NAIZ

Ikus-entzunezkoen Legean gutxiengoak babesteko proposamena egin du EH Bilduk

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarra Gobernu espainolaren lege proiektuaren aurka ager dadin, «hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurkakoa» delako.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidearen prentsaurrekoa ikus-entzunezkoen kontseilua eratzeko lege proposamena aurkeztuz, joan den maiatzean Gasteizen. (Raul BOGAJO / FOKU)
Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidearen prentsaurrekoa ikus-entzunezkoen kontseilua eratzeko lege proposamena aurkeztuz, joan den maiatzean Gasteizen. (Raul BOGAJO / FOKU)

Gobernu espainola lantzen ari den Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Legea Estatuko «hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurkakoa» delakoan, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrak Pedro Sanchez buru duen Gobernuaren egitasmoa salatu eta berau aldatzeko eska dezan, gutxiengo nazional eta linguistikoen babesa, bai eta hizkuntza eta kultura aniztasuna ere, bermatzeko.

Halaber, proposamenak Lakuari eskatzen dio 2022ko aurrekontuetan diru gehiago bideratu dezala euskarazko ikus-entzunezko proiektuak sortu, garatu eta ekoiztera.

Astelehen honetan jakin da euskara, katalana eta galegoa Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Estatuko Legetik baztertu dituztela. Proiektuak ez du hiru hizkuntzon aldeko eskaera bakar bat ere aintzat hartu.

«Hizkuntzaren biziraupena bera dago jokoan»

Jasone Agirre legebiltzarkideak adierazi duenez, «teknologia berrien garapenarekin kontsumo ohiturak guztiz aldatu dira euskarriei dagokienez eta ikus-entzunezko komunikazioan paradigma aldaketa ematen ari da mundu osoan; gure kasuan, hizkuntza gutxitua dugun herrialdeetan, hizkuntza beraren biziraupena ikus-entzunezkoetan jokatzen da, hori baita gazteen komunikazio eta aisialdirako esparru nagusia».

Paradigma aldaketa horrek, Agirreren arabera, «ikus-entzunezko komunikazioaren inguruko legedia errealitate berri horretara egokitzea» eskatzen du, baina Gobernu espainolak esku artean duen proiektuak «arriskuan jartzen du kultura eta hizkuntza aniztasuna». Izan ere, aniztasuna aipatu arren, ez da kultura edo hizkuntza betebeharrik zehazten, ez da ehuneko zehatzik aurreikusten gaztelania ez den beste hizkuntzetarako eta ez du tarterik uzten, esaterako, autonomia erkidegoek plataformetan esku har dezaten.

Pantailak Euskaraz herri plataformaren eskaerari erantzunez, joan den maiatzean ikus-entzunezkoen kontseilua sortzeko proposamena aurkeztu zuen koalizio subiranistak, baina Lakuak uko egin zion planteamenduari.