NAIZ

Ertzaintzaren segurtasun kontrol zorrotzekin eta zalerik gabe abiatu da Athletic Sevillarantz

Athleticeko gizonezkoen taldea arratsaldeko seiak bueltan atera da Lezamatik Loiuko aireporturako bidea hartzeko. Hilaren 1ean, Realaren aurkako finalaren atarian, ehundaka zale hurbildu ziren taldea agurtzera eta jende pilaketa saihesteko Ertzaintzak segurtasun kontrolak areagotu ditu egun osoan. 

Ibai Gomez eta Raul Garcia, Sevillako aireportuan. (@AthleticClub)
Ibai Gomez eta Raul Garcia, Sevillako aireportuan. (@AthleticClub)

Hilaren 1ean, Athleticek Sevillako bidaia hasi behar zuenean, ehundaka zale bildu ziren Lezamako instalakuntzetan eta irudi horiek zeresana eman zuten, pandemiak eragindako salbuespenezko egoera honetan horrelako jende pilaketek harridura –eta kasu askotan ikara– sortzen baitute. Hurrengo egunean Zubietan ere kontu bera gertatu zen Realaren autobusarekin.

Zalapartaren bueltan, zaleen berotasunaren aurrean, ezer egin ezin zitekeela eman zen aditzera baina ostegun honetan Lezaman ikusitakoak autokritikarako ere ematen du. Aste honetan bertan, Athleticeko presidente ordeak adierazi zuen klubarentzat «saihestezina zela zaleak Lezamara gerturatzea, hori baita gure esentzia». 

Duela bi aste gertatutakotik ikasita, sekulako segurtasun kontrolak aktibatu ditu Lakuako Segurtasun Sailak goizean goizetik, izan Lezaman eta izan Loiuko aireportuan ere. Honen helburua, duela bi asteko jende pilaketa saihestea zen eta taldea Lezamatik atera den uneko irudia ikusita, helburua bete egin dela esan daiteke. 

Kirol instalakuntzetako inguruetan ez da egon zalerik –hiru zalek lortu dute gerturatzea, EiTBko kameren arabera– eta taldearen bi autobusak Ertzaintzaren istiluen aurkako ibilgailuekin inguratuta atera dira –duela bi aste ibilgailu arruntekin lagundu zuten autobusa aireporturatz–. Gainera, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateak esku hartu du taldeari aireporturaino laguntzeko auto edo motor ilararik sortu ez dadin. 

Bilbo eremu gorrian egoteak ere agian izan du eragina, izan ere hiriburuak 400eko intzidentzia tasa gainditu duenez, bertatik ateratzea debekatuta dago. 

Bestalde, klubak ere ez du zehaztu autobusaren irteera ordua, duela bi asteko egoera ekidin asmoz. Gainera, Loiura Zamudiotik joan beharrean beste bide bat hartu dute.