NAIZ

Azaroaren 25erako mobilizazioak iragarri ditu Bilboko mugimendu feministak

Bilbo Feminista Saretzen plataformak itsasadarraren bi aldeak «okupatzeko» deia egin du Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, azaroak 25, ‘Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu’ lelopean.

Bilboko mugimendu feministaren prentsaurrekoa azaroaren 25erako aurreikusita dauden ekintzen berri emateko. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Bilboko mugimendu feministaren prentsaurrekoa azaroaren 25erako aurreikusita dauden ekintzen berri emateko. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Asteazken honetan emandako prentsaurrekoaren bitartez, Bilbo Feminista Saretzen plataformak itsasadarraren bi aldeetan giza kateak egiteko deia egin du Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, azaroak 25, ‘Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu’ lelopean.

Ekimena 19.30ean hasiko da, eta Udaletxea eta La Salve zubiaren arteko tartea hartuko du. Parte hartzeko, zuzenean bertara joan ahal izango da edo zenbait auzotatik irteteko antolatuta dauden zutabeetara joan.

Gainera, egun horretan, indarkeria matxistaren aurka leihoetan zein balkoietan kolore moredun objektuak eskegitzeko deia ere egin du mugimendu feministak.

Bilbo Feminista Saretzenek salatu dunez, konfinamenduak indarkeria matxistak areagotu zituen eta indarkeria horiek areagotzea bultzatu zuen. «Pandemiak eta ezarritako neurriek emakume askoren egoera okertu zuten: askok erasotzaileekin giltzapetu behar izan zuten; hainbat langile lanean konfinatu behar izan ziren; arrazismo instituzionalarekin; zaintza eta telelana uztartzeko zailtasunak; kaleratze gehiago...

Hori dela eta, azaroaren 25ean euren ahotsak entzunarazteko beharra azpimarratu du plataformak: «Ez dugu onartuko COVID-19ak aspaldiko pandemia zaharrak ezkutatzea».