NAIZ

Lakuak atzera bota du EH Bilduk proposatu zuen ikus-entzunezkoen kontseilua sortzea

Astearte honetan bildutako Gobernu Kontseiluak argudiatu duenez, EH Bilduren lege proposamenean jasotzen diren kontuak «beste organo batzuek egoki bideratzen dituzte» dagoeneko. Erantzun honen ondotik, koalizio subiranistak epe motzera soilik begiratzea eta «anomalia bati eustea» egotzi dio Lakuari.

Pantailak Euskaraz ekimen sortu berriaren aldarrikapenetako bat da ikus-entzunezkoen euskal kontseilua sortzea. (PANTAILAK EUSKARAZ)
Pantailak Euskaraz ekimen sortu berriaren aldarrikapenetako bat da ikus-entzunezkoen euskal kontseilua sortzea. (PANTAILAK EUSKARAZ)

Lakuak uko egin dio EH Bilduk planteatutako ikus-entzunezkoen kontseilua sortzeari. Astearte honetan bildutako Gobernu Kontseiluak agertu duenez, lege proposamen horretan jasotako auziak «bideratuak» daude jada, «egoki funtzionatzen duten organo eta foroen bidez». Zehazki, EiTBren kasuan hedabide honi jarraipena eta kontrola egiteko hiru foro daudela baieztatu du: Administrazio Kontseilua, Gasteizko Legebiltzarreko kontrol batzordea eta kontratuaren jarraipenaren batzordea.

Gaineratu duenez, Komunikabideen Zerbitzu Sozialak irrati eta telebistako lizentzien izapide eta esleipenak kudeatzen ditu, baita zigor prozedurak eta bestelako kontuak ere.

Lakuak azpimarratu du Begira Batzordea arduratzen dela aholkularitzaz eta kontrolaz, komunikazioa eta publizitatea sexistak izan ez daitezen. «Integrazio eta Parte-hartze Sozialerako Foroak eta Zurrumurruen Aurkako Sareak (ZAS), berriz, hedabideetan arrazismoari eta xenofobiari aurre hartu eta ezabatzeko lan egiten dute».

Hortaz, EH Bilduren proposamena ez da aurrera aterako, Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdiak gehiengoa baitira Parlamentuan.

EH Bilduren erantzuna

Koalizio subiranistak nabarmendu duenez, proposatutako organo hori «behar-beharrezkoa da komunikazioaren askatasuna, informazioaren aniztasuna eta neutraltasuna eta baliabide publikoen independentzia bermatzeko». Horregatik, «beste behin ere, Lakuak «epe motzeko begirada» duela eta «herri honen behar eta erronka estrategikoei heldu ezinean» dabilela kritikatu du.

Jasone Agirre Garitaonandia legebiltzarkidearen iritziz, «erabaki horrekin Urkulluren Gobernuak anomalia batean jarraitu nahi du, Europako testuinguruan anomaloa baita ikus-entzunezkoen kontseiluen beharra ukatzea». Katalunia jarri du adibidetzat eta bertako ikus-entzunezkoen kontseilua erreferente bilakatu dela erran du.

Agertu duenez, Euskal Herria bezalako Estaturik gabeko nazioetan are handiagoa da organoen beharra, «kultura, hizkuntza eta ezaugarri komunikatibo propioak edukitzetik eratortzen diren berezko arazo eta beharrei, Estatu mailako eremuetan aintzat hartzen ez dituztenei, alegia, egoki erantzutea ahalbidetzen dutelako».

Horren haritik, ohartarazi du komunikazio mundua aldaketa garai batean dagoela eta horrek are premiazkoagoa egiten duela ikus-entzunezkoen kontseilua eratzea. «Jaurlaritzak, ordea, zaharkiturik dauden parametroetan bilatzen du erosotasuna, komunikazio munduaren errealitate berriek planteatzen dizkiguten erronkei heltzera ausartu gabe».