Isabelle LIGNER (Afp)

Asilo eskatzaileek bizitza berria eman diote mendi arteko herri txiki bati

Landaguneko exodoak oso egoera zailean ipini zuen Chambon-le-Château herri frantses txikia. Bertakoek asilo eskatzaileak hartu dituzte hilzorian ikusten zuten herriari berriz bizia emateko, beste leku askotan nahiago izaten duten jarrera xenofoboa alde batera utzita. Bakardadeari aurre egin behar diote kanpotarrek.

Landaguneko exodoak oso egoera zailean ipini zuen Chambon-le-Château herri frantsesa. Bertakoek asilo eskatzaileak hartu dituzte hilzorian ikusten zuten herriari berriz bizia emateko. Bakardadea jasangaitza egiten da mendi artean kokatutako herrian.

Asilo eskatzaileak eta horien familiak hartu dituzte frantses Estatuko populazio dentsitate txikiena duen departamenduan. Lozere mendikatearen ondoko Chambon-le-Châteauk 300 biztanle ditu eta horietako %20 asilo eskatzaileak dira.

Egunsentiko kolore zoragarrian, harrizko etxe zaharren artean, jatorri ezberdinetako gurasoak eskolara doaz, seme-alaba txikiei eskutik helduta. Siriatik, Sudandik edo Boli Kostatik ihes egindako pertsonak dira. Emakumezkoek Afrikako oihal dotoreak daramatzate.

Bertako gurasoek, berriz, autoz eramaten dituzte ikasle gazteak eskolara. Ez diete jaramon handirik egiten kanpotik etorritakoei. Batzuetan agurtu ere ez. Baina umeen artean giroa oso bestelakoa da: frantses jatorrikoak batzuk, Afrikatik, Ekialde Hurbiletik edo Asiatik etorritakoak besteak, elkarren artean nahastu eta garai bateko isiltasuna apurtuta jolasean hasten dira haurrak. Pozaren zalaparta.

Eremu menditsuetan fenomeno bera gertatu da hamarkadotan. Eskola asko itxi egin ziren, herritarrek hirietako bidea hartu ondoren. Barne migrazioa da, nekazaritza eremuek jasaten dutena.

Chambon-le-Châteaukoa kasu berezia da ordea, gaur egun lau ikasgela baititu zabalik, eta horietako bat frantsesez egiten ez dutenentzat. Eskolak 46 ikasle ditu, eta horietako 16 joaten dira gela ezberdin horretara.

«Zortzi urteko nire semearentzat, herrialde ezberdinetako umeak ezagutzeko aukera ezin hobea da eskola», esan dio kazetariari abizena eman nahi ez duen Valeriek.

Marie Amelie Papon irakasleak esan digu «umeak ondo nahasten direla». Bere gelan txikienak ditu, haur eskolakoak, eta horien artean 11 dira Boli Kostatik, Gineatik, Sudandik edo Siriatik etorritakoak. Horientzat guztientzat egokia izango den klasea antolatzea oso lan astuna izaten da kasu batzuetan. Malabarista izan behar da frantsesez egiten dutenak eta egiten ez dutenak gustura egon daitezen lortzea, baina esperientzia «bizkorgarria» dela esaten digu.

Krisia eta abegi zentroa

Babes bila ihes egindako familiak hartzeko ideia ez da atzo goizekoa, orain hamasei urte bururatu baitzitzaien Chambon-le-Châteaun. «Frantzia Asilo Lurra gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen duen abegi zentroa momentu larri batean iritsi zitzaigun. Esneki lantegi bat eta gizarteak baztertutako 80 gazte hartzen zituen lanbide heziketa zentro bat itxi izanak krisi ekonomiko larria eragin zuen udalerrian», gogorarazten du Michel Nouvelle 62 urteko alkateak. «Arazoak dituzten pertsonak hartzen esperientzia genuen eta bide horretatik segitu nahi izan genuen», erantsi du.

Erabakia ez zen uste bezain erraza, herrialdeko beste leku askotan alkateak eta biztanleak tankerako egiturak antolatzearen aurkakoak baitira. Frantzia da Europar Batasunean asilo eskari gehien jasotzen dituen bigarren herrialdea, Alemaniaren atzetik (Eurostaten arabera, 110.500 eskatzaile 2018an). Beraz, ez dago nahikoa harrera zentrorik. Egoera horretan, kanpalekuak sortu ziren han-hemenka, batez ere Paris hiriburutik gertu.

