Nafarroako Auzitegiko lehen atalak 450 euroko zigorra ezarri dio Imanol Salinas LABeko sindikalistari eta, beraz, neurri batean onartu egin du sindikatuak jarritako helegitea. Auzitegi bereko laugarren aretoak 21 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen. LAB sindikatuaren Borroka Kutxak hartuko du bere gain aipatutako isuna.
Egitateen kalifikazioa nabarmen apaltzen du epai berriak, mehatxu arinak aipatzen baititu. Hau da, «Labella epailearen tesi burugabea, hots, megafono, pankarta eta pegatinak batera erabiltzea bortizkeriatzat jo daitekeela, bertan behera uzten du epaiak».
Iruñean astearte honetan emandako prentsaurrekoaren bitartez jakinarazi du berria sindikatuak, Itxaso Torregrosak eta Imanol Karrera kideen bitartez. Egun hauetan jasotako elkartasuna eskertzeko hartu du hitza Imanol Salinasek. Kartzela zigorra berretsiz gero, «desobedientziaz» erantzungo zuela ohartarazi zuen Salinasek duela astebete.
Imanol Salinasek bihotzez eskertu du jendeak emandako elkartasuna eta babesa, eta adierazi du berriz ere frogatu dela mobilizazioek berebiziko garrantzia dutela injustiziei eta esplotazioari aurre egiteko.
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) 2019(e)ko urriaren 1(a)
📣#ImanolLibre !!
📣#BorrokaSindikalaAurrera pic.twitter.com/E3c3RJix8Q
«La Sangiovesa eta Huerta de Peraltako borroka arrakastatsuen ondotik jasotako isun ugariei eta lau prozesu penalei aurre egiteko sortutako Borroka Sindikala Aurrera kanpainaren atal bat itxi berri da», adierazi du LABek.
Orain, urriaren 10eko epaiketaren zain daude Salinas eta ‘Jotas’ Oses. Huerta de Peralta enpresaren atean furgoneta bat aparkatzeagatik epaituko dituzte. Sindikatuaren esanetan, greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzea eta Murtzia nahiz Almeriatik ekarritako lehengaien sarrera eragoztea zen ekintza horren helburua. Bakoitzarentzak 12 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute.