NAIZ

Sindikatu eta patronalek Madrilen sinatu akordioa kritikatu dute ELA eta LABek

«Gomendio hutsa» da Madrilen CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek erdietsitako hitzarmena ELA eta LAB sindikatuen arabera. Soldata igoera KPI-arekin lotura gabea izatea kritikatu dute, baita gutxieneko lansaria 1.000 eurokoa izatea ere.

CEOE, Cepyme, UGT eta CCOO-ko arduradunak, atzo Madrilen. (@Dircom_CEOE)
CEOE, Cepyme, UGT eta CCOO-ko arduradunak, atzo Madrilen. (@Dircom_CEOE)

CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek Madrilen sinatu Negoziazio Kolektiboko Estatuko Akordioaren gaineko balorazioa egin dute ELA eta LABek. Kritikatutako elementuen artean soldata igoerarena da aipagarriena.

«Gomendio hutsa», ez normatiboa, da aipatu sindikatu eta patronalek erdietsitako akordioa. «Beraz, ez da zuzenean aplikatuko, eta sektore eta enpresatan dauden indar korrelazioaren araberakoa izango da», zehaztu du LABek.

Aipatu soldata igoera –%2 artekoa–, gainera, KPI-arekin loturarik gabea izango da. «Soldatek prezioen garapenarekin loturarik ez izateak oso ondorio larriak izan ditzake langileriarentzat», azaldu du ELAk.

Hitzarmenak ezartzen duen gutxieneko 1.000 euroko soldata euskal gehiengo sindikalak proposatzen duen 1.200 euroko erreferentziaren azpitik dago. Ondorioz, LABek uste du Madrileko akordioa ez dela Euskal Herrian erreferentziazko tresna izango.

Euskal Herrian negoziatzen diren lan baldintzen aldeko apustua egiten du LABek eta, zentzu horretan, prekarietateari aurre egiteko «autonomia» eskatzen du ELAk. «CCOO eta UGT bake soziala emateko prest daude, patronalak horren truke ezer emango ez badu ere; prekarietatearekin amaitzeko ez dago konpromisorik», salatu du ELAk.