Maider Iantzi Goienetxe

Pantailak euskaraz izateko legea eta egitura behar dira

Jendeak nahi duena nahi duenean ikusi nahi du eta prest dago horretarako ordaintzeko. Hamar euskaldunetatik seik edaten dugu plataforma digitalen iturritik. Baina ez dugu aisialdi hori euskaraz gozatzerik. Pantailak Euskaraz ekimena jaiotzear da, hori lortzeko.

Pantailetan euskara presente egotearen garrantziaz ohartarazi zuten Durangoko agerraldian hainbat eragilek, joan den apirilaren 17an. Tartean izan ziren Disney+ Euskaraz eta ekitaldia antolatu zuen Netflix Euskaraz. (Endika PORTILLO/FOKU)
Pantailetan euskara presente egotearen garrantziaz ohartarazi zuten Durangoko agerraldian hainbat eragilek, joan den apirilaren 17an. Tartean izan ziren Disney+ Euskaraz eta ekitaldia antolatu zuen Netflix Euskaraz. (Endika PORTILLO/FOKU)

Disney + Euskaraz proiektua Donostiako guraso eta euskaltzale batzuen artean sortu zen. Joan den azaroan izan zen, haur eta gazteentzako edukiak egiten dituzten nazioarteko ekoiztetxe nagusiak biltzen dituen plataforma katalanez jarriko zutela albiste zen garaian, eta Euskaraldiaren hasieran. Parkeko elkarrizketa batean sinadura bilketa bat abiatzea pentsatu zuten eta Gabonetarako 5.000 atxikimenduren langa gainditu zuten. «Orduan konturatu ginen gure kezka Euskal Herri osoan zabalduta zegoela», agertu du Alex Aginagalde ekimenaren talde motorreko kideak.

Avaaz plataforman dago sinatzeko aukera. Bertako testuan azaltzen duten bezala, alde batetik Disney+ plataformari euskaldunak ez diskriminatzeko eskatzen diote, gure haurrek eskubidea dutelako zerbitzuko edukiak euskaraz jasotzeko. Bestetik, euskal erakundeei exijitzen diete mundu mailan gehien ikusten diren ikus-entzunezko horiek euskaraz ere eskainiko direla bermatzea. «Ez soilik Disney+ plataforman, zinemetan ere ziurtatu behar dute ekoizpen handiak euskaraz ematea».

Eguberri inguru horretan gutuna bidali zieten EAEko eta Nafarroako talde parlamentariei, Euskal Hirigune Elkargoari, europarlamentari euskaldunei, espainiar Kongresuko diputatu euskaldunei, Arartekoari eta euskalgintzako eragile nagusiei. Hala, Gasteizko Legebiltzarreko kultura batzordean egitasmoa aurkezteko gonbidapena iritsi zitzaien. «Baietz esan genien, eta bertan izan ginen. Agerraldiak oihartzun handia izan zuen eta plataformen inguruko kezka agenda politikoetara eta jendartera eramatea lortu genuen». Horri jarraituz, mugimendu berriak sortu ziren. Otsailaren erdialdean Netflix Euskaraz ekimena jaio eta sekulako abiada hartu zuen.

3.000 Twitz ere martxan da. Disney+ Euskaraz sortu zen garai bertsuan ekin zioten atxikimenduak jasotzeari eta sare sozial horrek euskara hizkuntza gisa onartzeko eskatu dute dagoeneko 4.000 lagunek. Komunitateari zuzenekoak eskaintzeko baliagarria den plataforma bat da Twitz. Bideo jokoengatik egin zen ezagun, baina denetariko jarduerak egiten dituzte eta gero eta gehiago ari dira euskaraz twitzlariak.

Durangoko agerraldia, mugarri

Berriki, Durangon egindako agerraldi batean bildu ziren hiru ekimenon ordezkariak, eta euskalgintzaren, ikus-entzunezko sektorearen zein euskal komunikabideen babesa izan zuten. Netflix Euskaraz ekimenak antolatu zuen ekitaldia eta lehenbizi, proiektua aurkeztu eta jarritako lehen helburua bete dutela adierazi zuten; apirilaren 15erako 10.000 sinadura jasotzea, alegia. «Gurekin bat egin duten sinatzaileei eskerrak eman nahi izan genizkien, eta haien sinadurarekin arduratsuak izango garela esan. Sinadura-bilketak jarraituko duela esan genuen, eta beste helburu bat jarri genuen: abenduaren 3rako, baietz 20.000 sinadura jaso», azaldu diote GARAri egitasmoko lagunek.

Zerbait egiteko beharra badago, datuak ez baitira batere onak: «Hiru-lau ordu ematen dugu aisialdian pantailen aurrean, horietako bi ordainpeko plataformetan. Hamar euskaldunetik seik edaten dugu iturri horretatik. Gazteek gero eta gehiago jotzen dute plataforma hauetara, eta betiko telebista albo batera uzten ari dira. Gainera, itxialdiak joera hori handitu du. Horrek gugan eragina izan behar du, nahitaez; gure mundu ikuskeran, baita hizkuntza ohituretan ere. Eta zein da hor gure hizkuntzak, euskarak, duen tokia? Hutsaren hurrengoa».

