NAIZ

Anton Abbadia saria jaso du Arantxa Urretabizkaiak

Arantxa Urretabizkaiak jaso du Gipuzkoako Diputazioak ematen duen Anton Abbadia saria, euskararen normalizazioaren alde egindako ekarpenagatik eta euskal literaturan emakumearen imajinarioaren eraldaketan aitzindari izateagatik. Udane Juaristi artistaren obra bat jaso du sari gisa.

Arantxa Urretabizkaiak jaso du Anton Abbadia saria. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Arantxa Urretabizkaiak jaso du Anton Abbadia saria. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetari donostiarrak jaso du 2019ko Anton Abbadia saria. Gipuzkoako Diputazioak ematen du saria eta, aurten, epaimahaiak aho batez erabaki du Urretabizkaiarentzat izan behar zuela, euskararen normalizazioaren alde egin duen ekarpenagatik eta euskal literaturan emakumearen imajinarioaren eraldaketaren alde egin duen lanagatik: «Urretabizkaiak bizitza osoa darama euskararen alde lanean, baita egoerarik zailenetan ere, eta euskara batuaren erabilera normalizatzea lortu zuen eta gure hizkuntza aro modernora ekarri zuen belaunaldiaren ordezkaria da. Gainera, aitzindaria izan da euskal literaturan emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan», azaldu zuen Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak sariaren iragarpenean.  

Urretabizkaiaren lan aipagarrienen artean daude ‘Zergatik, Panpox’ (1979), ‘Koaderno Gorria’ (1998), ‘3 Mariak’ (2010), ‘Zuri-beltzeko argazkiak’ (2014) edota ‘Bidean ikasia’ (2016), gaztelaniara eta, zenbait kasutan, beste hizkuntza batzuetara ere itzuliak izan diren lanak guztiak. ‘Bidean ikasia’ saiakerak, gainera, Euskadi saria lortu zuen, euskarazko saiakeraren alorrean. Hain zuzen, obra horretaz luze eta zabal mintzatzen da berriki GAUR8ri eskainitako elkarrizketa batean.

Sari-emate ekitaldian Udane Juaristi (1985) artista azkoitiar gazteak egindako obra bat jaso du. Juaristik Arte Ederretako lizentzia lortu zuen Bilbon eta Parisko Arte Ederretako Goi mailako Eskolan.