
Etxerat elkarteak zapi kateak eratu ditu gaur, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren Egunean, Gasteizen eta Iruñean, parlamentuen aurrean, eta Baionan, Herriko Etxearen aurrean, «pertsona ororen eskubide guzti-guztien errespetua, aitortza eta ezarpen unibertsal eta eraginkorra» aldarrikatzeko.
«Euskal preso politikoen senide eta gertukoek zapi kateak burutu ditugu, zapiari helduta, giza kateak osatuz, zeren frantziar eta espainiar estatuek oraindik aplikatzen duten salbuespen espetxe politikak, hain justu presoen dispertsioak eta urrunketak, gure eskubideak urratu egiten dituelako», nabarmendu dute Gasteizen Urtzi Errazkin eta Pilar Gonzalezek.
Ohartarazi dutenez, euskal gizarteak, Euskal Herriko instituzio zein erakunde politiko eta eragileek «salbuespen espetxe politikaren bukaera eskatzen dute. Baina oraindik ere euskal preso politikoen senide eta gertukoek modu zuzenean pairatzen ditugu politika ankerraren ondorioak».
«Ez zaie axola gu balizko biktimak izaten jarraitzea; adin txikiengan dispertsioak modu bortitzean eragiten duena ez dute onartu nahi; berdin zaie presoen guraso eta gaixorik dauden senideak bisitarik gabe gelditzea. Gauzak horrela, estatuek ez dute zilegitasunik aldarrikapen unibertsala ospatzeko», gaineratu dute.
Eta «kontrapartidarik gabeko gure eskubideen errespetuaren alde» lanean jarraituko dutela iragarri dute. «Salbuespen espetxe politika mantentzen duten arduradunak salatuko ditugu, eta gaurko eguna zinez ospatzeko baldintzak lortu arte, euskal gizartearekin bidea egiten jarraituko dugu», adierazi dute.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El PNV defiende a Imaz y el PP lo elogia tras doblegarse ante Trump y una pintada en Zumarraga

Guardia Zibilak Altsasuko gaztetxearen eta Udalaren aurka egin du, zazpi kontzertu aitzaki

Dos paradas de Marrero en los penaltis dan el pase a la Real ante Osasuna en un partido agónico