Chambon-le-Châteaun gauzak beste modu batean egin dira, ordea. «Abegi zentroari esker, eskolak bizirik jarraitzen du, posta bulegoa ez zuten itxi, lanpostu askori eutsi diogu, baita farmaziari eta medikuari ere», nabarmentzen du alkateak. Aldi berean, Estatuko neurri bereko udalerri askotan zerbitzu horiek galdu egin dituzte pixkanaka. Asilo eskatzaileek urtean 20.000 euro ematen diote Udalari eta zenbait negoziok ere diru sarrera egonkorrak dituzte orain haiei esker. Frantzia Asilo Lurra gobernuz kanpoko erakundeak etxeak eta apartamentuak alokatzen dizkie Udalari berari edo jabe partikularrei, asilo eskatzaileak bertan bizi daitezen.

Neguko eguzkia aprobetxatu nahian, afrikar eta siriar jatorrikoak udaletxeko plazako bankuetan eserita egoten dira. Bertan wifia doan dute eta urruti dituzten senideekin hitz egiteko baliatzen dute aukera. Bestela zeregin handirik ez da eskaintzen frantses mendietako herri klasiko txiki honetan: XIV. mendeko gaztelua, eliza, iturria eta hiririk hurbilena 30 kilometrora. Biztanle berriok animazio gutxiko plazan edo etxean pasatzen dute eguna. Denbora oso mantso doa hemen.

«Hau da Lurraren muturra, hemen bizitzea zaila da», esan du Juniorrek, 30en bat urteko ginearrak. Ondoan dituen hogeiren bat eskatzaileek baietz diote buruarekin. Segurtasun neurriak direla-eta, ez dute beren benetako izenik ematen.

Plazan daudela, herritar batzuek alferkeria ikusten diete eta «burugogorrak» deitzen diete, alkateak onartu duenez. Udal agintariak gogorarazten die beren asilo eskariari erantzun arte ezin dutela lanik egin.

Mugikortasuna falta

«Herria ederra da; biztanleak, atseginak; azkenean seguru gaude, baina guretzat oso zaila da horrelako leku batean bizitzea, hain bakartuta dagoen herrian, lanik ezin egin, garraio publikorik gabe, supermerkaturik gabe, autonomiarik gabe, frantsesez ikasteko oso klase gutxirekin eta laguntza psikologikoa jasotzeko aukerarik gabe», laburtu du beren egoera Nadimek, 30en bat urteko siriarrak. Orain zazpi hilabete iritsi zen, bere herrialdeko gerratik ihes eginda.

«Mugikortasuna arazo larria da, erabat bakartuta baikaude», onartu du Mylene Moreau abegi zentroko zuzendariak. Nekazaritza eremuetan garraio publikorik ez izateak kalte handiagoa egiten die kanpokoei bertakoei baino, azken horiek autoak baitituzte.

Merkataritzari dagokionez, herrian farmazia, taberna, harategia eta okindegi-denda txiki bat dituzte. Prezioak garestiegiak dira asilo eskatzaileek izaten duten diru kopuru txikiarentzako (egunean 17 euro, bi seme-alaba dituen bikotearentzat). Supermerkatu batera edo espezialistarengana joateak lan asko ematen du. Hurbilen daukaten hirira –ordubeteko bidea– joateko harrera zentroak berak antolatutako garraioa erabili behar dute.

Gerrak, jazarpenak eta erbesteko bide arriskutsua ezagutu dituzten gizon-emakumeontzat, bakardadean eta inolako luxurik gabe bizitzea argitu egiten zaie bilera edo jarduera ezberdinekin. Boli Kostako Awak eskolan eta bertako jangelan laguntzen du, debalde: «Etxetik irten gabe egoteaz neka-neka eginda nengoen».

Gitarra eta futbola

Shamim Bangladeshkoa da eta herrian egin zen azken musika festan gitarra eskatu zuen, jendaurrean bere abestiak eskaini ahal izateko. Negua atzean utzi eta futbolean berriz hastea nahi du, bertakoekin egoteko izaten duten aukera ia bakarra. Hala ere, gizon gaztearentzat garrantzitsuena lan egitea da, «neronentzat eta Frantziari laguntzeko».

Bakardadea da Chambon-le-Châteauk duen ezaugarririk aipagarriena. 2003az geroztik, familia bakar batek erabaki du bertan geratzea errefuxiatu estatusa lortu ondoren. Madagaskarrekoak dira.

Asilo eskatzaileari ezezkoa eman ondoren, guraso eta ume askok alde egin beharra izan dute. 2018an, herri txiki honetan asiloa eskatu zutenen %24ri baino ez diete eman babesa. Joan egin behar. Une gogorra izaten da eskolan, Roxane Grousset irakasleak esplikatu duenez: «Emozioei dagokienez, oso zaila da. Geure ikasleek joan beharra izaten dutenean, erabat suntsituta geratzen gara».