Maite Ubiria

Bretoiera, okzitaniera, katalana eta euskararen bulego publikoen buruak, Molac Legearen alde

Frantziar 61 diputatuk Kontseilu Konstituzionalaren aitzinean helegitea ezarriz «kontsentsu zabala lortzeko asmoz idatzi eta bideratua izan zen legearen aurka jo izana» deitoratu dute gaur aho batez bretoiera, okzitaniera, katalana eta euskara sustatzeko jarduten duten lau erakunde publikoen buruek.

Brebet azterketa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko mobilizazio bat Donibane Lohizunen. (Bob EDME)
Brebet azterketa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko mobilizazio bat Donibane Lohizunen. (Bob EDME)

«Guk, bretoiera, okzitaniera, katalana eta euskararen erakunde publikoetako presidenteok, gure nahigabea, ulertezintasuna eta haserrea kolektiboki adierazi nahi ditugu, Konstituzio Kontseiluan tokiko hizkuntzen sustapen eta babesari buruzko Molac Legearen kontra ezarritako helegitearengatik».

Hitz horiekin hasten da lau hizkuntza gutxituen alde jarduten duten lau erakunde publikoetako kideek gaur zabaldu duten agiria.

Joan zen apirilaren 22an frantziar 61 diputatuk Kontseilu Konstituzionalaren aitzinean ezarritako helegiteak kontsentsu zabala lortzeko asmoz idatzi eta bideratua izan zen legearen aurka jo izana deitoratzen dute aipaturiko eragileek, urte luzez tokiko hizkuntzen aldeko politika publikoak eraikitzeko eta ekintzak egin ahal izateko «oztopo ugari eta talka errepikakorrekin talka egin dutela» oroitaraziz.

Horren parean, «Molac Legeak gure lurraldeetan handizki hedatuak diren egin-moldeak segurtatzeko eta garapen erraztu eta iraunkorrera buruz jotzeko lege esparru bat ekarri du», adierazi dute bretoiera, okzitaniera, katalana eta euskararen garapena bermatzeko lan egiten duten lau bulego publikoetako ordezkariek.

Helegitea ezarria izan zenetik ahots anitzek salatu dute azkeneko berrien arabera Hezkuntza Ministerioaren bultzadapean martxan jarri zen helegitea.

Horrela egin zuten joan zen ostiralean Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan, Baionan, Jean-Rene Etcheegarayren inguruan bildu ziren departamendu, eskualde eta frantziar Legebiltzarrean jarduten duten hainbat euskal hautetsik.

Paul Molac legearen sustatzaileak berak adierazitakoaren ildo beretik erasoa salatzearekin batera lau bulego publikoetako arduradunek baikortasun mezua zabaldu nahi izan dute.

«Aterabide baikorra espero dugu, eta legezko esparru erraztaile eta seguru batera heltzeko, obratzera deliberatuak gaude, nahikari handiko politika publikoa zabaltzeko parada emanen duena, sustatzen eta laguntzen segituko dugun eskaera sozial eta gizarte, politika eta instituzio mailako kontsentsuari erantzunen diona», adierazi dute Charline Claveau, Okzitanieraren Erakunde Publikoaren presidenteak; Katalanaren Erakunde Publikoaren presidentea izateaz gain Okzitania Pirinioak-Mediterraneoa Eskualdeko presidentea den Carole Delgak; Lena Louarn, Bretoieraren Erakunde Publikoaren presidenteak eta Bretainia eskualdeko lehendakariordeak, eta Euskararen Erakunde Publikoaren presidente eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntz politikarako lehendakariorde den Antton Curutcharryk.