Emakumeek elkarrizketaren aldeko Ahotsak ekimenaren historia biltzen duen txostena aurkeztu dute gaur. Bartzelonako Escola de Cultura de Pau delakoak egin du 2000. urtean abiatu zen ekimenaren ibilbidearen balorazioa. Hasiera batean Batasuneko Jone Goirizelaia eta PSEko Gema Zabaletak bultzatu zuten ekimena. Txostenaren egiletako bat den Maria Villellasek azaldu duenez, lehen fase horren ondoren zirkulua handitzeari ekin zioten eta Gasteizko Parlamentuko emakume hautetsienganara zabaldu zen. PP izan ezik alderdi guztietako emakumeak batu ziren ekimenera (EAJ, EB, EA eta Aralar). Nafarroan ere antzeko erantzuna jaso zen (UPN izan zen kanpoan gelditu zen alderdi bakarra) eta Ipar Euskal Herrian ere aktibatu zen. Hirugarren fasean, elkarrizketa eta akordioaren beharrak sozializatera pasatu ziren, politikariez haratago zabalduz, esparru sindikalera eta sozialera helduz. Alderdi hauen arteko elkarrizketa eta akordioak gaur egun ez dira arrotzak baina garai hauetan ia ia utopiatzat jo ahal ziren.
Izan ere, elkarrizketa eta akordioaren beharra islatzea izan zen Ahotsak ekimenak lortu zuen helburuetako bat Villellasek nabarmendu duenez. Desberdinen arteko elkarrizketa eta akordio ikusaraztea, emakumeak mobilitzea, bake-prozesuari babesa ematea, «bestearekin» harreman politiko eta pertsonalak humanizatzea eta gatazkaren konponbiderako epe luzerako aportazioa egitea izan ziren, Villellasek egin duen txostenaren arabera, Ahotsak ekimenak lortu zituen eragin positiboak. Maria Villellasekin batera Ana Villellas eta Pamela Urrutia aritu izan dira txostena egiteko lanean.
2006ko apirilean karrikaratu zuen Ahotsak ekimenak bere sortze-agiria, nahiz eta aldez aurretik, urtetan lan eskerga egina izan. Bertan, hiru oinarrizko premisa zeudela gogoratu dute gaur ekimenaren kide diren Nekane Alzelaik eta Gema Zabaletak. Lehena, bakea lortzea eskakizun kolektiboa eta lehentasun politikoa zela, «denon lana» alegia. Bigarrena, proiektu politiko guztiak defendatzea zilegi dela aldarrikatzen zuen, horretarako «bide politiko eta demokratikoak» erabili behar direla nabarmenduz. Hirugarrenik, Euskal Herriko gizarteak marko juridiko-politikoaren gaineko erabakia duela, aldatzeko ala mantentzeko, azpimarratzen zen.
Emakumeen balioa
Emakumeez osaturiko dinamika da Ahotsak eta horren balioa nabarmendu dute Alzelaik eta Zabaletak. Munduko beste lurraldetan gatazken konponbiderako eredu bezala hartu izan dutela azpimarratu dute ere. «Gatazkaren biktimak ikusten ohi dira orokorrean emakumeak, baina Ahotsak ekimenean erabakitzeko gaitasuna zuten sujetu politikoak bilakatu ziren», gaineratu du Villellasek. Ahotsak bezala ekimenek gatazketan dagoen elementu patriarkala agerian uzteko ere balio dutela esan du adituak.
Momentu honetan Ahotsak «stand by» egoeran dagoela adierazi du Zabaletak, baina bere prozedura egungo egoera politikoan erabilgarria izan daitekela nabarmendu. Elkarbizitzan aurrerapusuak emateko eta errelatoaren inguruan Ahotsak ekimenaren planteamenduak gaurkotasuna dutela esan du.
Honekin batera, ekimena ahotsen aniztasunean eta hauek duten amankomuneko oinarri minimoa kontuan izaten dituela eta zubiak eraikitzeko tresna dela era gaineratu du Zabaletak.
Abenduaren 2an 16.00etan Kursaalen ekitaldia egingo du Ahotsak ekimenak. Pandemiak behartuta 50 lagun baino ezin izango dira zuzenean bertan izan baina YouTuberen bidez ikusteko aukera ere izanen da. Bertan, beste gatazketan emakumeeek izaten duten papera aztertuko dute. Besteak beste, Sahara, Guatemala edo Kolonbiako emakumeak arituko dira.