoni Luis Aduriz sukaldaria eta Fernando Aramburu idazlea, hain zuzen ere.

Surf oholak ekoizten zituen Zarauzko tailerrarekin eta arropa saltokiarekin sortu zen Pukas, 1976an. Mundu osoan ospea hartu zuten txapelketak antolatu zituzten ostean, eta gaur egun surf eskolak ere eskaintzen dituzte. Iñigo Letamendia izan zen sortzailea.

1971. urtean Donostian jaio zen ostera, Andoni Luis Aduriz. Egun sukaldari entzutetsua bada ere, pizzeria bateko sukaldean egin zituen bere lehen urratsak. Egun Mugaritz jatetxeko zuzendaria da. Munduko eliteko hamar jatetxe onenen artean dago, aurreko astean bertan lortu baitu Bilbon The World's 50 Best Restaurants zerrendako 9. postua.

Fernando Arambruru gaztelaniaz idazten duen olerkari, eleberrigile eta saiakeragile gipuzkoarra ere ageria da zerrendan.

Booking, LinkedIn, YouTube edo Tripadvisor moduko enpresak eta Rihanna edo Tom Dixon moduko izenak ageri dira ehun izenen zerrendan.