
Estitxu Robles Aranguiz kolegioaren txanda izan zen atzo. Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko bozeramaileak lagunduta, Libanotik ihes egin zuen Maher eta Boli Kostatik abiatu zen Mohamed gazteak 13 urteko ikasleen jakingura asetzen saiatu ziren.
Historia eta Geografia ikasgaiaren baitan eman zuten bi etorkinek beren esperientziaren eta ibilbidearen berri. Duela 8 urte, 9 urte zituela, etxetik abiatu zen Mohamed adingabeak harri eta zur utzi zituen entzuleak Espainiara iristeko Marokon pasa zituen 4 urteetan bizi izan zituen bizipen gogorrak kontatu zituenean.
Maher izeneko Biologiako ikasleak, ostera, 20 urte zituela talde armatuek egindako mehatxuen beldur, Beirut utzi eta familiarekin Alemaniara abiatu zen. Asilo eskaera ukatu ostean Alemaniatik kanporatu zituzten, eta Estatu frantsesak ere ez die sinesgarritasunik eman nahi izan; beraz, egun, paperik gabeko etorkinak dira, «noizbait gure asilo eskaera onartuko ote duten zain».
Kolegioko 26 ikasleek 2 hizlariei egin zieten itaunketa gogorra izan zen, baina are eta gogorragoak izan ziren haien erantzunak. «Ospitale batean jaio zineten?», «inoiz egun bat egin duzue deus jan gabe?», «nola egiten duzue bizirauteko?», «zenbat hizkuntza hitz egiten dituzue?» eta halako galderak erantzun zituzten. Aitzitik, hizlariek gauza bat argi utzi zuten. Beren herrialdera itzultzeko baldintzak izanez gero, «etxera itzuli nahi dugu».
«The New York Times»
Baionako ikastetxeetatik harago, Lapurdiko hiriburuan etorkinen afera puri-purian da, eta horren adierazle da, esaterako, Jean-Renek Etchegaray auzapezak Estatu frantseseko ordezkariekin duen tirabira.
Gauzak horrela, “The New York Times” hedabideak Etchegaray goraipatu eta Macronen Gobernua etorkinen gaian «anbiguoa» dela dioen erreportaje zabal bat kaleratu zuen otsailaren 12an. Baionako aterpetxeko argazkiekin lagundutako artikuluaren izenburuak honela dio: «Gobernuaren nahiaren kontra, auzapez frantsesak aterpea eskaintzen die etorkinei».

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
