NAIZ

Erreferenduma bultzatzeko mobilizazioa deitu dute uztailaren 3an Bilboko Areatzan

Gure Eskuren Hamaika Gara ekimenak erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bultzatzeko mobilizazioa deitu du uztailaren 3an Bilbon. Prozesua sostengatuko duen «oinarri zabal bat» egituratzeko beste ekintza batzuk jarri ditu martxan.

Hamaika Gara ekimenaren prentsaurrekoa uztailaren 3ko mobilizazioaren berri emateko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Hamaika Gara ekimenaren prentsaurrekoa uztailaren 3ko mobilizazioaren berri emateko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gure Eskuk eta beste hainbat eragilek sortutako Hamaika Gara ekimenak erreferendumaren aldeko sinadura bilketari babesa emateko mobilizazioa deitu du uztailaren 3an Bilboko Areatzan. Ostiral honetan eman dute horren berri Bizkaiko hiriburuan.

«Neke handiz pandemiari aurre egiten ari gara eta dagoeneko taldeko inpunitatea lortu ondorengo eszenatokian jarria dugu gure burua. Badirudi ez dagoela oso urrun, baina egoera horretara noiz helduko garen jakitea baino, garrantzitsuagoa iruditzen zaigu nola helduko garen erabakitzea. Krisi honetatik nola irtengo garen gure esku dagoela uste dugu», nabarmendu du Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak eragile guztien izenean.

Pandemiak eragindako egoeraren ondoren burujabeak izatea «hil edo biziko» kontua izan daitekeena adierazi du Alvarezek. «Autogobernu esaten dioten horrek ez digu bizi dugun osasun krisiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko gaitasunik eman. Autogobernua hau bada, ona dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa», gehitu du.

«Oinarria da arrakastaren bermea»

Alicia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak ere hartu du hitza agerraldian, eta «edozein gairi buruz erabakitzeko tresnak izatearen garrantzia» azpimarratu du. Horrenbestez, erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko lanean ari direla adierazi du eta prozesua sostengatzeko «oinarri zabal bat» beharrezkotzat jo du: «Oinarria da arrakastaren bermea».

Jon Fano Gaur Geroa pentsiodunen elkarteko bozeramaileak hurrengo hilabeteetarako Hamaika Garatik proposatutako ekintzak azaldu ditu. Alde batetik, hamaikagara.eus webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatzeko deia egin du. Era berean kanpainaren eskumuturrekoa erostea eta janztea eskatu du «ekimenarekiko konpromisoa adierazteko, ikusgarritasuna emateko eta finantzaketan laguntzeko».

Hamaika Sinaduren erronkari eustea ere eskatu du, hau da, inguruko hamaika lagunek manifestua sina dezaten saiatzea.

Azkenik uztailaren 3an Bilboko Areatzan deitu duten mobilizazioan parte hartzeko garrantzia nabarmendu du. Mobilizazioa Udaletxeko eta Areatzako zubien artean izango da eta parte hartzeko konpromisoa berrezten duen txartela 5 eurorengatik erosi ahal da webgunean.

«Sinadura bilketa babes masiboa lortzen badu, tamainako erantzuna eman beharko dute erakundeek», adierazi du Iribarrenek.