Disney+ plataforman ez dago deus ere euskaraz. Eta Netflixen, 3.500 film eta telesaileko eskaintza zabalean, lau film baino ez, eta telesail bakar bat ere ez. Ditugun lau film horien jatorrizko bertsioa euskaraz da, horregatik daude euskaraz; bestela, ez dago ez bikoiztutako ez azpidatzitako lanik. Euskaldunen eskubideak zapalduak daude, eta tokian tokiko komunitateekin ere betebeharrak dituela gogorarazi nahi diote gure artean hain erabilia den plataforma honi. «Euskaldunon beharrizanak asetzeko eskatzen diogu, edukiak euskaraz emanez».

Erantsi dutenez, «alderdi eta erakundeei dagokie gure eskubideen alde egitea. Egoera larriei tresna egokiekin egin behar zaie aurre, eta beharrezko bi tresnatan egin beharko lukete lan: legea eta egitura. Eskumena duten esparruetan ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arau dezatela eskatzen diegu. Bestetik, Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua eratzea».

Kataluniari begiratzen diote

Eredu egokiak aurkitzeko ez dute urrun joan beharrik; hor dago Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseilua. Netflix Euskaraz ekimenekoek zehaztu dutenez, Euskal Herrirako planteatzen duten kontseiluak arloaren egoerari buruzko txostenak egingo lituzke, bitartekaritza lanak ere bai, eta bere eskuduntzen markoan dauden ikus-entzunezkoen arloko legeak betetzen direla bermatuko luke; haur eta nerabeak babesten dituztenak, publizitatearen gainekoak, eta hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituen presentzia bermatzea eta zaintzea xede dutenak, besteak beste. Hala egiten du Kataluniako Kontseiluak katalanarekin eta aranerarekin.

Disney+ Euskaraz ekimenekoek ere eredutzat dute Katalunia hizkuntza gaietan, «oso herri kontzientziatua delako». «Erabaki estrategikoa hartu eta Filmin.cat sortu zuten. Bertan 5.000 film eta telesaileko katalogoa dute, dena katalanez. Katalanez ekoitzitako guztia gehi bikoiztutako guztia».

Lege Orokorrean eragiteko aukera

Madrilen, bitartean, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra tramitatzen ari dira. Maiatzean eztabaidatzekoak dira kongresuan eta euskal alderdiei bertan eragiteko eskatu diete. «Legea egoerari aurre egiteko tresna nagusietakoa dela esan dugu, eta lege hau da guztietan garrantzitsuena –azpimarratu dute Netflix Euskaraz ekimenekoek–. Jendeak Madrilen jokoan zer dugun jakin behar du. Legeak hizkuntza-aniztasuna jaso behar du, eta, streaming plataformei dagokienez, Estatuko hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehaztu eta bermatu behar lituzke».

Herritarrak ez daude geldirik. Eta Durangon elkartu ziren eragileek Pantailak Euskaraz plataforma integralagoa sortzeko asmoa dute aurki, ikus-entzunezkoen arlo osoari arreta jarriko diona. Diagnosi bat egin, helburu egingarri batzuk zehaztu eta epe motzean lanean hasiko dira.

«Frozen»-eko Elsak ere euskaraz egitea funtsezkoa da ume euskaldunentzat

Alex Aginagalde Disney+ Euskaraz ekimeneko guraso eta euskaltzaleak azpimarratu nahiko luke, ‘Antidisney’ jarrera euskaldunon artean nahiko hedatua dagoenez, ez dutela eskatzen ‘Disneyko klasikoak’ euskaratzea, «batere balio hezitzaileak ez dituztenak». Beren xedea da haur eta gazteentzako edukiak eskaintzen dituen streaming plataforma nagusiak eta bakarrak, hau da, Disney+ zerbitzuak (Disney, Pixar, Marvel, Starwars... hainbat ekoiztetxeren eduki guztiak biltzen dituena) plataformako eduki berri guztiak euskaraz ere eskaintzea.

«Gustatu ala ez, Euskal Herria ez dago mundutik isolatuta, eta ‘Marvel’-eko superheroiak, ‘Star Wars’, ‘Ice Age’, ‘Nemo’ eta ‘Frozen’-eko Elsa haurren aisialdian sartzen dira multinazional hauek egiten dituzten marketin eta komunikazio kanpaina erraldoien bitartez. Guraso euskaldunok Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta ETB3 jartzen tematu arren, gure haurrek hauek ere ikusi nahi dituzte eta ikusten dituzte; beraz, beharrezkoa da hauek ere euskaraz izatea gure haurrek euskaraz bizitzea nahi badugu», nabarmendu du Aginagaldek.

Oroitu duenez, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ikus-entzunezko eskaintza mugatua zen eta euskarazko marrazkiek, ETB1en bidez, eskaintza osoaren zati esanguratsua hartzen zuten: «‘Arturo Erregea’, ‘Heidi’, ‘Dragoi Bola’, ‘Doraemon’... erreferente ziren haurrentzat». Gaur egungo ikus-entzunezkoen aukera andanan, ordea, «euskara erabat diluitu da, ia-ia desagertzeraino».

Horren larritasunaz ohartarazi du euskaltzaleak, garrantzitsua delako aisialdia haurren hizkuntza ohiturak eraikitzeko eta txikitako esperientziak helduaroko ohiturekin lotuta daudelako. Kanpaina hau behar zabalago baten adierazle da, beraz. Euskarazko etorkizun bati erantzuteko erronkan kokatzen da: zinemetan, bikoizketaren industrian, aisialdiko eremu guztietan.